Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko ekainak 05Bilboko Campusa

Defentsa Ministerioaren sari bat jaso du Ekialde Hurbileko eta Afrikako segurtasunari eta garapenari buruzko proiektu batek

"Seguridad y desarrollo en la región de Medio Oriente y el Norte de África (MENA): una visión integral en un área estratégica” ("Segurtasuna eta garapena Ekialde Hurbilean eta Afrika Iparraldean: ikuspegi integrala inguru estrategiko batean”) proiektuak, Iñigo Arbiolek koordinatuak, defentsaren kultura sustatzeko ministerioen deialdiko saria jaso du. Proiektu horren ezarpenean Sergio Caballero eta Asier Aranbarri ikertzaileak ere ari dira.


Deustuko Unibertsitateko proiektuak, aditu eta akademikoen ikuspegiaren bidez, segurtasunaren dimentsioetan (segurtasun materiala, segurtasun pertsonala, arriskuen azterketa, segurtasun estrategikoa, etab.) sakondu nahi du eta era praktikoan aplikatu nahi ditu Ekialde Hurbilean eta Afrikan, erakunde mailan, enpresa mailan eta maila akademikoan.


Izan ere segurtasun arloan, Ekialde hurbila eta Afrika iparraldea krisian daude. Siria, Libia eta Yemen gerra zibilean murgilduta daude eta zenbatu ezin ahala hildako eta azpiegitura fisiko suntsitu ditu gatazkak. Hamabost milioi pertsonak egin du ihes etxetik, askok arriskuan dauden herrialdeetara edo arazo ekonomikoak dituztenetara: Jordania, Libano, Djibuti eta Tunisiara, besteak beste. Horrek Bigarren Mundu Gerraz geroztiko errefuxiatuen krisirik handiena. Gaur egun, Yemenen dagoen aztoramenak hainbat urteko atzerakuntza eragin du herrialdearen garapenean. Munduko Bankuak eskaini dituen zenbakiek erakusten dute blokeoek eta indarkeria ziklo errepikatuek eragin dutela Gazako langabezia tasa munduko altuena izatea eta barne produktu gordina ahal duenaren % 40ra soilik iristea. Petrolio esportatzaile nahiko egonkorrak (Aljeria, Iran eta Golkoko Lankidetza Kontseilua) petrolioaren prezioari eta gazteen langabezia kronikoari eta ekonomia ez dibertsifikatuari aurre egin nahian ari dira.


Garapenari dagokionez, eskura dauden datuek egiaztatzen dute sektore pribatuaren hazkundea, enplegu sortzaile izan denarena, apaldu egin dela, eta horrek zaildu egiten duela langabetu kopuru handiak bertan laneratzea. Lan merkatuaren azken datuek erakusten dute langabezia tasa nabarmen mantendu dela altu Egipton, Iranen, Iraken, Jordanian, Marokon eta Tunisian 2016an. Espero da hurrengo bi urteetan eskualdean % 3,2 eta 3,6 bitarteko hazkundea izatea, eskualdeko gobernuak sendotzen ari baitira zerga egoera, erreformei ekinez eta ekonomiak dibertsifikatuz, petrolioaren ekoizpenetik haratago. Espainiar enpresentzat inbertsiorako eta presentzia sendotzeko aukera bat da, tokiko garapen ahalmenean eragin positiboa izango bailuke, baita eskualdeko herrialdeen segurtasunean ere.


Ildo horretatik, Europar Batasunak lideratutako herrialdeek, Espainiak besteak beste, berrindartu egin dituzte defentsa estrategia eta kanpo harremanak eskualde hartan, eta ahaleginak biderkatu dituzte taldean eskualdeko joera konplexuari buelta eman nahian. Faktore horiek guztiak aztertzea da ministerioaren saria jaso duen proiektuaren helburua. Hiru fase izango ditu proiektuak.


Lehenengo fase batean eta ikuspegi instituzionaletik, helburua izango da Espainiarako eta Europar Batasunerako arriskuen norainokoa neurtzea Ekialde Hurbileko eta Afrika Iparraldeko egungo panorama konplexuan. Horretarako, espainiar erakunde publikoek egindakoak eta jarritako bitartekoak aztertuko dira.


Bigarrenik, enpresa ikuspegitik, segurtasuna eta garapena funtsezkoa den nazioarteratze prozesuetan, eskualdeko merkatuetan enpresek dituzten aukerak eta zailtasunak zehaztuko dira. Horrez gain, aztertuko da tokiko garapena errazteko eta interes taldeekin eraginkortasunez elkarreraginean aritzeko gaitasuna, balio sinbiotikoko inbertsioak sortzeko.


Azkenik, ikuspegi akademikotik, segurtasun nazionalaren ulerkera klasikora itzultzeari lotutako eztabaidan sakontzen jarraituko da. Kanpo harremanetako oinarrizko kontzeptuak jorratuko dira, esaterako "sekuritizazioa"; eta hobetzeko ekimenak identifikatuko dira hausnarketa zientifikotik, eskualde konplexu horren segurtasuna eta garapena antolatzeko.