Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko ekainak 25

Espainiako enpresa handien % 84k baino gehiagok ekintzailetza korporatiboaren aldeko apustua egiten du malgutasuna lortzeko, Deusto Business Schoolek koordinatutako azterketa baten arabera

Centro Internacional Santander Emprendimiento erakundeak, Santander Bankuaren laguntzaz, Santander Universidades ekimenaren bidez, Ekintzailetza Korporatiboari buruzko txostena aurkeztu du, II Informe sobre Emprendimiento Corporativo en España: 'Enseñando a bailar a los elefantes como gacelas'. Azterketak zorroztasun akademikoa eta Espainian egoitza duten 58 enpresa handietako zuzendariei (IBEX35aren kapitalizazioaren % 65etik gora hartzen dutenak) egindako inkestatik ateratako datuak batzen ditu.
Deusto Business Schoolek koordinatuta, eta ICADE Business Schooleko eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko akademikoekin elkarlanean, azterketak elefanteen eta gazelen analogia erabiltzen du izenburuan, adierazteko korporazio handiek beren zurruntasuna "alboratu" behar dutela, berrikuntza espirituan oinarritutako kudeaketa arina ezartzeko, startupek bezala, lehiakorragoak izateko.

Txostena Rocío Sáenz-Diez Rojas ICADE-Comillaseko Unibertsitate Pontifizioko irakasleak aurkeztu zuen, ikertalde osoaren izenean. Orain arte gure herrialdean egin den ekintzailetza korporatiboaren erradiografiarik osatuenaren bigarren edizioa da hau, eta datu, gomendio, tresna eta jardunbide egoki ugari eskaintzen ditu, tamaina txikiagoko beste enpresa batzuek ere ekintzailetza korporatiboko kultura indartu dezaten, hazkundea eta berrikuntza bilatzeko.

Ondorioen ikuspegi zabala eskaintzeko asmoz, txostenaren aurkezpen birtualean mahai inguru bat izan zen. Honakoek hartu zuten parte bertan: Marcelino Oreja, Enagaseko zuzendari nagusia; Óscar Martín, Ecoembes-eko zuzendari nagusia; José Antonio Arias, MAPFREko berrikuntzako zuzendaria; Jaime Martín, Repsoleko zuzendari korporatiboa eta Teknologia eta Corporate Venturingeko zuzendaria; Rafael Fernández García, Ferrovialeko Berrikuntzako zuzendaria; eta Irene Gómez, Telefónicako Berrikuntza ireki konektatuko zuzendaria, Iñaki Ortega Deusto Business Schooleko irakaslea eta txostenaren koordinatzailea moderatzaile zela.

Berrikuntza enpresen barruan
Txostenak agerian uzten du Espainian ekintzailetza korporatiboa enpresa handietan ezezaguna izatetik edozein plan estrategikotan gairik errepikatuenetako bat izatera igaro dela. Inkestatutako erakundeen % 84k aktiboki sustatzen du ekintzailetza korporatiboa, nahiz eta % 80k aitortzen duen orain dela hamar urte baino gutxiago hasi zela prozesu horiek bultzatzen. Beraz, fenomeno nahiko berria dela esan dezakegu.

Hazkundea berrikuntza irekiaren aldeko apustua egitea (eta, hortaz, startupekin eta ekintzaile independenteekin elkarlanean aritzea) erabaki duten korporazioen kopuruan ere islatzen da, 2017an % 23 izatetik gaur egun % 78tik gora izatera igaro baitira. Gero eta aldakorragoa eta lehiakorragoa den ingurunearen aurrean, enpresa handiek ikusi dute ekintzailetza korporatiboa startupen berrikuntza eredu arrakastatsuak bereganatzeko bide bat izan daitekeela, eta gero eta lotura estuagoak sortzen dituzte startupekin edo langileen espiritu ekintzailea sustatzen dute.

Helburuak eta erabilitako tresnak
Enpresa gehienek ekintzailetza korporatiboko programak abian jartzen dituztenean lortu nahi dituzten helburu nagusiak etengabeko berrikuntza (% 90) eta erakundeko kultura berritzea (% 92) dira. Berrikuntza diruptiboa ere helburuen artean azaltzen da, baina ez horren maiz (% 60).

Espainian berrikuntza irekiaren eta barne ekintzailetzaren aldeko apustu hori korporazio handiak erabiltzen hasi diren tresnetan eta antolaketa eredu berezietan ere antzematen da.
Ekintzailetza korporatiboa sustatzeko tresnarik hedatuena ekitaldiak dira (% 70), ziur aski konplexutasun txikiagokoak direlako. Tresna sofistikatuagoek, inkubagailu korporatiboak eta Corporate Venture Capital funtsek esate baterako, presentzia mugatuagoa dute (% 46 eta % 41, hurrenez hurren), baina, hala ere, lehenengo Txostenean baino handiagoa (% 27 eta % 32, hurrenez hurren).

Antolaketa ereduari dagokionez, % 70 inguruk egitura zentralizatuaren alde egiten du eta gutxienez lanaldi osoko langile bat du jarduera hori kudeatzeko. Hala ere, ekintzailetza korporatiboaren garrantziaren inguruan adostasuna agerikoa bada ere eta % 87k esaten badute ere datozen urteetan beren enpresan pisu handiagoa hartuko duela, korporazio gutxik ematen diote organigraman beste jarduera estrategiko batzuei ematen dieten tokia: arlo honetako arduradunen % 40k hartzen du parte zuzendaritza batzordeetan eta % 5ek baino ez du dedikazio esklusiboa.

Ondorioak eta gomendioak
Igoerak handiak izan badira ere, Global Entrepreneurship Monitor (GEM) txostenak Espainiako barne ekintzailetzari buruz eman dituen datuak oinarri hartuta (txosten horretan ere parte hartzen dute ekintzailetza korporatiboari buruzko txostenaren sustatzaile eta egileek), negozio eredu berriak edo produktu lerro edo zerbitzu berriak sortzeko prozesuetan langileak inplikatzeko gaitasuna % 2 ingurukoa da, Europako batezbestekoa eta AEBetako datua baino askoz txikiagoa (% 5 eta % 8, hurrenez hurren).

Hori dela eta, egileek azpimarratzen dute ildo horretan lanean jarraitu behar dela. Hainbat gomendio eskaintzen dituzte, fenomeno honen aldeko apustua egituratuagoa izan dadin eta nahi hutsetan gera ez dadin.

Ekintzailetza korporatiborako estrategia eraginkorra ezartzeko, funtsezkotzat dute kontseilari ordezkariek erakusten duten pazientzia eza kontrolatu ahal izatea, epe laburreko emaitzak nahi baitituzte; ekimen horietarako sandboxes edo enpresa burokraziarik gabeko esperimentazio guneak sortzea gomendatzen dute; eta uste dute konpainia guztian eragin ahal izateko funtsezkoa dela arlo horretako arduradunek gobernu organo gorenetan parte hartzea.

Jaitsi txosten osoa

ERANSKINA

TXOSTENAREN DATU NAGUSIAK

  • Enpresa handien % 84k ekintzailetza korporatiboa modu aktiboan sustatzen du (orain dela hiru urte argitaratu genuen txostenean baino 5 puntu gehiago)
  • % 78k berrikuntza irekia bultzatzen du (startupekin eta ekintzaileekin elkarlana bultzatzea), aurreko txosteneko datua (% 23) baino askoz ere handiagoa.
  • Erakundeek ekintzailetza korporatiboa etengabeko berrikuntza garatzeko (% 90) edo kultura korporatiboa gaztetzeko (% 92) bidea dela uste dute.
  • Enpresa handi askok berrikuntza irekiko programak (% 64) eta barne ekintzailetzakoak (% 59) ere erabiltzen dituzte berrikuntza disruptiboa sustatzeko.
  • Gero eta gehiago, antolaketa ereduak egokitzen ari dira ekintzailetza korporatiboa bultzatzeko:
    • Enpresen % 73k eredu zentralizatua aukeratzen dute.
    • % 67k askotariko formulak erabiltzen dituzte erakundearen arlo eta maila guztietan.
    • % 68k gutxienez lanaldi osoko langile bat du jarduera hau kudeatzeko.
  • Enpresen % 85ek baino gehiagok uste du ekintzailetza korporatiboak garrantzi handiagoa hartuko duela erakundean.
     

AZTERTUTAKO ERAKUNDEEN ESPERIENTZIETAN OINARRITUTAKO GOMENDIOAK 

  1. Ekintzailetza korporatiboaren arduradunak enpresaren goi zuzendaritzan kokatzea.
  2. Ekintzailetza korporatiborako, sandboxeak (negozio eredu berriak probatzeko espazioak) jartzea, enpresa burokrazia saihesteko.
  3. Epe luzeko ebaluazio adierazleak zehaztea jarduera honen eragina kontrolatzeko.
  4. Besteengandik ikastea, baina erakundearen ezaugarrietara egokituko den ekintzailetza korporatiboko politika garatzea.
  5. Ekintzailetza korporatiboaren gobernantza organoak sustatzea eta organo horietan kanpoko profesionalen presentzia ziurtatzea.
  6. Ekintzailetza korporatiboaren estrategiaren irismena erabakitzerakoan, asmo handiz jokatzea, tresna indartsuak erabili ahal izateko.

AZTERKETAN PARTE HARTU DUTEN ENPRESAK |Espainian 130 langile baino gehiago dituzten 58 enpresa, Espainiako Burtsa eta Merkatuetan erabiltzen den sailkapenaren hurrenkeran multzokatuta.

Banku eta aseguruak | Axa, Bankia, Bankinter, BBVA, Santander, Citi, Iber Caja, ING, Liberbank, Mapfre, MetLife, Mutua Madrileña, Sanitas.

Zerbitzu profesionalak | Adecco, Aedas Homes, Aena, Amadeus, Cisco, Cuatrecasas, Deloitte, Everis, EY, Garrigues, Grant Thornton, Indra, KPMG, Legalitas, Merlin Properties, Neinor, PWC

Energia eta utilitiak | Enegas, Endesa, Iberdrola, Naturgy, Repsol

Kontsumo ondasunak | Pascual, CocaCola, IKEA, Palladium, RoomMate, Prosegur
Industria |Adif, CAF, Cemex, Ferrovial, Ecoembes, Sacyr, TUV

Telekomunikazioak, hedabideak eta komunikazioak | Atresmedia, Cellnex, Masmovil, Mediaset, Orange, Telefónica, Unidad Editorial, Vocento, Vodafone