- Jendaurrean egoteko epea amaitu ondoren, eta txostenak aldekoak direla egiaztatu ondoren, Programako Ikasketa Batzordeak epaimahaiaren proposamen arrazoitua egingo du, DIRSen Zuzendaritzari aurkeztuko dion doktoregoko tesia ebaluatzeko, zuzendariaren edo zuzendarien eta tutorearen txostena jaso ondoren onartzeko.
- Epaimahaia ikerketako esperientzia egiaztatua duten bost doktorek osatuko dute, eta horietako hiru Deustuko Unibertsitatetik eta programako erakunde laguntzaileetatik kanpokoak izango dira. Epaimahaiaren proposamenak betekizun berak beteko dituen ordezko epaimahaia jasoko du.
Ezingo dute tesiko epaimahaikoak izan tesi zuzendariak edo zuzendariek, ez eta tutoreak ere, honako kasu honetan izan ezik: atzerriko unibertsitateekin egindako tutorekidetzako alde biko akordioen esparruan aurkeztutako tesien kasuan, baldin eta hala aurreikusi badute dagokion hitzarmenean. - Epaimahaiburua hauxe izango da: kategoria akademikorik altuena duen eta zerbitzu aktiboan antzinatasunik gehien duen irakaslea. Epaimahaiko idazkaria hauxe izango da: Deustuko Unibertsitateko kategoria akademikorik baxuena duen eta zerbitzu aktiboan antzinatasunik gutxien duen irakaslea.
- Epaimahaia onartu ondoren, izendapena jakinaraziko zaio Programako Ikasketa Batzordeari. Batzordeak, aldi berean, bere izendapena epaimahaiko kide guztiei jakinaraziko die, eta, izendapenarekin batera, tesiaren ale bat eta doktoregaiaren jarduera dokumentua bidaliko die; bertan, hala badagokio, tesiak doktorearen tituluan Nazioarteko Aipamenerako aukera duela adieraziko da.
- Epaimahaiak doktoregaiaren jardueren dokumentua izango du, doktoregoko tesiaren ebaluazioaren osagarri izango den ebaluazio kualitatiboaren tresna gisa.
- Epaimahaiburuak tesiaren defentsa ekitaldia zein egunetan, lekutan eta ordutan egin adostuko du, epaimahaiko gainerako kide titularrekin, tesi zuzendariarekin eta, hala badagokio, tutorearekin kontsultatu ondoren.
- Programako Ikasketa Batzordeak tesiaren defentsa ekitaldiaren publizitate egokia egin beharko du; horretarako, ekitaldia zein lekutan eta egunetan egingo den jakinarazi beharko du, denbora nahikoz. Epaimahaia doktorego tesia defendatzeko ekitaldiaren aurretik eratuko da, bost kide titularrak bertan direla edo, hala badagokio, horiek ordezkatzen dutenak bertan direla. Epaimahaiko idazkariak eraketa ekitaldiaren akta egingo du.
- Doktorego tesia defentsa ekitaldiaren ondoren ebaluatuko da; ekitaldia jendaurrean eta eskola egunean egingo da, eta, bertan, doktoregaiak epaimahaiko kideen aurrean ikerlana azaldu eta defendatuko du. Hainbat unibertsitatek parte hartzen duten edo hainbat kanpo erakundek lankidetzan diharduten programetan, tesia programa horiek arautzen dituzten hitzarmenetan adierazten den lekuan defendatuko da.
- Tesiaren defentsa eta eztabaida amaituta, epaimahaiko kide bakoitzak idatziz emango du txostena, eta, bertan, tesiaren gaineko balorazioa jasoko da. Jarraian, atea itxita, epaimahaiak tesiari emango zaion kalifikazio globala zehaztuko du: “gai” edo “ez gai”.
Epaimahaiburuak jendaurrean emango du kalifikazioaren berri. - Ekitaldi publikoan dauden doktoreek galderak egin ahalko dituzte, epaimahaiburuak horretarako adierazten duen une eta moduan.
- Salbuespenak salbuespen, Programako Ikasketa Batzordeak hala zehaztutako egoeretan, defentsa ekitaldian eta geroko doktorego tesiaren artxiboan, erakundeen biltegietan, publizitaterik eza ziurtatzen duen prozedura egokituko da. Salbuespen egoerak izan daitezke, besteak beste: enpresen partaidetza doktoregoko programan, enpresekin konfidentzialtasun hitzarmenak egotea edo tesiaren edukian eragina izan dezaketen patenteak sortzeko aukera egotea.
- Epaimahaiak proposatu ahalko du tesiak “cum laude” aipamena eskuratzea, baldin eta horretarako boto sekretu positiboa aho batekoa bada. Botoen zenbaketa doktorego tesiaren defentsarako ez den beste saio batean egingo da. Saio hori atea itxita egingo da, defentsarako ekitaldia amaituta eta kalifikazio globaleko jakinarazpena egin ondoren.
- Idazkariak doktore titulua ematearen akta egingo du, eta horrek defentsarako ekitaldiaren garapenari eta kalifikazioari buruzko informazioa jasoko du.
- Doktoregaiak doktore tituluan Nazioarteko Aipamena eskuratzeko eskatzen badu, Epaimahaiko idazkariak titulua ematearen aktan araudi honen 15. artikuluan ezarritako betekizunak bete direla egiaztatzeko agiria sartuko du.
- Betetzen diren aktak Idazkaritza Orokorrari bidaliko zaizkio.