Deustun, prestakuntza akademiko sendoaz gain, animatu egiten gaituzte gure ikuspegia zabaldu eta esperientzia eta ezagutza gehiago jaso dezagun atzerrian. Horrela, Ingeniaritza Fakultatearen eta Toulouseko ICAM erakundearen arteko lankidetzari esker, karrera amaierako proiektua Frantziako Ingeniaritza eskolarik ospetsuenetariko batean egin ahal izan nuen.
Ikasketak amaituta, urtebete eman nuen Tokion, Vulcanus in Japan beka batekin. Han hasi nintzen karrerako ezagutzak niri interesatzen zitzaidan arloan aplikatzen: medikuntzan.
Japoniar enpresa batean Alzheimer gaixotasuna hobeto antzemateko softwarea garatzen 8 hilabete eman ondoren, neurozientziako doktorego bat egitea erabaki nuen Cambridgeko Unibertsitatean, eta hemen nago urte batzuk geroago, neuroteknologian.
Agian, iritsi ezineko helmugarik ez dagoela sinestea da hori lortzeko lehenengo pausua. Ez da denbora asko doktoregoa egin nuela, eta atzera begiratzean konturatzen naiz pausoz pauso nahi duzun lekura iritsi zaitezkeela.