Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2015eko irailak 14Donostiako Campusa

Deustuko Unibertsitateko Errektoreak nazioarteko titulazioen plan gidaria eta bizitzan zeharreko prestakuntzarako plana iragarri ditu, baita estrategia digital integral baten ezarpena ere

 

Deustuko Unibertsitateak gaur, irailak 14, eman dio hasiera 2015-2016 ikasturteari. Donostian izan da ekitaldia, bertako campusean eskolak ematen hasi zireneko 50. urteurrena baita. ESTEko enpresa ikasketak lehentxeago hasi ziren, 1956an, Brunet Enean (Ategorrieta) eta ekimen hori Gipuzkoako unibertsitate aitzindari bihurtu zen.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru izan duen ekitaldi akademikoan, José María Guibert errektoreak fides deritzonari buruz hausnartu du, hori baita jesulagunen unibertsitatearen izateko arrazoiaren lau oinarrietako bat. Beste zutabeak utilitas, justitia eta humanitas dira. 

Errektorearen hitzetan, fedea gai garrantzitsua da erakunde erlijioso baten jokabidean eta arlo kultural edo publikoarekin lotutako beste erakunde batzuenetan ere bai, dimentsio publikoa baitute. 

Donostia Europako Kultur Hiriburu izango da 2016an eta Deustuko Unibertsitateak, hiriko unibertsitate zaharrena izanik, bere ikuspegiaren ekarpena egin nahi du, batez ere bere ereduarena, kultur aberastasun eta aniztasun handia baitu, erlijioa forma desberdinetan agertzen delarik. Izan ere, Deusturentzat, fedearen gaia egoki planteatzea zentroak eskaintzen duen zerbitzu publikoaren parte garrantzitsua da, elizako erakunde den aldetik, aniztasunaren eta sekularizazioaren testuinguruan kokaturik.

Aniztasunari dagokionez, Unibertsitateak enpatiaz errespetatu eta onartzen du, askatasunaren balio garrantzitsu baten adierazletzat baitu. Horren adibide dira Deustuko campus bietan dauden meditazio ez-kristaua egiteko gelak eta otoitz musulmanerako gelak. Sekularizazioari dagokionez, Deusturen kasuan, aitortzen da zenbait ikaslek, irakaslek eta zerbitzuetako pertsonak unibertsitateko misioaren elementu batzuen alde lan egiten dutela, nahiz eta elementu horiek ez direla fedetik sortzen uste duten.

Errektoreak uste du garrantzitsua dela arrazionala denaren eta zentzuzkoaren artean bereiztea. Haren ustez, erlijio aukera zentzuzkoa izan liteke, baina ez arrazionala. Testuinguru horretan, gaur egun fedeak duen erronka bat da “zentzuzko izaera” lantzea: hHain zuzen ere, unibertsitatean, batzuekin eta besteekin, fededunekin eta agnostikoekin hori lantzea, elkarrengandik ikasteko; fedea gure testuinguru kulturalean nola azaldu behar den jakitea. "Kristauon eginkizuna da elkar ulertzea, bidegabekeria nagusi den eta etsipena itxaropena baino handiagoa den munduan”. 

Beste erronka bat aipatu du, irakaskuntzan, ikerketan eta gizarte proiekzioan eragina duena: benetako garrantzia duten gaiak lantzea. José María Guibertek dioenez, Unibertsitateak esperientziak eta planteamenduak bultzatu behar ditu aniztasunetik, gauzen esanahiaz hausnartzeko, eta aurrera egin behar du gizaterian eragina duten galdera eta arazoei erantzuna emateko, proposamen berrien bidez. “Testuinguru horretan kulturen arteko eta erlijioen arteko elkarrizketa sustatu behar dugu konpromisoa eta erantzukizun soziala abiapuntu harturik.“ Baina oraindik ikasten ari gara unibertsitate misioa nola bete testuinguru sekularizatzailean.

Deustuko Unibertsitatea izango da, seguruenik, erakunde juridiko independente gisa, Euskadiko erakunde erlijiosorik handiena. Hori dela eta, errektoreak uste du inspirazio, humanismo eta arrazoi iturri izan daitekeela. Horretarako, frogatu egin behar da, ekintza eta argudioen bidez, fides aukerak gizakiak eta gizartea humanizatu egiten dituela eta berri ona dela guztiontzat.


Proiektu berriak: 2018ko plan estrategikoa

Datozen urteetan Deustuk burutu nahi dituen zenbait proiektu zehazten jarraitu du Guibert errektoreak, oraintsu onartutako 2018ko plan estrategikoaren ildotik.

Eginkizun horietako bat da ikasleak prestakuntza proiektuan duen rola indartzea. Horretarako, bere prestakuntzaren eragile modura duen erantzukizuna eta parte hartzea sustatuko da, baita komunitatean eta gizartean duen inplikazioa ere.

Horretaz gain, adierazi du hausnarketa estrategikoa egiten ari direla graduko eta graduondoko eskaintza akademikoa tokian tokiko gizartearen eta gizarte globalaren beharrei erantzuteko modukoa izan dadin. "Horrek eskatuko digu nazioarteko titulazioen plan gidari bat eratzea, bizitzan zeharreko prestakuntzarako plan gidaria prestatzea eta estrategia digital integrala ezartzea” adierazi du. Bide horretan, Deustuk enpresa, erakunde eta gizarteko entitateekin dituen itunak sendotuko ditu.

Ikerketan hasi da gehien Deustu azken urteotan eta arlo horretan dituen helburuak hauek dira: ikerketako arlo estrategikoetan, bikaintasunezko ikerketa sustatzea; nazioarteratzeko plana eta transferentzia plan gidaria diseinatzea; eta Doktorego Eskolako doktorego programetan bikaintasuna sustatzea. Elementu berritzaile modura, José María Guibertek iragarri du diziplina arteko ikerketarako plataformak sortuko direla. “Kontua ez da ezagutza-arlo desberdinetan besterik gabe aurrera egitea, diziplina desberdinetatik gizarteko erronkei erantzuteko aurrera egitea baizik”. Zeregin horretarako, gizarteko bost erronka hartu ditugu: zahartze aktibo eta osasuntsua; genero berdintasuna; hiri eta industria kultural eta sortzaileak; justizia, inklusioa eta gizarte kohesioa; eta herritarren parte hartzea. Bost erronka horietako bakoitzerako diziplina arteko plataforma bat sortuko dugu”, adierazi du.

Hiri eta industria kultural eta sortzaileei dagokienez, errektoreak poza erakutsi du Tabakalera martxan jarri delako. Kultura faktoria berritzailea da eta Deustu prest dago bere know-howaren ekarpena egiteko eta, horrela, Urumea sormen, berrikuntza eta ezagutzaren ardatz berri bihurtzeko.

Deustuk, halaber, arreta jarri du unibertsitateak, lotune gisa, duen zereginean, bertako gizartearen eta haren aldaketaren zerbitzuan. Arlo horretan, zentro akademikoak elkarlanean aritu nahi du erakunde, gizarte eta enpresetako eragileekin, enplegagarritasuna, ekintzailetza, berrikuntza eta gizarte aldaketara bideraturik dauden programak sustatzeko. Horrekin lotuta, Unibertsitatearen Gizarte Erantzukizunean bost plan gidari diseinatzeko asmoa du: osasun plana, berdintasun plana, iraunkortasun plana, elkartasun plana eta inklusio plana. Deustuko errektorearen iritziz, proiektu horien bitartez, “Euskal Unibertsitate Sisteman parte hartzen dugu eta gure unibertsitatea eta sistema osoa hobetzen ekarpena egiten jarraitzeko helburua betetzen dugu”.
 

Hitzaldi osoa ikusi


Hasiera-hitzaldia: IKTek nola lagundu dezaketen populazioa hiritartzeak eta zahartzeak sortzen dituzten erronkei irtenbidea ematen.

Ikasturte akademikoaren hasiera-hitzaldia Diego Lopez de Ipiña Ingeniaritza Fakultateko irakasleak eman du: Las tecnologías de la información y la comunicación como eje de la solución a los retos sociales de la urbanización y el envejecimiento de la población. Populazioaren etengabeko urbanizazio prozesua eta zahartzea dira, ikertzaileak dioenez, aurre egin beharreko bi erronka nagusi. Euskadi da fenomeno horien adierazgarri argia. Haren iritziz, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek (IKT) erronka bi horiekin lotutako arazoak konpontzen eginkizun garrantzitsua dute. 

Hasiera-hitzaldian adierazi du IKTak populazioaren sektore guztietan pixkanaka demokratizatzeak zer aukera eta onura dakarren, bizi garen hiriak atseginago, iraunkorrago eta produktiboagoak izan daitezen guztiontzat. Bestalde, IKTak gizarteko erronka horietara egokitu beharrak sortzen dituen arazo eta arriskuak ere aztertu ditu. Adibidez, aztertu da, alde batetik, zer puntutaraino den beharrezkoa informazio pertsonala jasotzea, hirietan laguntza zerbitzuak eskaintzeko eta erabakiak hartzea errazteko; eta, bestetik, informazio pertsona hori kudeatzeak zer-nolako mehatxuak eragin ditzakeen pribatutasunean.
 

Hasiera-hitzaldi osoa ikusi