Enpresa eta Lurralde Lehiakortasunari, Berrikuntzari eta Jasangarritasunari buruzko Doktorego Programaren bidez, enpresen eta lurraldeen lehiakortasunean eragiten duten zenbait faktoretan sakondu daiteke, bizi garen munduaren garapen ekonomiko eta soziala lortzeko. Bereziki, aparteko eran azpimarratzen dira berrikuntza, lehiakortasunerako faktore erabakigarria baita; eta jasangarritasuna, etorkizuneko belaunaldien ongizatea bermatzeko babestu beharreko funtsezko elementua baita. Horregatik, programak prestakuntza sendoa eta zorrotza ematen du ikerketarako metodologian.
Enpresen eta lurraldeen lehiakortasuna eratzeko biderik onenak bilatzeak eskatzen du, finantza baliabideak ez ezik, ikertzeko eta berritzeko gaitasuna izatea eta ikerketa eta berrikuntza horren kudeaketa, finantza baliabide horiek lehiakortasun jasangarriari eutsiko dioten berrikuntza bihurtu daitezen.
Testuinguru horretan, enpresetako I+G sailen beharrizanekin eta, ikuspegi sistemikoagotik, unibertsitate, zentro teknologiko, aholkularitza eta institutuen ikerketa sailen beharrizanekin bat datozen ikerketako gaitasunen garapena funtsezkoa da, planteatutako azken helburuak iristeko.