Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko irailak 11Donostiako Campusa

Nekaturrek eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza hitzarmena sinatu dute Turismoko graduko prestakuntza dualerako

Ostegunean, irailak 10, lankidetza hitzarmena sinatu zuten Deustuko Unibertsitateak eta Nekatur, Euskadiko Landa Etxeen Elkarteak. Elkartea 1991n sortu zen eta 245 establezimendu baino gehiagok osatzen dute (EAEn dagoen eskaintzaren % 75 baino gehiago). Kalitatezko turismo produktu bat garatzea, bultzatzea eta sustatzea du helburu. Bi erakundeen arteko hitzarmena Eduardo Javier Ruiz Vieytezek, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanoak, eta Idoia Ezkurdia Iturriotzek, Nekatur enpresako gerenteak, sinatu zuten eta ekitaldian parte hartu zuen, halaber, Basagaitz Guereñok, Deustuko Unibertsitateko Turismo Saileko zuzendariak.

Hitzarmena Munduko Turismo Erakundeak (MTE), Nazio Batuetako agentzia espezializatuak, 2020ko Turismoaren Munduko Egunerako "Turismoa eta landa garapena" goiburua iragarri duen astean bertan sinatu da. Hain zuzen ere, Turismoaren Egunean ospatu nahi da turismoak gaitasun izugarria duela hiri handietatik kanpo ere aukerak sortzeko eta mundu osoan kultur eta natur ondarea babesteko. Mundu osoko landa komunitate ugarirentzat, turismoa da enpleguen eta aukeren hornitzaile nagusia eta, toki askotan, gainera, sektore ekonomiko bideragarri bakanetakoa. Gainera, turismoaren garapenak landa komunitateei bizirik eusten ere lagundu dezake. Hauxe dio Zurab Pololikashvilik, Munduko Turismo Erakundearen idazkari nagusiak: "Turismoak landa komunitateei laguntzen die beren natur eta kultur ondare berezia gordetzen, besteak beste, kontserbazio proiektuen bidez. Proiektu horietako askok babesten dituzte arriskuan dauden espezieak edo dagoeneko galdu ziren tradizioak eta zaporeak" .

Hitzarmenaren helburua da bi erakundeen arteko lankidetza bultzatzea, COVID-19ak Euskadiko turismo sektorera ekarri duen egoerari lotutako erronkei erantzuteko. Hitzarmenaren bidez, Deustuko Unibertsitateko Turismoko graduko 4. mailako ikasleek proiektu bat egingo dute, prestakuntza dualaren barruan, landa turismoaren sektorea bultzatzen eta sustatzen lagunduko duen arlo digitaleko proiektu bat garatzeko. Horretarako, Nekaturren prestakuntza egonaldia egingo dute 2020ko irailean hasiko den ikasturte honetan. Prestakuntza duala lurraldeko eragileekin elkarlanean bideratzen den irakaskuntza prozesu bat da. Horren baitan, unibertsitatea, erakundeak eta ikasleak lankidetzan aritzen dira ikasleek ahalik eta ikaskuntza esanguratsuena izan dezaten, testuinguru errealetan. Ikasleek ikasgelan eta enpresan/erakundean ikasten dute aldi berean, erronka eta proiektu errealen bidez. Horretarako, unibertsitateko eta enpresako bideratzaileek elkarrekin diseinatzen, jarraipena egiten eta ebaluatzen dute ikaslearen lana, lankidetzaz baliatuz, enplegagarritasuna eta talentua antzematea hobetzeko.