Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko otsailak 08Bilboko Campusa

Deustuko Teologia Jardunaldietan adituek adierazi dutenez, "Pandemian beharrezkoa da osasunaren zaintza kontzeptua eta praxia berriz irudikatzea"

"Pandemian beharrezkoa da osasunaren zaintza kontzeptua eta praxia berriz irudikatzea”. Horixe da, hain zuzen ere, "Osasuna humanizatzea ikuspegi integraletik, pandemia testuinguru batean" izeneko Teologia Jardunaldien ondorio nagusietako bat. Topaketak Deustuko Unibertsitatean egin dira, otsailaren 8an, 9an eta 10ean eta helburua izan da arlo soziosanitarioetako (pazienteen elkarteak, profesionalak eta arlo horretan inplikatutako erakundeak) funtsezko osasun eragileen arteko hausnarketa eta elkarrizketa sustatzea. Oraingoan, Jardunaldiak formatu digitalean egin dira eta harrera bikaina izan dute.

Covid-19aren pandemiak egoera negargarria ekarri duen arren, ikuspegi berriak ematen ditu gaixoak zaintzeko moduari buruz. Alde horretatik, argi geratu da medikuntza ikasketak humanizatu egin behar direla, eta uste zen baino askoz ere zorrotzagoak izan behar dela arlo horretan. "Horra hor gaur egun koronabirus baten aurka dugun borrokaren errebote efektua: arlo soziosanitarioan zer humanizazio mota ezarri behar dugun hobeto pentsatu beharra dugu", adierazi dute ondorioetan.

Filosofo eta teologo gehiago

Hala ere, pandemiak esparru soziosanitarioan soilik konpondu ezin diren funtsezko gaiak plazaratzen ditu. Koronabirus batek eta haren gorabehera mutanteek oinaze eta sufrimendu mailak agerian utzi dituzte, giza hauskortasunaren ia bertsio berria direnak. Ez da inoiz ezagutu aldi berean eta latitude guztietan gaixorik egon den planetarik. Gainera, ez geunden ohituta gaixotasun infekzioso handiak eragiten duen bazterkeriaren eta gizarte larrialdiaren dinamikara. Gure ahalmenen mugan bizi gara. Eta muga horietan gabiltza duela urte betetik hona, funtsezko gaiekin estropezu eginez. "Pandemiak gehiago hurbildu gaitu osasun arlora, filosofiara eta teologiara ere" adierazi dute.

Pandemia sortu denean, arazo kolektibo izugarriekin egiten dugu topo: narriadura ekologikotik demokrazietan kalitatea galtzeraino, bi adibide baino ez aipatzeagatik. Pandemiak hori guztia sortu zuen bizimodua gelditzea lortu du. Jardunaldietan zehar, ikuspegi ezberdinetatik, etorkizuneko ikuspegiak bildu dira, hemendik aurrera gauzek nolakoak izan behar duten argitzeko. Pandemia gurutzatzen dugun bitartean argi jabetu gara osasungintza ikuspegi integraletik humanizatu beharraz. Munduan kokatzeko eredu alternatiboa da.

Azkenik, jardunaldiek frogatu dute osasunaren zaintza integralak ezin duela gizakiaren dimentsio espirituala alde batera utzi. "Agian espiritualtasunaren ideia oinarrizkoago bat berreskuratu dugu, antropologia juduak jada funtsezkotzat jotzen zuen hori, giza subjektuak osotasunerantz duen irekitasunaren berri emateko. Baina jardunaldiek agerian utzi dute kristau espiritualtasunak baliabideak dituela eta egokia dela hauskortasunari aurre egiteko. Baliabide horiek denboran sendotutako jakituria dira, giza zailtasunarekiko konpromisotik eta Jainko kristauak zailtasun horri bereziki begiratzen diola sinetsita", zehaztu dute. Eta ondorio gisa: "Jardunaldiak zigortu eta aire zabalean jartzen gaituen pandemia baten ondorio izan dira. Jardunaldien itxaropenak asebeteta egongo lirateke, baldin eta orain gaixotasunak jota daudenekin unibertsitate gisa topo egiteko balio izan badute. Azken finean, humanizatzen jarraitzen dugula esan nahiko luke".
 


Informazio gehiago.