Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko urriak 01Bilboko Campusa

María Carrasco Osasun Zientzien Fakultateko dekano berriaren kargua hartzeko ekitaldia ospatuko du Deustuko Unibertsitateak

Deustuko Unibertsitateak, María Carrasco Osasun Zientzien Fakultateko dekano berriaren kargua hartzeko ekitaldia ospatu du, urriak 1. Ekitaldian, agintari akademikoez gain, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde José Luis Quintas, Unibertsitate sailburuorde Adolfo Morais eta Gironako Unibertsitateko Medikuntzako dekano Joan San egon dira. San jaunak azken urteetan unitate akademiko berria sortzen eta eratzen eman du laguntza eta hargatik izan da kargu hartzean eta hitzaldi bat ere eskaini du. Horiez gain, Deustuko Unibertsitateari lotutako Unibertsitate Ospitaleko zuzendari Javier Aguirregabiria (IMQko zuzendari nagusia) eta Nicolás Guerra doktorea (IMQ Zorrotzaurreko eta IMQ Virgen Blancako zuzendari nagusia) ere izan dira ekitaldian.

Deustuk osasun arloan egin duen apustu sendo eta geroz eta handiagoari erantzuten dio Osasun Zientzien Fakultatearen sorrerak. Gainera, kontuan izan behar da esperientzia sendoa duela ikastegiak Psikologian eta haren inguruko zientzietan. 2020. ikasturtean hasi ziren Bilbon Medikuntzako Graduko ikasketak eta Donostian, Fisioterapiakoak. Aurten, beraz, 1. eta 2. maila eskaintzen dira: 172 ikasle ari da Medikuntzako ikasketetan eta 231 Fisioterapiakoetan. Ikasketa horiez gain, datorren ikasturtean, Erizaintzako Graduarekin hastea dago aurreikusita bi campusetan eta Ingeniaritza Biomedikoko Graduari ekitea Bilbon, Ingeniaritza Fakultatean. Agendan daude zenbait master eta doktorego bat ere.

Izan ere, “bio” arloa zientifikoki gero eta garrantzi handiagokoa da eta “osasun” arloak, gizarte arlokoa izanik, gero eta arreta handiagoa behar du. Horixe da, bada, arlo horietako programa berriak abian jartzeko arrazoia. Dena den, eta zientziari eta gizarteari zelako zerbitzua ematen dioten arlo horiek ahaztu gabe, Unibertsitatea ere hobetuko dute, arazo zientifiko eta sozialak ikuspegi holistikoago eta osoago batetik artatuko baitituzte.

Izan ere, Deustuk ohikotik harantzago doan ikuspegitik ulertzen du osasuna. Hori dela eta, prestakuntza osoa eman nahi du, pertsona ardatz harturik, osasunak eta ongizateak paper esanguratsua eta aktiboa izango duten ikuspegitik, hain zuzen. Ikuspegi horren inguruan eratu da Fakultate berria. Eta ikastetxe unibertsitario izatearen ezaugarri diren ikerketa arloko gaitasunak eta ikasteko metodologia berritzaileen erabilera ditu bereizgarri.

Azken horien artean AOI edo Arazoetan oinarritutako ikaskuntza nabarmendu behar da, Gironako Unibertsitatearen eredua jarraiturik, horixe baita Medikuntzako Graduan erabiltzen dena, bereziki. Aurreikusita dago eredu berritzaile hori beste ikasketa batzuetara zabaltzea ere. Punta-puntako metodoa osagarri da ikasteko era aktiboak: aurkezpenak, talde-lanak, eztabaidak edo karrera osoan zehar egiten diren praktikak.

Ekitaldiaren barruan, ‘lectio’ bat eskaini du Joan San doktoreak, Gironako Unibertsitateko Medikuntzako dekanoak. Zentro hori aitzindaria izan da, espainiar unibertsitateen artean, Medikuntzako Graduan AOI metodologia (Arazoetan oinarritutako ikaskuntza) erabiltzen eta tutoretza eskaini dio zeregin horretan Deustuko Unibertsitateari.

Dekano berriaren ibilbide profesionala

Deustuko Unibertsitateko Psikologiako doktorea. Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da, Nortasun, Ebaluazio eta Tratamendu Psikologikoko Sailean. UNIBASQen akreditazioa du, 2019an lortua, unibertsitate pribatuko irakasle doktore eta Gizarte Zientzien esparruko irakasle agregatu gisa. Psikologiako titulazioan irakasten du eta Portaeraren Zientzien Metodologia II eta Nortasunaren Psikologiarekin lotutako irakasgaiak ematen ditu. Era berean, Gerontologiako Unibertsitate Masterreko irakasle ere bada modulu hauetan: Zahartzaroari buruzko ikerketako erronka berriak, Bizimodu osasungarrirako ohituren sustapena eta Osasunaren autogestioa. Osasun Psikologia Orokorreko Masterrean ere irakatsi du, Dementzien ebaluazioari lotutako moduluan. Praktiketako tutorea da eta master amaierako lanak ere zuzentzen ditu, denak ere graduondokoetan.

Ikerketan, osasun esparruan aritzen da, eta gai hauek jorratzen ditu bereziki: adineko pertsonak jarduera fisikoan aritzearen onurak, menpekotasun egoeran dauden adinekoen senitarteko zaintzaileen gainkarga eta osasuna, langile nagusien konpromisoa eta osasunean dituen ondorioak, adinekoen gizarte mailako parte hartzea eta zahartze aktiboa. Ebaluazioa, Klinika eta Osasuna ikertaldeko kidea da. Argitalpenak ditu JCR aldizkarietan eta ekarpenak eginak ditu biltzarretan. Seiurteko bizia (tramua: 2009; 2010-2015).

Kudeaketan izan du esperientzia, Psikologiako Graduko praktiken koordinazioan eta Psikologiaren esparruko master ofizialetan, Gerontologiako Masterreko zuzendari izan da eta, Fakultateko Ikasleen eta Praktiken dekanorde izan aurretik, Psikologia eta Osasuneko I + G + b-ko DeustoPsych Unitatea zuzendu zuen. Deustuko Unibertsitatetik kanpo, Galdakaoko Ospitaleko Neurologia Zerbitzuan lagundu du, ikerketa eta ebaluazio neuropsikologikoko lanetan, eta Txurdinagabarri Egoitzako (Aita Menni Gizarte Zerbitzuak) psikologoa ere izan da.

 

01/10/2021 - Toma de posesión de la nueva decana de Ciencias de la Salud, María Carrasco