Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko apirilak 12Donostiako Campusa

Ane Arbillaga Deustuko Unibertsitateko irakaslea Fisioterapiako Mundu Biltzarrean

Ane Arbillaga, Deustuko Unibertsitateko Fisioterapiako irakasle eta dekanordea, saritu egin dute Fisioterapiako 2021eko Munduko Biltzarrean, Fisioterapiaren arloko profesionalen taldearekin batera. Talde horrek ikerketa bat egin du heldu osasuntsuen PiMax eta PeMax maniobren iraupen idealari buruz, gehienezko arnas presioak zehaztasunez ebaluatzeko. Ikerketaren koordinatzailea Ana Lista izan da, A Coruñako Unibertsitateko Fisioterapia Fakultateko irakaslea.

"Which is the ideal duration of maximal respiratory pressure manoeuvres to accurately measure PImax and PEmax in healthy adults?" zeharkako azterlan multizentrikoa da, eta estatuko 14 zentrok parte hartu dute. PiMax eta PeMax maniobren iraupen egokiena aztertzea du helburu, gehienezko arnas presioak zehaztasunez ebaluatzeko. Pimaxak indar diafragmatikoa ebaluatzen du batez ere; Pemaxek, berriz, saihets-arteko eta sabelaldeko muskuluena. Arnas presio maximoak (PRM) oso erabilgarriak dira arnas muskuluei eragiten dieten gaixotasunen diagnostikoan eta jarraipenean. 239 subjektu aztertu ondoren, ondorioztatu zen nazioarteko protokoloan ezarritako maniobra denbora ez dela beti nahikoa arnas presio maximoak ebaluatzeko gehieneko ahalegina identifikatzeko.

World Physiotherapy Congress 2021 online ekimenak mundu osoko adituak bildu zituen apirilaren 9tik 11ra, ideia berritzaileak trukatzeko eta partekatzeko, eta fisioterapiak ikerketan, hezkuntzan, kudeaketan, politiketan eta praktika klinikoan dituen inplikazioen analisia egiteko.

World Physiotherapy 1951ean sortutako irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta 660.000 fisioterapeuta baino gehiago ordezkatzen ditu mundu osoan, 125 erakunderen bidez. Bere ikuspegia fisioterapian aurrera egitea da, mundu mailan aintzatetsitako lanbide gisa, osasuna eta ongizatea hobetzeko duen zeregin garrantzitsuagatik.