Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko irailak 09Bilboko Campusa

Joaquín Nieto, Lanaren Nazioarteko Erakundeko (LANE) ordezkaria, Deustun

Lanaren Nazioarteko Erakundeak Espainian duen ordezkariak, Joaquín Nietok, irailaren 9an bisitatu zuen Deustuko Unibertsitatea ekimen bat aurkezteko: “Unibertsitateen arteko LANEren justizia sozialerako, lan duinerako eta garapen jasangarrirako ekimena”. Helburua hau da: LANEren eta mundu akademikoaren artean lankidetzan parte hartzeko bideak zabaltzea.


Esparru horretan, Joaquín Nietok lankidetza hitzarmen bat sinatu du Deustuko Unibertsitatearekin eta hitzaldi bat eskaini du, lehenengoa ikasturte atipiko honetan. Landu duen gaia hauxe izan da: “Covid-19aren gizarte eta lan arloko ondorioak”. Solasaldian adierazi du pandemia aukera bat dela, aldatu eta etorkizun bidezkoagorantz aurrera egiteko.


LANEko presidenteak mundu aldakorra aurkeztu digu: digitalizazioa testuinguru globalizatuan benetako iraultza disruptiboa da, lanaren antolaketari eragiten diona, bereziki. Haren hitzetan, ulertu egin behar dira aldaketa horiek, trantsizioko uneetan lagungarri izango diren mekanismoak planteatu ahal izateko. 100 urte beteak dituen erakunde horren erronkak gainditu egin ditu COVID-19aren krisiak.


Joaquín Nietoren ustez, koronabirusak eragin ‘ikaragarria’ izan du, batez ere aparteko arreta merezi duen hiru taldetan: kontraturik gabeko langileen, emakumeen eta gazteen artean. Lehenengo taldeari loturik, zehaztu du munduan dauden 3.000 milioi langiletatik, bi heren “ekonomia informalean” ari direla eta, ondorioz, “gauetik goizera pobreziarik handienera pasatu” direla, eta alde horretatik Espainian dagoen “gizarte ezkutua” defenditu du.


Emakumeak pandemian kolperik latzena jasan dutenak izan dira, ez lan falta zegoelako, baizik eta lan baldintza okerragoak dituztelako eta “telelanean” presio handiago sufritzen dutelako, familia zaindu beharrari loturik. “Desberdintasunak konpontzea premiazkoa da”, esan du. Alde horretatik, hizlariak uste du “zainketei balioa aitortzea oinarrizkoa izan behar dela” pandemiaren ondorengo gizarte berrian, ordaindu gabeko zainketa nabarmendu behar dela. Genero arrakalan bete-betean murgildurik, zainketa lanak dira emakumeek sufritzen duten lehenengo diskriminazioa, lan munduan sartzeko orduan.


Gehien sufritu duen hirugarren taldea gazteena izan da, ez osasunaren ikuspuntutik, langabeziarenetik baino. Izan ere, langabezia “izugarri” igo da pertsona horien artean, eta horrek arazo larria dakarkio gizarteari. Nietori ez zaio belaunaldi galduaz hitz egitea gustatzen, baina egiaztatzen du gaiari behar den arreta eskaini ezik, herrialde batzuetan belaunaldi galduaz hitz egingo dela eta hori oso larria dela.


COVIDaren ondorengo LANEren lehenengo analisiek “izu-ikara” eragiten dute, nahiz eta krisi honetatik irten gaitezkeen eta Espainia hori egin dezakeen herrialdeetariko bat den. Horretarako, LANEk 4 neurri nagusi proposatzen ditu: onbideratze ekonomikorako eta enplegurako ekintzak, “gastatu egin behar delako”; lana babestea eta babes soziala, enplegua galtzea saihesteko; osasuna babestea, osasun agintariek hartzen dituzten neurriak lagunduz, laneko osasuna ahaztu gabe; eta elkarrizketa soziala, neurri konplexuak hartu behar direlako eta elkarrizketarik gabe ez delako aurrerapausorik ematen.


Joaquín Nietoren aburuz, pertsonetan eta erakundeetan inbertitzeak indarturik atera beharko luke pandemiatik. Nolanahi ere, COVID-19a ‘kontingentzia’ bat da baina beste kontingentzia batzuk ere badira, garrantzi handikoak, ahaztu ezin direnak, klima aldaketa, esaterako. Esparru horretan sortu da “LANEren justizia sozialerako, lan duinerako eta garapen jasangarriko helburuetarako unibertsitateen arteko ekimena”. Nietoren ustez, Garapen Jasangarrirako Helburuak (pobreziaren kontra babes sozial eta ongizateko mekanismoen bidez, egoera guztietan osasun publikoko sistema eta politiken bidez borrokatuz) LANEk dituen erronka guztietan sakontzeko modua ematen duten palankak dira, duela 100 urte baino gehiagotik, COVID-19aren aurretik eta ondoren.


Lankidetza hitzarmena


José María Guibert errektoreak eta LANEko arduradun Joaquín Nietok sinatu dute Deusturen eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen arteko lankidetza hitzarmena, ikerketa proiektuen garapenean, giza baliabideen prestakuntzan eta lan eskubideen sustapenaren aldeko lankidetza teknikoko jardueretan elkarrekin lan egiteko.


Akordioak jarduera esparru bat ematen du, bi erakundeak batera jorratzen ari zirena (ikasleen praktikak, esaterako), eta bidea zabaltzen du bien intereseko ekimen berrietarako, Garapen jasangarrirako Helburuei lotuta dagoen Agenda 2030 eta lan harremanekin lotutako gaiak, lanaren nazioarteko arauak, globalizazioa eta lan arloko nazioarteko gobernantza, edo babes soziala bultzatzeko, lanaren mundua eta nazioarteko ikuspegia, azken batean. Ikastaroak, ikerketak, mintegi, sinposio eta nazioarteko solasaldien antolaketa ere jasotzen ditu akordioak.

09/09/2020 - El representante de la Organización Internacional del Trabajo-OIT, Joaquín Nieto, en Deusto