Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko irailak 20Bilboko Campusa

Elena García Armada zientzialariak irabazi du 2021eko Emakume Teknologoarentzako Ada Byron Saria

Elena García Armada valladolidtarrak irabazi du Emakume Teknologoarentzako Ada Byron Sariaren zortzigarren edizioa, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak antolatua. Ada Byron saria, gazteen kategorian, Jordina Torrents Barrenak lortu du.

Sariaren urrezko babeslea Microsoft da, baita Bizkaiko Foru Aldundia, Danobat Group eta Emakunde ere, eta babesleak Innobasque eta Basque HealthCluster dira. Sari banaketa datorren urriaren 14an izango da, Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan.

Elena García Armada Industria Ingeniaritzako doktorea da, CSICeko ikertzaile zientifikoa eta MarsiBionics-eko presidentea. Emaitza aitzindariak lortu ditu oinez mugitzen laguntzeko exoeskeleto pediatrikoen garapenean eta haren lanek zortzi patente lortu dituzte, nazioartean zabaldu direnak.

Ada Byronen omenezko sariaren irabazleak 100 lan zientifiko baino gehiago argitaratu ditu. 2013an, Marsibionics oinarri teknologikoko enpresa sortu zuen, jardueraren zatirik handiena transferentzia teknologikoari eskaintzen diona. Ikerketa eta ekintzailetza lanaren eragin zientifiko-tekniko eta sozial ikusgarriaren erakusle dira lortu dituen 40 sariak, izen handiko erakundeek emanak. Elena Garcíak garrantzi handiko batzorde zientifikoetan ordezkatzen du espainiar zientzia. Ikerketa Zientifiko eta Teknologikoko Asturiasko Printzesa Sariko epaimahaiko kidea, Transferentzia Teknologikoko Sari Nazionaleko epaimahaiko kidea eta Ingeniaritzako Erret Akademiako Emakumea eta Ingeniaritza programako Batzorde Estrategikoko kidea da, besteak beste. Kantabriako Medikuntzako Erret Akademiako Ohorezko akademikoa da.

Jordina Torrents Barrena
kataluniarrak, bere aldetik, Ada Byron sariaren gazteentzako edizioa irabazi du. Torrentsek 2019an lortu zuen doktoretza Pompeu Fabra Unibertsitatean, adimen artifizialaren, ikaskuntza sakonaren eta irudi medikoaren esparruan. Horren aurretik, Informatikako Ingeniaritzan lizentziatu zen Rovira i Virgili Unibertsitatean (2014an) eta bi master egin zituen. Doktoregoko ikasketetan, egonaldiak egin zituen King’s College London-en eta Google UK-n. Gaur egun, HP Inc. – Large Format Printing-en Big Data & Analytics sailean (Bartzelona) egiten du lan, adimen artifizialeko eta ikaskuntza automatikoko taldea lideratzen. HP-ko lana Universitat Oberta de Catalunya-ko irakaskuntzako lanekin bateratzen du.


Ehun eta hogeita hamar hautagai baino gehiago

Epaimahaiak 95 hautagaitza jaso eta ebaluatu ditu, 3.000 euroko saria duen modalitate nagusirako; hautagaitza horietatik 12 izan dira finalistak. Ada Byron Gaztea Sarira (1.000 euroko zuzkidura) 42 hautagaitza aurkeztu dira eta haietatik zazpi izan dira finalistak. Kasu guztietan izan dira kontuan prestakuntza, zelako lanbideko jarduera duten sektore teknologikoan, gizarte mailako zabalkundean duten inplikazioa, hobetzeko ahalmena eta gero eta berdintasun handiagoa izan dadin laguntzeko ekimenetan parte hartu izana.

Epaimahaiaren iritziz, “aurten aurkeztutako hautagaitzetan, nazioarteko esperientzia eta gizartera aplikatutako ikerketarako bokazioa azpimarratu behar dira, baita gazteenen kuraia eta sareetan duten eragina”. Hautagaiak jatorri geografiko askotakoak dira, baita prestakuntza arlo ugaritakoak ere. Gehienak Informatika, Fisika, Matematika eta Telekomunikazioen arlokoak dira, baina oso profil espezializatukoak.


Bost herrialdetan zabalduta dagoen saria

Emakume Teknologoarentzako Ada Byron Saria estatu mailakoa da, duela zortzi urte Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak sortua, ikerketa esparruan eta garapen teknologikoan emakumezkoen bokazioak sustatzeko, bizitzako eta gizarte garapeneko esparru guztietan teknologiari ospea emateko, baita lan eta ikasketa horiek emakumeek egin izanak zelako ekarpena egin dion gizateriari erakusteko eta balioa aitortzeko ere.

Aurreko edizioetan, hauek izan ziren irabazleak: Montserrat Meya, adimen artifizialeko eta itzulpen automatikoko aditua; Asunción Gómez, “teknologia semantiko” izenez ezagutzen direnetako ikertzailea; Nuria Oliver, Telefónicako I + G-ko zuzendaria; Regina Llopis, Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) Adimen Artifizialera Aplikatutako Matematikako doktorea; María Ángeles Martín Prats, Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritza Elektronikoko saileko irakasle titularra; Concepción Alicia Monje Micharet, Robotikako ikertzailea eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakasle titularra; eta Laura Lechuga, Kimika Zientzietako lizentziatua eta COVID-19aren inguruko ikasketetako europar proiektuetako bateko koordinatzailea. Ada Byron sariaren gazteen kategoriako lehenengo irabazlea Ana Freire izan zen, ingeniaria eta Informatikako doktorea, eta Pompeu Fabra Unibertsitateko (Bartzelona) Ingeniaritza Eskolako ikertzailea eta irakaslea; eta hurrengo urtean Susana Ladra González, Informatikako doktorea eta Matematikako graduduna.

2019an, Deustuko Unibertsitateak nazioarteratzeko kapituluari eman zion hasiera, saria Mexikon banatzean; 2020an, Argentinara iritsi zen, eta aurten, gainera, Uruguayn eta Kolonbian ere banatuko da. Hortaz, saria bost herrialdetan dago ezarrita. Unibertsitateak espero du, epe ertainera, Europa eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetara zabaltzea, eta epe luzera, nazioarte mailako sari bat ematea.

Informazio gehiago
 

14/10/2021 - Deusto entrega el Premio Ada Byron a la Mujer Tecnóloga a Elena García Aramada y Jordina Torrens