Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko martxoak 02Bilboko Campusa

Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko 2017ko deialdian onartutako Prematuritatea nerabezaroan eta heldutasunean proiektuko ikertzaile Leire Zubiaurreri egindako elkarrizketa

Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak ikerketa zientifiko eta tekniko bikaina sustatzeko estatuko programako I + G proiektuen 2017ko deialdian, Deustuko Unibertsitateak aurkeztu zituen proiektuen % 63rako laguntzak jaso zituen. Emaitza horiekin, deialdian ikerketa proiektu lehiakor gehien onartu zaizkion bigarren euskal erakundea da Deustu, eta azken urteotako markarik onenean kokatu da.


Unibertsitateko proiektuak Deustuko 10 ikertaldek proposatutakoak dira. Euretatik 3k gorengo kalifikazioa dute (A kategoria) eta gainerakoek, hurrengoa (B kategoria). Proiektu horien artean, A kategoriakoen artean, “Funciones ejecutivas y prematuridad de bajo riesgo en la adolescencia y adultez temprana” dago, Natalia Ojedak lideratzen duen Nahasmendu Mediko Larrien Neuropsikologia taldearen barrukoa. Ondoren, proiektuaren arduradun Leire Zubiaurreri egindako elkarrizketa dugu.


Elkarrizketa


Leire Zubiaurre Deustuko Unibertsitateko Psikologiako lizentziatua eta Medikuntzako doktorea da Bartzelonako Unibertsitatean. Doktorego tesia prematuritatearen oinarri neuroanatomikoen oinarriei eta funtzio kognitiboetan eta jokabidean duten eraginari buruz egin zuen, neuroirudien bitartez. Eta, hain zuzen ere, gai hori hartu du ardatz 2017ko deialdira aurkeztu duen proposamenak.


- Zorionak, Leire. Lehenengoz aurkeztu zara deialdi honetara?


Deialdi honetara eta, batez ere, gai horrekin, bai. Unibertsitatera heldu nintzenean, beste deialdi batzuetara aurkeztu nintzen beste gai batzuekin, nire tesiaren gai nagusia alde batera utzita; eta hauxe izan da lehenengoz nire tesiaren gai nagusia aurkezteko izan dudan aukera, tesia 2013an defendatu nuenetik.


- Zein da ikerketa horrek jorratzen duen gai nagusia?
Prematuru helduen lagin baten korrelato neuroanatomikoak eta neurofuntzionalak aztertzen ditu, hau da, pertsona prematuruen (12-30 urte) profil kognitiboa ikusten du, memoria, hizkuntza, funtzio exekutiboetako proben errendimendua bezalako aldagai garrantzitsuak ardatz harturik. Horrez gain, heldu prematuruei (26-30 urte) egindako erresonantzia magnetikoko ikerketen bidez aztertzen dugu zelan dauden garuneko egiturak eta funtzioa.


- Halako ikerketetan urritasuna, hutsunea dago?
Bai, batez ere aztergai izan dudan garaian (nerabezaroan eta heldutasun goiztiarrean). Ez dago behar den beste ikerketa heldutasun garaiko prematuruen gaian sakontzen duenik. Nazioarte mailan, badira prematuruen ikerketak jaio aurreko, haurtzaroko eta gutxi gorabehera 18 urtera arteko etapetan; baina oso gutxi dira ondorengo etapetan egin direnak.


- Hortaz, ikerketa horrek garrantzizko oinarriak jartzen ditu eta gai horren inguruan ikertzen jarraitzea sustatzen du.
Gai horretan lehenengo urratsak ematen lagundu dezake, bai. Asmoa da prematuru jaio direnek duten profil kognitiboaren inguruko adierazleak sortzea garapenean eta, bereziki, helduaro goiztiarrean. Izan ere, aro horretan ez zaio populazio horri jarraipenik egiten normalean. Gainera, horren osagarri, etapa horretan garuneko egiturak zelan dauden ezagutu nahi da eta zelan lortzen diren egitura horiek profil kognitiboarekin. Interes handikoa delakoan nago.


- Argi zegoen ikerketaren xedea eta zein metodologia planteatu?
Metodologia argi zegoen, taldean era askotako patologiak eta populazio osasuntsuaren egoera lantzeko ere erabili izan den berdina baita. Populazioak aldatzen dira. Horregatik doitu behar dira aldagaiak, helburuak eta laginak. 3 urtetan ikerketa burutzen ahaleginduko gara.


- Zeintzuk dira, zure ustez, ikerlanaren arlo sendorik garrantzizkoenak eta zailtasunak?
Arlo sendoetariko bat da, lehenengo eta behin, proiektuaren helburua bera. Ikergai hau garrantzi handikoa da, garaia baino lehen jaio diren umeek urritasunak izan baititzakete eskolako errendimenduan. Halakoetan, garaiz laguntza ematen badiegu (esku hartzea), errendimendua hobetu ahal izango diegu. Lehenengo ikerlan hau deskriptiboa baino ez da. Gure azken helburua, neuropsikologo gisa, eskola garaian esku hartzea da, beharrezkoa izanez gero. Adibidez, memoria eta hizkuntza bezalako aldagaiek puntuazio eskasagoak badituzte 25 urte dituztenean, esku hartzeko programak planteatu ahal izango genituzke, zeregin horietako errendimendua indartzeko.
Puntu negatiboen artean, alderdi metodologiko batzuen kostu nabarmena aipatu daiteke, garuneko erresonantziena, esaterako; horregatik, ezinbestekoa da Osakidetzako ikertzaileekiko lankidetza. Lagina klinikoek eurek aukeratzen dute, hautaketa prozesuan laguntzen dute, zaila baita pertsona prematuruak ahoz ahoko metodoaren bidez aurkitzea. Gainera, OSATEKeko erradiologo bat ere badugu, ezinbestekoa, erresonantzia magnetikoaren bidez irudi medikoak eskuratzeko. Lagina apur bat murriztu beharra ere egon da, eskuratutako finantzaziora doitu beharra baitu. Argi dago horrek oztopo bat sortzen duela: zenbat eta diru-laguntza gutxiago, lagina ere txikiagoa da eta, adierazgarritasuna eta proposamenaren bikaintasuna eskasagoa.
Aipatutako erakundeez gain, zaila da esparru horretan interesa izango duen erakunde bat aurkitzea. Nik dakidala, gaur egun ez dago prematuruen elkarterik Euskal Autonomia Erkidegoan.


- Arlo sendoak kontuan izanik, gizarte eraginaz ere hitz egin dezakegu, eskola garaian esku hartzea aipatzen duzunean, ezta?
Gizarte eragina agerikoa da, gaur egun, garaia baino lehen jaio diren umeen epe luzeko arazoak arintzeak dakarren gastua oso altua baita osasun sisteman, hezkuntzan, esku hartze psikologikoan etab. Arazo horiek nabarmen murriztu daitezke, esku hartzeko berariazko programak ume txikiak direla egiten badira.


- Proiektu hau talde lana da ala ikertzaile moduan duzun interesari lotuta dago?
Talde lana da, ikerlan horren ikertzaile nagusia naiz, baina taldea denean laguntzen ari da. Javier Peña, Acebo García, Natalia Ojeda doktoreak aipatuko genituzke, inplikatuta dauden ikertzaile nagusien artean, baina talde osoaren ahalegina da. Gainera, badaude beste erakunde laguntzaile batzuk ere: Osakidetza, Donostiako Ospitale Unibertsitarioa, Gurutzetakoa, OSATEK eta Suediako Karolinska Institute-ko ikertzaile laguntzaile bat. Beraz, diziplina ugariko lantaldea dela esan dezakegu.
Oro har, neurozientziaren esparruan, taldeak diziplina ugarikoak izaten dira eta gero eta pertsona eta baliabide ugariagokoak dira. Bestela, ezinezkoa izango litzateke lehiatzea. Haurren arloa da, taldean, une honetan sortzen ari den ildoa, beste ildo batzuk ere jorratzen diren arren (zahartzaroa populazio osasuntsuan eta neurozientzia orokorretako patologiak).


- Ikerketaren ondoren zabalkunde zientifikoa egiteko asmoa dago?
Bai, jakina, zabalkunde zientifikoa funtsezkoa da. Argitalpenak egingo dira, nahiz eta miaketa-deskribaketako ikerlana izan. Emaitzak estrapolatu egin ahal izango dira mundu osoan Are gehiago: emaitzak Neuropsikologiaren esparruan adierazgarriak izan arren, beste arlo batzuetara estrapolatu ahal izango dira. Ohikoa da gure taldean, nazioarteko eragina duten argitalpen zientifikoez gain, tokiko zabalkundeko ekimenak egitea, lortu diren emaitzak denentzat onuragarri izan daitezen eta eragin klinikoa izan dezaten.


- Zer aholku emango zenieke etorkizunean deialdi honetara aurkeztu nahi dutenei?
Deialdi hori eskuratu izana beste askotara aurkeztu eta ukatu izanaren emaitza da, eta horrek erakusten dizu zelan eta zer aurkeztu behar duzun. Etengabe ahalegindu eta zorrotza izan behar da. Prozesua luzea izan daiteke, arrakastatsu bihurtu arte. Beraz, ekina izan behar da eta frustrazioak gainditzen jakin behar da. Bestalde, proposamen zientifikoak idaztea ariketa zientifiko bikaina da norbere trebetasunak garatzeko. Egitura eta hizkuntza zientifikoa orraztu eta biribildu egiten da, deialdietarako proposamen asko eginez. Hizkera berezia, deialdi bakoitzaren egitura ikasi egiten da. Baina, beste guztiaren gainetik, asko laguntzen du gustuko duzun zerbaitetan lan egiteak eta proiektua aurrera ateratzeko talde ona izateak.


I + G-ko proiektuen 2017ko deialdia: Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren ikerketa zientifikoa eta teknikoa sustatzeko estatuko programa


EHU, Deustu, CIC bioGUNE eta CIC biomaGUNE dira izan dira 2017ko deialdiko Gizartearen Erronketara Bideratutako estatu mailako I + G + b-ko programan eskaera onarturik gehien jaso duten euskal erakundeak, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Planaren barruan. Gainera, 17 euskal erakundek jaso dute proiektu baten onarpena behintzat. Deustuk 10 proiektutarako finantzazioa lortu du. 2016an 3tarako lortu zuen eta 2015ean, 4tarako.


Ikerketa bikaintasuna lortzea da estatu mailako deialdiaren helburua, eta Berrikuntzako eta Zientzia eta Teknologiako Espainiar Estrategian identifikatu diren arazo eta erronkei irtenbideak bilatzera bideratutako jakintza zientifikoa sortzea sustatzen du deialdiak. Finantzatzeko proposatu diren proiektu guztiak FEDER Eskualde Garapenerako Europar Funtsak ere batera finantzatzen ditu.


Laguntza jaso duten taldeak hauek dira:


- Aisia eta Giza Garapena
- Erakundeen Berrikuntza eta Zuzendaritza
- Europaren Integrazioa eta Ondare Zuzenbidea testuinguru globalean
- Botere Publikoaren eta Nazioz Haraindiko Zuzenbidearen Aldaketak
- Gizarte eta kultur erronkak eta giza eskubideak aldatzen ari den munduan
- eDucaR
- Labpsico
- Nahasmendu Mediko Larrien Neuropsikologia
- Deustotech


Fakultateka antolatzen baditugu, 3 proiektu dira Psikologia eta Hezkuntza Fakultatekoak; 3, Zuzenbidekoak; 1 Deusto Business Schoolekoa; 1, Gizarte eta Giza Zientzietakoa; eta 2 dira DeustoTech-Deusto Fundaziokoak.
Gaur egun, Deustuko Unibertsitateak 20 ikerketa proiektu ditu aktibo deialdi honetan. Kopuru esanguratsua da, deialdiaren maila eta lehiakortasuna kontuan hartuta.