Nazioarteko erakundeek eta aditu ospetsuek behin eta berriz azpimarratzen dute mundu azeleratu, berehalako, globalizatu eta jarraituan protagonista izatea lortu duten hiriak direla oraina eta geroa dutenak. Alegia, talentua, jakintza, garapena eta berrikuntza biltzeko gune bihurtu diren hiriak eta sortutako ongiegotea eta ongizatea herritarren artean banatzen jakin dutenak. Azken batean, raldaketarako palankak modu harmoniko eta integralean garatu dituztenak eta, hartara, HIRI —letra larriz— bihurtu direnak.
Lehenik, LEHIAKORTASUNA lortu dute. Dibertsifikazioa, espezializazioa eta bikaintasuna ikur bereizgarri bihurtu dituzte egungo mundu-ekonomian. Hiriaren berrindustrializazioaren aldeko apustua egin dute: industrializazio inteligentea, zerbitzu aurreratuekin osatua eta industria sortzaileekin erlazionatua. Berrikuntza eta ekintzailetzako ekosistemak sustatu dituzte, enpresen sorrera, produktibitatea eta iraunkortasuna dakartenak. Nazioartera eta unibertsalizaziora ireki dituzte produktuak, zerbitzuak eta esperientziak. Euren finantzaketa iturriak aurkitu dituzte, fiskalitateprogresibo, bidezko eta solidariotik abiatuta, eta kanpoko kapitala ekartzeko besteko konfiantza sortu dute. Ondo ulertu dute egiteko modu berrien esanahi sakona, esaterako elkarlaneko ekonomiarena, eta haien ekonomia ereduak behar duen norabide aldaketari ekin diote. Hiri onetsiaren marka eratu dute, ez made in izateagatik, baizik eta made with balioagatik, munduari behatzeko gaitasunagatik eta bertan bizi diren pertsonekin batera sortzeagatik.
Bigarrenik, SORMENA duten hiriak izateagatik ezagutzen ditugu. Industria sortzaileak bultzatu dituzte, aipatutako berrindustrializazio prozesuko sektore estrategiko modura. Baina, era berean, argi ulertu dute nolako balio erantsia duten sormenak, diseinuak, kulturak eta aisiak, produktu, zerbitzu edo esperientziak sortzeko prozesuetan txertatuz gero. Uste osoa dute aisia eta kultura ez direla gastua inbertsioa baino, eta inbertsio horrek herritar sortzaile eta ahaldunak sortzen dituela, gai direnak erronka berriei aurre egiteko erantzun berritzaileen bidez. Eta horretan guztian, hezkuntzak protagonismo handia hartzen du, gaitasunak garatu, jakintza eskuratu eta balio partekatuak finkatzeko, bizitzan zeharreko irakas-ikasprozesu modura indarturik.
Hirugarrenik, TRINKOTASUNA lortu dute. Lurraldearen plangintza eta antolamendurako eredu egokiak sortu dituzte, hiriguneak eta aldiriak modu harmonikoan integratzeko balio dutenak. Kasu batzuetan, espazioen berritze fisikoa eta biziberritze soziala sustatu dituzte. Beste batzuetan, nahikoa izan da hirigintza moldatzea, hots, hiriari akupuntura txiki eta fina egitea, bertan bizi direnekin errespetuzkoa eta heldu berriekin abegitsua. Oro har, elkarlaneko hirigintza egin dute, ohiko erabiltzaileekin eta noizbehinkakoekin solasean. Baina, horregatik ez diote uko egin hiriaren diseinu adimentsuari. Eko-teknologiak esparru guztiak hartu ditu: eraikin adimendunak eta etxebizitza iraunkorrak; garraioaren eta konektagarritasunaren hobekuntza, barrukoa, hiriko auzoen artean, eta kanpokoa, planeta guztiarekin; komunikazio eta sare adimendunen garapena. Horren guztiaren helburua da hiria gizatiartzea, smart cities izenekoetatik socially smarter cities —sozialki adimendunak diren hiriak— izatera eboluzionatzea, lekuen eta joan-etorrien espazioak hiri trinko bilakaturik, Manuel Castells-en hitzetan.
Laugarrenik, zilegitasuna irabazi dute KOHESIOA duten hiriak direlako. Barneratua dute garapen harmoniko eta integrala lortzeko ezinbestekoa dela gizarte kohesioa babestea. Konplizitateen sarea josi dute, hiri begiradak non gurutzatu izateko hiritar guztiek: emakume eta gizonek; ume, gazte, heldu eta nagusiek; bertako, immigrante, bisitari eta turistek; gaitasun desberdin eta anitzeko pertsonek; herritar baztertu eta ikusezinek. Gutxiengo ugariak onartuta eta inplikatuta sortu dituzte hiriak.