Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko urriak 26Donostiako Campusa

Yuwa India Trust-ek eta Kemenek jaso dute 2020ko "Kirol Balioen Deusto saria"

2020ko Kirol Balioen Deusto saria emateko ekitaldia izan zen Donostian, Tabakaleran, urriaren 26an. Sariaren helburua da kirolaren jardunean balio giza unibertsalen defentsan eta sustapenean nabarmendu diren pertsonak, erakundeak eta ekimenak saritu eta jendaurrean aitortzea. 2020ko edizio honetako sarituak Yuwa India Trust eta Kemen izan dira. Yuwa India Trustek Kirol Balioen Deusto saria jaso du, maila globalean, prestakuntzaren eta kirolaren bidez, Indiako nesken berdintasunaren eta ahalduntzearen alde egiten duen lanarengatik. Euskal kirolari dagokion Kirol Balioen Deusto saria, berriz, Kemenek jaso du, kirolaren bidez desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzearen alde erakutsi duen konpromisoarengatik. Epaimahaiak aipamen berezia egin die Aritz Aduriz eta Sandra Ramajori, beren berezko lidergoarengatik, bizikidetzaren eta errespetuaren balioei egin dieten ekarpenarengatik eta kirolari gazteentzako erreferentzia positiboa izateagatik. Sariaren bigarren edizio honetan, berdintasuna, ahalduntzea, zaurgarritasun egoeretan laguntzea, inklusioa, lidergoa eta irabazi asmorik gabeko jarduna hartu dira oinarri.

Tabakalerako ekitaldia osasun egoerak eskatzen dituen prebentzio, babes, segurtasun eta higiene neurriak kontuan hartuta egin zen eta honakoek hartu zuten parte: José Mª Guibert, Deustuko Unibertsitateko errektorea; Xabi Prieto, Realeko jokalari ohia; Edurne Pasaban, alpinista; eta Andoni Egaña, bertsolaria. Ekitaldian Deustuko Unibertsitateko ikasleek eta ikasle ohiek ere hartu zuten parte. Irati Idiakez Gizarte Laneko ikasle ohiak hitzaldi bat eskaini zuen, kirolaren balioaren eta integratzeko duen gaitasunaren inguruan. Irati snowko kirolari paraolinpikoa da eta Pekingo 2022ko Olinpiar Jokoak prestatzen ari da. Rakel Arenaza, Reitx, Gizarte Laneko ikasle ohiak jarri zuen musika. Rakelek Gaztea Maketa lehiaketa irabazi zuen eta ekitaldi honetarako berariaz sortutako pieza interpretatu zuen. Ainhoa Arruti, Ainhoa Gibelalde, Nerea Larzabal, Eneko Martija, Iratxe Martin eta Ander-Abdón Murua Lehen Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasleek Mikel Laboaren abesti bat dantzatu zuten (Baga-Biga-Higa li (Lekeitio 2)), Eneko Balerdi Unibertsitateko irakaslearen koreografia jarraituz.

Radhak neska indiarrak, Yuwari emandako saria jasotzerakoan adierazi zuen txikia zenean ez zela eskolara joaten eta etxeko lanetan ematen zuela eguna: “gurasoei ez zitzaien axola eskolara ez joatea, ni ezkontzeko asmoa baitzuten. Nire anaiak, ordea, eskolara joaten ziren. Baina hori aldatu egin zen Yuwan sartu nintzenean: futbolak nire bizitza aldatu zuen. Bizilagunek ez zuten begi onez ikusten nik futbolean jokatzea eta, gainera, horretarako galtza motzak jartzea. Baina haien hitzei ez nien jaramonik egin. Futbolak indartsua izaten erakutsi dit. Orain, unibertsitateko ikaslea naiz eta guztiek errespetatzen naute”.

Fernando Mitxelena Kemen elkarteko buruak, berriz, saria egunez egun elkarteari laguntzen dioten eta desgaitasunen bat duten pertsonak gizartean integratzea ahalbidetzen duten pertsona guztiei eskertu zien. Bestalde, Sandra Ramajok adierazi zuen kirola bizitzeko modu bat dela. Familiari eskerrak eman nahi izan zizkion jaso duen babes guztiarengatik, nahiz eta ezin izan ziren ekitaldira hurbildu, bizi dugun osasun egoera dela eta. Azkenik, Aritz Adurizek ere familiari eskaini nahi izan zion aitortza, bere heziketan transmititu dizkioten balio guztiengatik.

Ekitaldia Felix Arrietaren hitzekin amaitu zen: “Lehen errektoreak esan bezala, kontestu zail honetan, bigarren alarma egoera saioko lehen egun honetan, garrantzia eman nahi izan diegu gure gizartean aurrera egiteko ezinbesteko diren bi elementuri: kirola eta balioak. Ez dakigu ongi nola aterako garen egoera honetatik. Ziurgabetasunaren kontestu honetan, benetako aurreikuspenak egitea zaila da, baita unibertsitatearentzako ere. Ez dugu futurologiarik egin nahi. Baina galderak egiten jakin eta asmatu behar dugu. Eta gauza bat argi daukagu, datorrena datorrela, baloreetan oinarritutako kirol jarduerak beti izango duela ezinbesteko tokia pertsonen eta gizartearen garapenean”.

Sariaren bigarren edizio honetan, epaimahaia honakoek osatu dute: José Mª Guibert (Deustuko Unibertsitateko Errektorea, eta epaimahaiburua), José Antonio Rodriguez Ranz (Deustuko Unibertsitateko Erakunde Harremanetako eta Donostiako campuseko errektoreordea), Josu Solabarrieta (Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko dekanoa), Felix Arrieta (DeustoForum Gipuzkoako zuzendaria eta Deustuko irakaslea), Cristina de la Cruz (Filosofian doktorea Deustuko Unibertsitatean eta Etikan aditua), Eneko Goia (Donostiako alkatea), Kathrine Switzer (iazko sariduna, kirolean berdintasunaren aldeko borrokan ikur eta erreferente unibertsala) eta Edurne Pasaban eta Xabier Prieto (nazioartean izen handia duten eliteko bi kirolari ohi gipuzkoar).
 

26/10/2020 - Yuwa India Trust y Kemen, Premio Deusto Valores en el Deporte 2020