Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2015eko azaroak 16Bilboko Campusa, Donostiako Campusa

Pedro Luis Uriartek Ekonomia itunari buruzko lan berritzailea aurkeztu du

Pedro Luis Uriartek, 1980tik 1984rako lehenengo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua izan zenak, azaroaren 16an aurkeztu zuen Deustuko Unibertsitateko Bilboko campusean El Concierto Económico vasco: una visión personal, azken bi urteotan ontzen aritu den lan oparoa. 17an aurkeztuko da Donostian; 18an, Gasteizen eta Iruñan. PwC-ren laguntzarekin antolatutako Deusto Business Alumni Topaketan egin zen.

Aurkezpenaren hasieran aipatu zuen bezala, Uriarte bere ekimenez hasi zen lan hori jorratzen, ekonomia itunari eta euskal kupoari buruzko zabalkunde lan bat eskaintzeko. Material didaktikoa da, irakurterraza, euskal herritarrak eta Estatuarekiko harreman berezi horretara hurbildu nahi duten guztientzat pentsatua, Ekonomia itunaren inguruan irakatsi, konbentzitu, sentsibilizatu, zabalkunde lana egin eta konprometitzeko asmoz.

Lana formatu digitalean aurkeztu da eta horretarako sortu da www.elconciertoeconomico.com

Proiektu horretan zehar Ekonomia ituna, 1878ko otsailean sortu denetik, oztopatu duten egoera eta arazoak jasota daude. Era berean, azken urteotan jaso dituen eraso, kritika eta deskalifikazioak ere aztertu egin dira.

Azalpena bereziki zehatza da 1981eko eta 2002ko Itunetako azken negoziazioen deskribapena egiten duenean, batez ere lehenengoa. Izan ere autorea bera izan zen protagonista Batzordeburu zela, eta 1980ko abenduaren 29an edukiari buruzko ituna lortu zuen.

Planteamendu handiagatik eta Itunaren iragana, oraina eta etorkizuna azaldu nahi izateagatik, autoreak eskaintzen duen ikuspegi pertsonalak hamaika atal ditu liburu banatan. Lanari buruzko iritzia eman duten adituen arabera, proiektu pertsonal hori Euskal Ekonomia Ituna ezagutzera emateko egindakoen artean asmo handikoena da.

Aurkezpenean, 500 pertsona baino gehiago egon ziren, horrelako ekitaldietarako asko dira. Haien artean zeuden: Juan María Aburto, Bilboko alkatea; José Antonio Ardanza, lehendakari ohia; Eusko Jaurlaritzako sailburuak (Josu Erkoreka, Cristina Uriarte eta Ángel Toña); José Luis Bilbao, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidentea; José Mª Iruarrizaga, Bizkaiko Ogasuneko foru diputatua; Andoni Ortuzar, EAJko presidentea eta Idoia Mendia, PSE-EEko idazkari nagusia.

Deustuko Unibertsitateko agintari akademikoen ordezkari izan dira, José Mª Guibert errektorea eta Javier López Ariztegui, Gobernu Kontseiluburua.Ekitaldian egon dira hauek ere: Agustín Garmendia, Deusto Business Alumniko presidentea; Javier Urizarbarrena, PwC erakundeko bazkide-zuzendaria eta Guillermo Dorronsoro, Deusto Business Schooleko dekanoa. Lan horren aurkezpenean egon dira erakunde eta arlo akademiko eta profesionaletako arduradunak ere.

Hitzaldian, Uriartek azpimarratu zuen “Ekonomia ituna gure autogobernuaren giltzarria da, nahiz eta, zoritxarrez, ez da ondo ezagutzen, eta euskal herritarrek ere ez dioten aitortzen bere garrantzia. Historian zehar jasan dituen erasoak gutxitu egingo lirateke, baldin eta gizarteak, nik nahi nukeen bezala, haren defentsan hartuko balu parte”.

Hori dela eta, autoreak eskatu zien parte hartzaileei ez ikusteko Ituna “zerbait politikoa” balitz bezala, erakunde eta partiduei dagokiena, baizik eta pertsonalagoa den zerbait bezala; izan ere "haren kudeaketaren araberakoa da euskal gizarteak jasotzen dituen zerbitzu publikoen kopurua, baldintza eta maila, eta bereziki, pertsona ahulek, baztertuenek eta gazteenek jasotzen dutena".
Arlo horri dagokionez, Ituna zuzenean lotu zuen arlo guztietako ongizatearekin, Hezkuntza, Osasuna, Gizarte Zerbitzuetakoa, etab. Eta, azken batean, euskal herritarrek duten bizi kalitatearekin. Uriartek, hitzaldiari amaiera emateko, dei egin zien herritarrei “Ituna gehiago eta hobeto ezagutu, ezagutarazi eta defenditzeko”. Gainera, adierazi zuen “gizarte zibila iratzarri eta sentsibilizatu behar da, gure Ekonomia Ituna aldarrikatzeko bidea sortzeko, erakunde eta alderdi politikoen lanari oztoporik jarri gabe, izan ere erakunde horrek gure historian ditu sustraiak eta gaur egun ere, inoiz baino gehiago, bizirik dirau; batetik, Euskadiri zerbitzu ordainezina eginez eta, bestetik, zergaz ordainduz.