Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko apirilak 11Bilboko Campusa

Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren 2017ko deialdian onartutako “La anatomía de la justicia constitucional europea” proiektuaren ikertzaile nagusi Luis Gordillori egindako elkarrizketa

Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak ikerketa zientifiko eta tekniko bikaina sustatzeko estatuko programako I + G proiektuen 2017ko deialdian, Deustuko Unibertsitateak aurkeztu zituen proiektuen % 63rentzako laguntzak jaso zituen. Emaitza horiekin, deialdian ikerketa proiektu lehiakor gehien onartu zaizkion bigarren euskal erakundea da Deustu, eta azken urteotako markarik onenean kokatu da.


Unibertsitateko proiektuak Deustuko 10 ikertaldek proposatutakoak dira. Euretatik 3k gorengo kalifikazioa dute (A kategoria) eta gainerakoek, hurrengoa (B kategoria). Proiektu horien artean, A kategorian dago “La anatomía de la justicia constitucional europea”, Botere Publikoaren eta Nazioz Haraindiko Zuzenbidearen Aldaketak taldeak koordinatuta. Jarraian ageri da proiektuko ikertzaile nagusi Luis Gordillori egindako elkarrizketa. Bertan azaltzen du proiektuaren ibilbidea.


Ideia planteatzeko ibilbidea


Badira urte batzuk Ministerioaren deialdietara proiektuak aurkezten hasi ginela. Finantzazioa lortu zuen lehenengoa 2013koa izan zen, Erronken deialdikoa, Europar Batasunaren Konstituzio Ekonomikoari buruzkoa. Proiektuak arrakasta handia izan zuen eta emaitzak nahiko onak izan ziren: Zenbait monografia, eragin handiko artikuluak argitaratu ziren, jardunaldietan parte hartu genuen, eta Jean Monnet ekintza bat ere lotu genuen Europar Batasunaren Konstituzio Ekonomikoaz, eta nahiko eragin handia izan zuen. Izan ere, Europar Batasunaren feedbacka oso positiboa izan zen, ebaluazio oso positiboa.


Horrez gain, proiektu horri eta "El análisis de la Constitución Económica Europea" lanari esker, 2015. urteko deialdiko Unibertsitateko Ikerketako Santander Saria eman ziguten.


Ildo horiei jarraipena emanez, beste aukera interesgarri bat ere sortu zen, Justizia Konstituzionalaren alderik garbienarekin zerikusia duena, printzipioekin lotua, nolabait esateko. Espainiar Konstituzio Auzitegia ez ezik, Estrasburgoko Europar Batasuneko Justizia Auzitegia ere aztertzeko lana zen. Halako auzitegiek arauak interpretatzen dituzte, azken zentzu bat emanez. Zentzu hori, batzuetan zentzu literaletik bestelakoa izan daiteke edo araudietako hutsuneak bete ditzake.


Gainera, ordenamendu juridikoak gainjarrita eta oso integratuta dauden inguruan bizi garenez (ordenamendu juridiko nazionala, Europar Batasunekoa, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena, Nazioarteko Zuzenbide orokorra, etab.), zenbait gainjartze gertatzen dira, batzuetan gatazka izatera ere iritsi daitezkeenak (Zuzenbidean antinomia esan ohi zaie). Jakina, halako gaietan konstituzio arloko auzitegiek ebatzi behar izaten dute, batez ere herritarra gatazkatik babesteko.


Horrela ba, 2013ko deialdiko lehenengo proiektuaren ondoren, beste ekintza bat aurkeztu genuen Ministerioan, Bikaintasun Sarea, “Red telemática en Justicia Constitucional y Diálogo Judicial” izenekoa, hain zuzen.


Bikaintasun Sareak Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatzen ditu, bikainak izan diren eta oraindik argitaratzen jarraitzen duten ikertaldeak saritzeko (normalean, aurretik Ministerioak berak sarituak izaten dira). “La Constitución Económica Europea” proiektuak Justizia Konstituzionalaren gaia ukitzen du eta 7 unibertsitaterekin partzuergo bat sortzeko aprobetxatu genuen, Deustukoa lider zela: Deustuko Unibertsitatea, Madrilgo Carlos III.a, UNED, Kordobako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Sevillako Unibertsitatea, Valentziakoa eta Málagakoa. Elkartu ginen ikertzaile guztiok iritzi genion espainiar doktrina konstituzionalak berrazterketa bat behar zuela. Horregatik erabaki genuen berariazko ikerketa proiektuen deialdi horretara aurkeztea, bikaintasun sarearekin sortu zen masa kritikoaz baliaturik. Hala, Erronken Deialdian lehiatzea erabaki genuen.


Proiektu koordinatua aurkeztu genuen eta proiektu koordinatu saritua Deustukoa da, baita Málagakoa ere, A kalifikazioa, altuena, jaso duena.


Proiektu berri horren izena “La anatomía de la Justicia Constitucional Europea” da (2018 eta 2020 bitartean egongo da indarrean) eta planteatzen diren auziak ebazteko epaitegi konstituzionalek zer oinarri erabiltzen dituzten aztertu nahi du funtsean.


Gatazkak, nagusiki, 3 motatakoak dira:


-Arauen baliozkotasunaren kontrola
-Lurralde izaerako gatazkak (batez ere estatu mailan)
-Oinarrizko eskubideak (honek europar eta nazioarteko bokazioa du batik bat)


Hortaz, proiektuak lehenengo identifikatu nahi du zeintzuk diren epaitegi horiek erabiltzen dituzten oinarriak eta, ondoren, zein zentzurekin erabiltzen dituzten.


Ateratzen ditugun emaitzak argitalpen zientifiko indexatuen, monografien bidez eta azken jardunaldi batean zabalduko dira. Proiektu honetan, gainera, beste bi gauza egin nahi ditugu:


-Gizartean zabaltzeko jardunaldi bat, udako ikastaroren baten edo zabalkundeko argitalpen baten bidez.
-“Jardunbide egokien” eskuliburuak, Zuzenbidea aplikatzen dutenei (batez ere epaileei) zuzenduta.


Ona litzateke, gainera, finantzazio osagarriko diru-sailen bat bilatzen saiatzea ere.


Proiektuaren arlo sendoak eta ahulak


Azkenean, eskatu genuena baino eskasagoa izan da lortu dugun finantzazioa. Beraz, berrantolatu egin beharko ditugu lantaldeak (finantzazioa Deustuko proiektu koordinatzaileak eta Málagakoak baino ez dute lortu eta).


Gurea oso talde internazionalizatua da, estatuko eta nazioarteko beste proiektu aitzindari batzuekin lotuta dagoena. Horregatik, ahaleginak bildu eta sinergiak bilatuko ditugu antzeko beste ekimen batzuekin.


Gure balio erantsia, funtsean, nazioarteko ikuspegia da.


Tradizioz, Zuzenbide arloko proiektuak ez dira hain diziplina artekoak izaten; baina guk hori birbideratu egin nahi dugu eta gure lanetan beste ikuspegi batzuk txertatu, adibidez, hainbesteko garrantzia duen ikuspegi ekonomikoa.


Etorkizuneko ikuspegia


Ministerioak finantzatzen dituen proiektuak unibertsitateaz gaindiko ikuspegia dutenak izan ohi dira (hau da, beste unibertsitate batzuetako ikertzaileak biltzen dituztenak). Guk geuk, lortu dugu ospe handiko erakundeetako irakasleek eta gure ikertaldeko kideek bat egitea. Batzuetan, halako deialdietan izaten den gabezia bat da aurreko proiektuen betearazpen txostenik ez argitaratzea, eta hori plus bat izatea ebaluatzaileek hurrengo proiekturako kontuan izango dutena.


Une honetan, Bikaintasun Sare bat dugu justizia konstituzionalaren arloan ere, guk geuk koordinatua. Dena den, hori amaitzen denean, aztertuko dugu Ministerioaren Bikaintasun Sareen beste deialdi batera aurkeztea (bai koordinatzaile edo bai taldeko partaide moduan).
Horrez gain, finantzazio osagarria lortzen saiatuko gara Deustuko Unibertsitateko, autonomia erkidego, estatu eta Europa mailako beste deialdi batzuen bidez. Talde eta ikertzaile sarea zabaltzeko lanetan ere ari gara, Aristos Campus Mundus proiektuen deialdiaren bidez, hartara Comillas eta ESADEko kideak ere biltzeko.