Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko irailak 10Bilboko Campusa

Deustuk Garate dohatsuaren apaltasuna baliatu du urteurrenaren ospakizunean

Deustuko Unibertsitateak Frantzisko Garate dohatsuaren festaburu ospatu zuen asteartean, irailaren 10ean. Egun horretan bete zen 40 urte baino gehiagoan Deustuko atezain izan zen anaiaren heriotzaren 90. urteurrena. Anaia Finuras, ikasleek esaten zioten bezala, azpimarratzekoa izan zen bere erruki, pazientzia eta zerbitzatzeko espirituagatik. Egun hori dela eta, Deustuk eukaristia bat antolatu zuen, ikastetxeko Kapera Gotikoan.


Homilian, Francisco José Ruiz Pérezek (SJ) eskerrak eman zizkien gure aurretiko belaunaldiei Anaia Garateren memoria gureganaino heltzea lortu dutelako, historia ahaztu ez delako eta bizirik mantendu delako gure artean. “Gure aurretikoek intuizioa izan zuten Anaia Garatek gure Unibertsitatean gertatzen denaren funtsaren parte izan behar zuela. Edo zer gertatu beharko lukeen, Deustuk bere buruarekin fidel izan nahi badu”, adierazi zuen.


Garateren apaltasun neurrizkoa eta xalotasuna azpimarratu zituen. Anaiaren bizitzan ibilbide oso luzea izan duen xalotasuna. “Halako etengabeko eraldaketa izan zen, azalekoa izan zitekeenaz askatu zuena eta azken mugaraino sinplifikau zuena. Haren jesuitatzako biografian ikusten dugunez, xalotasunerako etengabeko ibilbide hori pertsonengana gero eta gehiago hurbiltzeari loturik ageri da, bereziki Deustuko ikasleei loturik. Garateren xalotasunak bide horretatik joateko deia egiten digu. Senidetasunerako giroa sortzen du. Pertsonen arteko hurbiltasuna sortzen du. Xalotasuna gizakien arteko topagunerik hoberenetako bat dela aldarrikatzen du Garatek: xalotasunez jokatuta da errazena eta naturalena besteari egiaren berri ematea eta besteari haren beharra dugula jakinaraztea. Orduantxe bihurtzen da xalotasuna zerbitzu, ia ohartu eta ageriko ere egin gabe”.


Ruizen esanetan, xalotasuna unibertsitateko bizitzaren konplexutasunean barneratu daitekeela jakiteak beste batzuekin topatzeko modua ematen digu; mezu bikaina da, gero eta ulertzen zailagoa den, isolatu eta bakarti bihurtzen gaituen mundu nahasi eta hatzeman ezin honetan. “Garate bezalako irakasle ez den batek ibiltzeko baimena ematen digu, akademiaren atarian bertan: ez gara sekula konplexutasunean galduko eta ez gara anker bihurtuko, baldin eta xalotasunaren bidezidorra jarraitzen badugu, bidezidor horrek besteekin topatzera bideratuko gaituelako. Bidezidor horrek baino ez digu pertsonekin aurkitzeko eta beren beharrizan sakonenetan zerbitzu emateko modua emango. Garateri jakituria espirituala eskatzen diogu gaur, bere burua sinplifikatzeko bidea eman ziona, hala bereziki gizaki bihurtzeko eta zerbitzatzeko ikuspegirik onena aurkitzeko modua eman ziona. Zein ona gure aurretiko belaunaldiek memoria hori mantendu izana”. Halaxe eman zion amaiera homiliari.


Garate doatsua


Garate dohatsua 1857ko otsailaren 3an jaio zen Azpeitian (Gipuzkoan) eta 1929ko irailaren 9an hil zen Bilbon. 1874ko otsailaren 2an sartu zen nobiziotegian, Poyanne-n (Landak), Frantzian, eta azken botoak 1887ko abuztuaren 15ean egin zituen La Guardian (Pontevedran), Espainian. San Inazioren herrikidea zen: Garateren jaiotetxea Loiolatarren oinetxetik 105 metrotara dago. Jaioterriko eskolan ikasi zituen lehenengo letrak. Hamalau urte zituela, morroi lan egin zuen Urduñako Nuestra Señora de la Antigua ikastetxean (Bizkaian). Han, jesulagunekin harremanetan hasi eta umotu zitzaion bokazioa; 1873ko Gabonak etxean eman ondoren, hurrengo urtearen hasieran nobiziotegira joan zen, Poyanne-ra, atzerrira. 1868ko iraultzaren ondorioz. Euskal Herria hirugarren gerra karlistan murgildurik zegoen orduan, eta Garatek eta beste bi kidek Jesusen Lagundian sartu nahi zutenez, oinez egin zuten bidea Nobiziatuaren amaierarako Espainia baketu berria zegoen eta jesulagunek euren jarduerari ekin zioten pixkanaka-pixkanaka. Garate La Guardiako ikastetxera bidali zuten erizain.


Poyanne-tik irten aurretxoan, haren anaia Ignazio sartu zen nobiziotegian (1877) eta, beranduxeago, hirugarren anaia, Andres, sartu zen (1883). La Guardiako ikasleek luzaroan gogoratu zuten gaixoekiko Garatek erakutsi zuen pazientzia, eginahala eta karitatea, 1877tik 1888ra eman zituen urteetan. Fraileburuek, pixkanaka akitzen zegoela ikusirik, Bilbora bidali zuten, Deustuko Unibertsitateko atezain, eta bertan egon zen berrogeita bat urtez (1888-1929), hil arte.


Haren lana atezain soilarena baino harantzagokoa zen. Izatez, harreragilea, harreman publikoetako arduraduna zen, oraindik ere eraikitzen ari ziren etxe batean. Kontuan izan behar da telefonoa 1916ra arte ez zela instalatu. Urte horietan guztietan jesulagun ugari pasatu ziren Deustutik, zientzietan azpimarratzeko modukoak; baina ikasleek gehien gogoratzen zutena anaia umil hura zen, goizero klasera heltzen zirenean agur egiten ziena; are gehiago, animatu egiten zituena, aholkuak ematen zizkiena eta une larrietan kontsolatzen zituena. Batzuetan, klaseko apunteak kopiatzen ere laguntzen zien. Txiro askori ere laguntzen zien jana eta jantzia emanez.


Deustun atezain eman zuen aldian ez zen Garateren bizitzan gertakari aipagarririk gertatu. Zerbitzu eta otoitzeko urte bihurtu zituen hark, san Alonso Rodríguez zaindariaren bideari jarraituz. Oso gaixo jarri zen 1929ko irailaren 8an eta biharamunean hil zen.


Santutasun ospea ikaragarria izan zen; 1950ean eman zitzaion hasiera kausari eta Joan Paulo II.ak dohatsu izendatu zuen 1985eko urriaren 6an. Garateren gorpua bere kaperatxoan dago, Deustuko Unibertsitatean, eta oraindik bera zegoen garaian bezalaxe gordetzen da, tresna eta ohe berberekin, gela izan zuen tokian, atezaindegian, soiltasun eta pobrezia miragarriz.
 

 

10/09/2019 - Deusto celebra la festividad del Beato Garate