Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko irailak 23Bilboko Campusa

José María Guibert errektorea: “Pandemiak teknologien rola jarri du eztabaida mahaiaren gainean, baina ez dezagun ahaztu teknologiak bitartekoa baino ez direla hezkuntzan, ez helburua”

Deustuko Unibertsitateak gaur, irailak 23, eman dio hasiera ofiziala 2020-2021 ikasturteari. Graduko % 8 matrikula gehiagorekin eman ere, José María Guibert errektoreak iragarri duenez. “Hamabost urtetan izan ditugun zifrarik onenak dira eta horregatik, gaur eskerrak emateko eguna da, gizartearen zati esanguratsu batek Deustuko Unibertsitatean jartzen duen konfiantzagatik”.

Hiriak eraldatzea

Ikasturtearen hasierako ekitaldia Paraninfoan hasi da, 2019-2020 ikasturtearen memoria akademikoa irakurriz, Eider Landaberea idazkari nagusiaren eskutik (2019-2020 ikasturtearen memoria akademikoaren laburpena). Segidan, “2030: Mundua, hiriak, lurraldeak eta komunitateak eraldatzen dituzten pertsonak” irekiera-hitzaldia eskaini du Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko katedradun Roberto San Salvador del Vallek, hiri ikasketetan adituak.

Eskola magistralaren helburua izan da pandemiako hilabete hauetan bizi izandako esperientziak munduari eragiten dioten arazo larriak (klima-aldaketa, ekonomia espekulatiboa, desberdintasunak, migrazioak, xenofobiak) onbideratzeko aurretiaz hartutako konpromisoekin eta galdutako oreka berreskuratzeko agendarekin (2030 Agenda) lotzea. Hori guztia gure sentitzeko, pentsatzeko, ikasteko eta egiteko moduan eraldaketa sakona eragiteko asmoz.

Horretarako, XVIII. mendearen amaieran abian jarri eta gaur egunera arte iritsi den paradigma zientifiko-teknologikoaren ondoriozko denbora bizkortzeko eta espazioa globalizatzeko prozesua aztertu du, bai garraioak eta mugikortasunak, bai komunikazioak eta konektibitateak hartutako protagonismoa gogoan izanik. Azelerazio- eta globalizazio-prozesu hori Covid-19aren pandemiarekin lotuta dagoela iradoki du. Eta berehalako denboraren tiraniak eragindako azelerazio zoroa birpentsatzeko aukera sortu dela seinalatu du, denbora naturala, soziala eta pertsonala berreskuratzekoa, eta natura-, landa- eta hiri-eremua mehatxatzen duen eta errealitatea fikzio bihurtzen duen espazioaren globalizazioa zuzentzekoa.

San Salvador del Valle irakasleak Deusto Cities Lab katedrak beste hamaika erakunde publiko eta pribaturen laguntzarekin egin duen PREST ekimenaren emaitzak ere aurkeztu ditu: erakunde, enpresa eta entitate sozialetako 1200 pertsonari egindako panela; eta 1200 euskal herritarri maiatzaren bigarren hamabostalditik ekainaren lehenengo hamabostaldira egindako inkesta. Horretatik guztitik ondorioztatu du bizitako esperientzia ez dela ahaztu behar, ezta arduradunek eta herritarrek bere garaian etorkizunari begira adierazitako desio eta konpromisoak ere.

Hitzaldiaren amaieran geure buruari egin beharreko galdera bat planteatu du: nolakoa nahi dut izatea mundua, bere hiriak, lurraldeak eta komunitateak pandemiaren ondoren? Eta denok, lehen pertsonan, geure egin beharreko hogei zeregin aipatu ditu, munduko, hirietako, lurraldeetako eta elkarteetako giza garapena ingurumen aldetik, ekonomikoki, gizarte mailan eta kultura mailan jasangarria izan dadin.

Irekiera-hitzaldi osoa.

Errektorearen hitzak

José María Guibert errektoreak hitzaldiari hasiera emateko, Eusko Jaurlaritzari eskerrak eman dizkio Euskal Unibertsitate Sistemari eta gure unibertsitateari eman dion babesagatik. Horrekin batera, sailekin eta zerbitzuekin elkarlanean jarraitzeko gogoa erakutsi du, Deustuk ekarpena egin dezakeen proiektuetan, ez bakarrik Hezkuntza eta Osasun arlokoetan, baita Ekonomia, Enplegua, Gizarte Politikak, Justizia, Kultura, Kanpo Harremanak edo Giza Eskubideak lantzen dituzten ekimenetan ere, besteak beste.

Ondoren, zenbait hausnarketa partekatu ditu pandemia garaiko unibertsitateko zereginaren inguruan. Errektorearen hitzetan, krisi honek bizkortu egin ditu prozesuak, lehendik zetozen aldaketak; eta, Deusturen kasuan, joan den seihilekoan urrutiko irakaskuntzara bat-batean eta egoerak behartuta pasatzeak mahai gainean jarri du nolako papera edo rola duten teknologiek, zehazki teknologia digitalek, irakasteko eta ikasteko prozesuetan.

Izan ere, krisi hau ikasprozesuen inguruko hausnarketa eragiten ari da, oso positiboa, haren ustez, hobeto irakasten eta ikasten erakutsiko baitigu. Berrikuntzekin oro har gertatu ohi denez, badira aldekoak eta kontrakoak. Eta horregatik, errektoreak uste du hausnartu, esperimentatu eta neurtu egin behar ditugula digitalizazioak hezkuntzari dakarzkion onurak. Horren inguruan historiako mugarri batzuk gogoratu ditu: irratiaren edo telebistaren sorrera, ordenagailuak edo Internet, mooc edo adimen artifizialeko tutoreak. Denek iragartzen zituzten iraultza handiak. Entzuten ari garen azkena hau da: “dena digitala izango da edo ez da izango” edo “ikasleen ia % 100 urrutitik ikasten aritu bada udaberrian, horixe da etorkizuna”.

Hala ere, José María Guiberten ustez, hobekuntza handiak pixkanakako aldaketen emaitza dira, ez bat-bateko berrikuntza handien emaitza. Hezkuntzaren errotiko berrikuntzek errakuntzak ekartzen dituzte. Teknologia erabili behar da, baina haren inguruan ikertu eta kritikatu ere egin behar da. “Irtenbidea hezkuntzaren berrikuntzan ikertzea da” Guiberten hitzetan, eta pandemia ez da aldaketa disruptiboa izango, campusetara itzuliko baikara; baina espero da irakaskuntza hobexeagoa izatea, teknologiari zaion beldurra kenduta. “Akademia mundua teknologiara egokituko da, baina errotiko aldaketarik gabe”.

Teknologia bitartekoa da, ez helburua

Giza garapena mantsoa eta luzea da. Guiberten aburuz, unibertsitateko hezkuntzaren arazo handiak ez dira teknologiarekin desagertuko: “goi hezkuntzaren lorpen handiak pertsonen arteko lankidetzan egindako ahaleginetik etorriko dira, teknologiak ekarritako aldaketatik baino gehiago”. Izan ere, Guibertek uste du “teknologia hezkuntzarako bitarteko bat” dela, “ez helburua”; eta hezkuntzaren inguruko ezbai handiak ez direla ordenagailu, kamera, mikrofono, ispilu gela, bideokonferentzia, plataforma digital eta abar gehiago jarrita konpontzen.

Hori guztia, adierazi du errektoreak, hezkuntzaren berrikuntzan azken bosturtekoetan inbertitu denaren jarraipen gisa bizi dugu Deustun. Besteak beste, hauek aipatu ditu: “ikasteko gaitasunen eta irakasteko trebetasunen ingurukoak garrantzitsuak dira. Ikasleei eta irakasleei ere laguntzeko prozesua erabakigarria da. Irakasteko eta ikasteko prozesuak, prestakuntzako dinamiken sekuentzia, gelan erabili beharreko teknikak, giltzarri dira. Gaitasunen definizioa bera ere (zer ikasten den, zertarako) sakontzen jarraitu beharreko kontua da. Teoriaren eta praktikaren papera, enpresetan murgiltzea, edo arlo emozionalaren, abstrakzioaren, taldearen, talde-lanaren eta lidergoaren rola aztertu gabe daude. Balioen, etikaren, ideologien, erantzukizunak hartzearen, gizarte kontzientziaren, ingurua ezagutzearen papera oso gogoan izan behar dira”.

Horrexetan datza, hain zuzen, ikasleen ikaskuntzaren aldeko apustu sendoa: “Krisiak ez gaitu desbideratu behar eta ez digu ahaztarazi behar ikaslea dela lehentasuna, protagonista eta aldaketaren eragile den aldetik, ikasleei aktiboki entzun behar diegula, tutoreak toki garrantzitsua duela prozesu hauetan. Ikasleak dira benetako protagonistak eta irakasleok haien ondoan goaz bidean. Fokua ikasleen ikaskuntzan dago, ez irakasleen irakaskuntzan”. Eta urrats bat gehiago emanda, errektoreak prozesu horien guztien bidezko finantzaketa defenditzen du, baliabide publiko eta pribatuen erabilera eraginkorra eta zuzena, hezkuntzak ahalduntzeko edo askatzeko duen ahalmena, desberdintasun sozialak murrizteko edo areagotzeko duen eragina. Hezkuntzak eragin handia du horietan guztietan ere.

Eta kontu horiek ez dituela teknologiak berez zuzentzen esan du José María Guibertek. Horrek ez du esan nahi garrantzitsua ez denik eta inbertsioak egitea eskatzen ez duenik. Areago, Unibertsitatean eraldaketa teknologikorako zuzendaritza bat sortu da, teknologiak gure erronkei hobeto erantzuten lagundu diezagun, ikasten, hezten eta ikertzen duen erakundea garen aldetik.

Horregatik, errektoreak uste du online irakaskuntza ez dela ezinbesteko kasuetan soilik erabili beharrekoa, haren hitzetan, “aukera historiko baten aurrean gaude urrutiko ikaskuntza garatzeko, sinkronoa (hurbiltasuna ematen duena) edo onlinekoa (asinkronoa, foroak eta bestelako lan mota batzuk egiteko bidea ematen duena). Ez gaitezen nahasi eta iragankorra dela pentsatu. Unibertsitateen artean, aurrez aurrekoak eta onlinekoak bereizteak ez du zentzurik izango. Kontua ez da bata edo bestea hautatzea. Eraginkortasunez eta sormenez hibridatzea da kontua”.

Campus birtual berria

Ikasleen nazioarteko mugikortasuna izan da pandemiak bereziki ukitutako arloetako bat, ziurtasunik ezaren aurrean, bertan behera utzi baitzen. Dena den, ez zen ikasleek nazioarteko inguruan ikasteko aukera hori galtzerik nahi. Horregatik erabaki da campus birtual berria martxan jartzea: gune digital bat mundu zabaleko ikasleek mugikortasuneko esperientzia bat izan dezaten Deustun eta gure bi campusetako eguneroko bizimodua bizitzeko aukera izan dezaten.

Campus birtualak hamalau irakasgai eskainiko ditu, pandemiak ekarri dizkigun erronkei erantzuteko baliagarriak: enpresen kudeaketa eta zuzendaritza, datuen analisia eta komunikazioa, zuzendaritza estrategikoa, mundu berriaren gaineko begirada etikoa, genero ikuspegia lidergoan, nazioarteko harremanen marko berria eta abar. Gainera, zeharkako irakasgai horiek, kultur eta gizarte jarduerekin osatuko dira eta ikasleek aukera izango dute pertsonen arteko harreman naturalak izateko, Bilbon edo Donostian egongo balira bezala.

Dagoeneko, esan du errektoreak, campus berri horrek ehun ikasle baino gehiago ditu, kontinente guztietako hogei nazionalitate baino gehiagokoak. Modalitate berri honek, azaldu duenez, “gizarte inklusibitate handiagoa dakar eta auskalo etorkizunean unibertsitateko normaltasun berriaren parte izango ote den”.

“Bio” arloaren eta “osasun” arloaren garrantzia

Nobedade gehiago: ikasturte honetan, Medikuntzako gradua onartuta, aro berri bat hasi da Unibertsitatean, modu sinbolikoan behinik behin; izan ere, Deustuk hogei urte baino gehiago darama osasun gaiak lantzen. Adibide batzuk: Psikologia osasun arlokoa da; kirol graduak osasun espezialitatea dauka; enpresa ikasketetan, Deusto Business Healthek osasun eta ospitale sistemen efizientzia aztertzen du; Ingeniaritza Fakultateko eBizitza ikertaldeak osasun arlorako teknologian ikertzen du; duela hamabost urte Deustuk bazeukan bioingeniaritzako doktoregoko ikastaro bat; Zuzenbide eta Giza Genoma Katedrak asko ikertu zituen genomari lotutako etika eta lege kontuak Europa osoko jendearekin. Masterren zerrendan ere badira osasun arloko gaiak: Gerontologia, Neuropsikologia klinikoa, osasun zerbitzuen kudeaketa, osasunaren sustapena, zahartzea eta ezohiko gaixotasunak. Laster izango dira gehiago.

Baina orain, Unibertsitateak beste jauzi bat egin du Fisioterapiako eta, bereziki, Medikuntzako graduekin. Deustuk Medikuntzarako eta Osasun Zientzietarako duen motibazioa sinplea bezain funtsezkoa da: “bio” arloaren eta “osasun” arloaren garrantzia. Bi arlo bereizi eta lotuak. “Bio” terminoa zientziari dagokio eta “osasun” terminoa gizarteari. “Deusturentzat, “osasun” arlo sozialean eta “bio” arlo zientifikoan sakontzeak esan nahi du gure unibertsitateak gizarteari egiten dion zerbitzuan eta kalitatean hobetzea. Eta hori da gure xedea”, adierazi du Guibert errektoreak.

Langintza horretan, Unibertsitateak lankideak ditu, esaterako, CIC Biogune eta CIC Biomagune, berarekin hitzarmena sinatu duten ospitaleak, besteak beste IMQ unibertsitate-ospitalea, Quirón sarekoak eta San Juan de Dios, gutxi batzuk aipatzearren. Gainera, Medikuntzako graduak gaixoa dakar Deustuko Unibertsitatera eta horrek bide berri bat urratzen du, askoren artean egin beharrekoa eta konpromiso eta inplikazio handia eskatzen duena. Bestalde, unibertsitatera Medikuntzako ikasketak ekartzeak diziplinarteko ikuspegiaz arduratzea ere badakar, diziplina batzuk eta besteak zabalago eta sakonago ikasi daitezen. “Hain askotarikoa den gizarte honetan diziplinartekotasunera irekita egotea da Unibertsitatearen erronketako bat. Gizakiaren ongizatea birdefinitzea zientzia guztiei dagokie eta”, zehaztu du José María Guibertek.

Lanaren duintasuna sustatzea

Errektoreak Michael Sandel filosofo eta Harvadeko irakaslea gogora ekarrita amaitu du hitzaldia, haren kezka nagusietako bat azpimarratuz: desberdintasunak areagotzea, globalizazioari lotuta, eta horrek gure gizarteetan sortzen duen krisia. Desberdintasunak ageri-agerian gelditu dira pandemiaren krisian eta era askotako arazoak dakartzate, ez bakarrik enplegua galtzea eta soldatak gelditzea, baita arazo kulturalak ere. Sandelen beste kezketako bat meritokrazia da. Berez lanpostuak edo abantailak merezimendu eta esfortzu pertsonalik gabe lortzea baino hobea bada ere, meritokrazioa ez da irtenbidea, baldin eta abiapuntuko egoeran desberdintasunak badaude. Izan ere, desberdintasunetik abiatuta meritokraziak are desberdintasun handiagoak sorrarazten ditu.

José María Guibert errektorea uste horretan oinarritu da unibertsitateen eginkizunaz hausnartzeko, kontuan hartuta gaitasun eta lan ahalmen handiena dutenak sartzen direla erakunde horietara eta unibertsitateko tituluek aukera gehiago eta arrakasta handiagoa izateko bidea ematen dutela. Errektorearen iritziz, errealitate horrek gogoeta eragin behar digu. Unibertsitateko hezkuntzak ez du gaitasunik handiena dutenak edo pribilegiatuak gero eta irabazleagoak izateko plataforma izan behar; aitzitik, pentsatu behar dugu zer ekarpen egiten dion gradu edo lanbide bakoitzak denon ongiari, zer betebehar daukagun herritarrok elkarrekiko, legezko betebeharrez gain. Izan ere, “unibertsitateak aniztasuna, auzolana eta gizarte kohesioa sustatu behar ditu, ez elitismoa”, defendatu du.

Ildo horretan, ondorioztatu du lanaren beraren zentzuan sakondu behar dugula, eta bultzatu lansarian ez baizik lanbidean berean datzala lanaren duintasuna. “Aristotelesetik hasi eta dotrina sozial katoliko berriraino defendatzen da zenbat eta ekarpen handiagoa egin denon ongiari hainbat eta gizatiarrago garela. Lanak beharrezko egiten gaitu bizikide ditugun pertsonen beharrei erantzuteko eta horrexetan datza beraren duintasuna.

Errektorearen hitzaldia osorik.

Ekitaldia Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren hitzekin amaitu da.

 

 

 

23/09/2020 - Acto de apertura del curso académico 2020-21 / 2020-21 ikasturtearen hasierako ekitaldia