Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko irailak 22Donostiako Campusa

Deustuko Unibertsitateko 2021-22 ikasturtearen hasiera ekitaldia

Deustuko Unibertsitateak hasiera ofiziala eman dio 2020-2021 ikasturteari, irailaren 22an. José María Guibert errektoreak iragarri duenez, duela bi urte baino % 17 ikasle berri gehiago dituela hasi da. Eta, erabateko presentzialtasunera pasatzeko dena prest duela gaineratu du. Iazko ikasturtearen amaieran, ordutegi eta planifikazio bikoitza landu zen. Hortaz, dena dago prest, osasun krisiaren aurreko egoerara edozein unetan itzultzeko.

Atzean geratuko dira pandemiaren gorabeherek markatutako ikasturteak. Iazko ikasturtean, Deustu izan zen ikasturte osoan zehar zabalik egon ziren unibertsitate gutxietako bat. Zenbakiz frogatu zien osasun arloko agintariei Unibertsitatea lanerako eta ikasteko toki segurua zela. Aurrez aurreko irakaskuntza guztizkoaren % 70 izan zen eta gainerako urrutikoa izan zen. Azken bi urte hauetan, asko hitz egin da teknologiaz eta digitalizazioaz, baina ez hainbeste irakaskuntzaren kalitateaz eta ikaskuntzaren fruituez. Hala ere, krisia aukera bikaina izaten ari da hezkuntza ereduan sakontzeko. Izan ere, errektoreak dioenez, eztabaidagai nagusia ez da teknologia edo presentzialtasuna, hezkuntza bera baino.

Gai hori dela eta, José María Guibertek uste du edukiak eta prozesuak aldatu egin behar ditugula. Guiberten hitzetan, prestakuntza “kartara izan beharko da” Netflix-en estiloko plataforma irekien bidez, ez programazio itxien bidez. “Musikarekin edo zinemarekin gertatzen ari dena gertatuko da prestakuntzarekin”, iragarri du. Errektorearen aburuz, aktiborik handiena jakintza izango da, baina jakintzarako sarbidea desberdina izan beharko da. Bestela, Unibertsitateak ez du gizarte berrikuntzan ekarpenik egingo.

Bestalde, Unibertsitateak izateko arrazoia berreskuratu beharko du: kultura, ikuspegi, ideia, pentsamendu aniztasunerako espazioa izan beharko du, haien arteko solasa sortzeko eta berritzeko espazioa, soluzio berriak eta hobekuntza ekartzekoa. Horretarako, endogamia eta protekzionismoa baztertu beharko ditu. “Jakintza eta ekoizpen akademikoa Open Access-ekoa izan beharko da eta gizarte osoaren esku egon, ez bakarrik gizarte egoera onean daudenen esku”, zehaztu du.

Berrikuntzak Osasun Zientzien arloan

Unibertsitateko ordezkari nagusia ikasturte hasierako hitzaldiaz baliatu da lantzen diharduten zenbait ekimenen berri emateko. Horien artean, Osasun Zientzien arloko gradu gehiago zabaltzea azpimarratu du. Zehazki, 2022an, Erizaintzako Graduarekin hastea aurreikusten dute bi campusetan eta Ingeniaritza Biomedikoko Graduari ekitea Bilbon. Agendan daude zenbait master eta doktorego bat ere. José María Guiberten esanetan, “bio” eta “osasun” arloen aldeko apustuak hobetu egingo gaitu unibertsitate gisa, zientzia eta gizarte arazoak artatu ahal izango baititugu ikuspegi holistiko eta osotik. Donostiako “Larramendi” eta Bilboko “DeustoBio” eraikin berriek lagunduko dute ekimen horiek burutzen.

Berrikuntza gehiago: Madrilen zabaltzearen aldeko apustua. Comillas Unibertsitate Pontifikaleko ICADErekin unibertsitate zentro bat sortzeko prozesuan dago Deustu, eta nazioarteko izaera markatua izango du. Helburua enpresa eta erakundeen arloko prestakuntza eskaintzea da. Alde horretatik, lau unibertsitate master eta programa labur batzuk antolatzea aurreikusi dute datorren ikasturterako. Langintza horretarako, Washingtongo Georgetown University izango dute bazkide akademiko, eta Asiako beste bazkide bat bilatzen ari dira jesuiten unibertsitateen artean.

Deustuko Unibertsitateak sendotu egingo du nazioartera zabaltzearen aldeko apustua. Iazko ikasturtetik, UNIC proiektuan parte hartze aktiboa du, zortzi herrialde desberdinetako zortzi unibertsitaterekin, europar unibertsitateen deialdiaren barruan. Horri gehitu behar zaio jesuiten sareekin egiten duen lana: UNIJES, espainiar unibertsitateekin; Kircher, europar unibertsitateekin; IAJU, mundu osoko unibertsitateekin. Ikastetxeak oso paper aktiboa du eta, erronka globalen inguruan, ‘elkarri lagundu eta elkarrekin pentsatzea lortu nahi dugu’. Izan ere, beste herrialde batzuetatik eta beste herrialde batzuekin pentsatzea ariketa berria da, eta “unibertsitate izateko eta egiteko era berrietara zabaldu behar gaitu”, errektoreak azpimarratu duenez.

Era berean graduen diseinu berrian, zeharkako gaitasunen prestakuntza plan bat ezarriko du ikastetxeak, unibertsitateko ikasle guztientzat berdina izango dena. Hauek izango dira gaitasunak: (1) nork bere burua ezagutzea, etika, gizarte erantzukizuna eta ingurumen erantzukizuna eta haraindikotasunera zabaltzea; (2) talde-lana eta lidergoa; (3) ekintzailetza, berrikuntza eta sormena; (4) ahozko eta idatzizko komunikazioa kultura ugariko inguruetan; (5) etengabeko ikaskuntza, autonomoa eta kritikoa; eta (6) gaitasun digitala. Horrekin Deustuk hobetu egingo du prestakuntza, gero eta garrantzi handiagoa duten “soft skills” izenekoetan.

Europar Unibertsitateen Elkarteko Biltzarraren egoitza

Deustuk Estatu eta nazioarte mailan duen hezkuntzaren berrikuntzako lidergoaren barruan, azpimarratu behar da Europar Unibertsitateen Elkarteak (EUA ingelesez, 800 unibertsitatetik gora biltzen dituenak) Deustun ospatuko duela otsailean “European Teaching and Learning Forum” urteko biltzarra. Garrantzizko gaiak aztertuko dira, pandemia dela eta, eta teknologiari eta digitalizazioari buruzkoak baino, ikaskuntza, jakintza denen eskura jartzea edo nazioarteko ikuspegia bezalako gaiak planteatuko dira.

Azkenik, Deustuk prestakuntza dualaren aldeko apustua indartuko du. Unibertsitateak 12 titulaziotarako zigilu duala lortu du, Prestakuntza Duala Bideratzeko Eskola jarri du abian eta, aste batzuk barru, proiektu horretan laguntzen duten 120 enpresa eta erakundeekin topaketa garrantzitsu bat izango du. Guibert errektoreak gogoratu du dualtasuna ez dela, besterik gabe, enpresako praktikekin baliokidetuko diren irakasgai gehiago izatea. “Asmoa da enpresa, erakunde eta administrazioek irakasgaiak diseinatzen, ematen eta ebaluatzen parte hartzea. Gure kasuan, enpresetako 130 erraztailek eta Deustuko 20 koordinatzailek egiten dute lan hori posible”, azaldu du eta erantsi du Eusko Jaurlaritza eta Confebask ere sartu direla langintza horretan, ikasle horientzat lan kontratuak egin ahal izan daitezen. “Bide hori hartu behar du etorkizunak. Unibertsitatearen, enpresaren eta gizartearen arteko arrakala hausteko eta eragile ugariren arteko lana sustatzeko bide bat da”, ondorioztatu du.

Hitzaldiari amaiera emateko, azken erreferentzia bat egin du bere hitzei zentzu osoa eman diena: “Jesusen Lagundiak urteurren berezi bat bizi du: San Ignazioren “konbertsioaren” 500. urteurrena. Eraldaketa eta konbertsioko urtea, denentzako gonbidapena luzatzen duena eta guk, Deustutik, berrituz eta aldatuz egiten duguna, Unibertsitate gisa ematen dugun zerbitzua hobetzeko”.

Hitzaldi osoa


Esperimentatu eta aztertu ikasteko

Ikasturte hasierako ekitaldiaren barruan, 2020-2021 ikasturteko memoria akademikoa irakurri du Stella Solernou idazkari nagusiak (2020-2021eko memoria akademikoa), eta “Ametsa eta amua urrutiko esperimentazioan” hasiera hitzaldia eskaini du Ingeniaritza Fakultateko katedradun Javier García Zubiak. Eskola magistral horretan, urrutiko irakaskuntzari eta esperimentazioari buruzko esperientzia eta hausnarketa partekatu ditu, García Zubia irakasleak aspaldiko urteetan landu eta ikertu duen arloan murgilduz.

Urrutiko laborategi batean –azaldu du–, ikasleak esperimentua aurrean eduki gabe esperimentatu dezake. Teknologiak egiten du ikaslearen eta laborategiko ekipamenduaren arteko distantzia: ikaslea sartzen da eta hark kontrolatzen du esperimentua Internet erabiliz. Urrutiko esperimentazioak 25 urte betetzen ditu aurten. Zubia irakaslearen iritziz, “esperimentatzea eta aztertzea dira STEAM izenez ezagutzen diren diziplinak ikasteko erarik onenak eta urrutiko esperimentazioak lagundu egin nahi die irakasleei eta ikasleei ahalegin horretan”.

Urrutiko laborategiaren diseinatzaileak teknologiaren ezaguera zabala izan behar duela erantsi du, baina alboko beste alderdi batzuk ere izan behar dituela kontuan, funtsezkoak baitira hezkuntzako elkartean eta politikan benetako eragina lortzeko.

Hasiera hitzaldi osoa euskaraz

Ikasturtearen hasiera Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzekin amaitu da eta hala eman zaio hasiera ofiziala ikasturteari.

22/09/2021 - Apertura del curso académico 2021-22 de la Universidad de Deusto