“Nuevos desarrollos en la seguridad y defensa europea: ¿hacia una política más integrada en la Unión post-Brexit?” proiektua, Unibertsitateko “Europaren Integrazioa eta Ondare Zuzenbidea” ikertaldeak aurkeztua, aukeratu du Defentsa Ministerioak 2018ko defentsaren kultura sustatzeko deialdian. Zuzenbide Fakultateko taldeko ikertzaile hauek daude proiektu horretan sartuta: Inmaculada Herbosa, Nerea Magallón, David Fernández eta Beatriz Pérez de las Heras, proiektuaren koordinatzaile lanetan.
Proiektuak bi ekintza osagarri jasotzen ditu. Lehenengo, Segurtasun eta defentsako politika bateratuan 2016tik hartzen ari diren bide berriak aztertuko dituen ikerlan bat prestatuko da, aldi berean, gobernuen arteko lankidetzako esparru horretan, europartze handiagoa izan dadin. Aztertutako ekimenak 2016 eta 2018 bitartekoak dira, 2019tik aurrerako proiekzioa izango dutenak, azken urte horretan utziko baitu Europar Batasuna Erresuma Batuak. Potentzia militar garrantzitsua denez, Erresuma Batua irteteak zalantza eta kezka ugari sortarazten ditu EBn, Segurtasun eta defentsa politika bateratuan izango duen eraginari begira, bereziki ahalmen militarra izateari dagokionez. Baina, aldi berean, Erresuma Batua EBn erabakiak hartzeko prozeduretan ez egotea aukera bat da armagintza industriako lankidetzan aurrerapausoak emateko edo lankidetza egituratu eta iraunkorreko mekanismoak aktibatzeko, Segurtasun eta defentsa politika bateratua bultzatzeko eta mundu mailako inguru geopolitikoko erronka berriei erantzuteko lan dinamika gisa.
Egindako ikerketa zabaltzeko eta bertan jorratzen diren gaiak lantzeko, bada bigarren jarduera bat proiektuan: Deustuko Unibertsitatean mintegi zientifiko bat antolatzea 2018ko urriaren hasieran. Ekitaldian Europako erakundeetako adituek hartuko dute parte, baita Defentsa ministroak ere. Hizlarien ekarpenek lagunduko dute, ikuspegi enpirikoago eta instituzionalagotik, ikerketaren emaitzak kontrastatzen eta osatzen, baita defentsaren garrantziaren inguruan eztabaida eta hausnarketa egiten ere, segurtasun globalari dagokion dimentsioa den aldetik.