Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko martxoak 25Bilboko Campusa

Deustuko ikasleek Eusko Legebiltzarreko hiru ekimen aztertu dituzte, gazteriarekin, Lanbide Heziketarekin eta Ekintzailetzarekin lotutakoak

Deustuko Unibertsitateak martxoaren 25ean, 26an eta 27an egin zuen, Bilboko campuseko auditorioan, Eusko Legebiltzarraren simulazioaren hirugarren edizioaren azken fasea. Proiektua eztabaida klubari lotutako ikasleek diseinatutako ekimena da, eta Eusko Legebiltzarraren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko etengabeko hezkuntza lankidetzak ahalbidetzen du, Deustu Campuseko prestakuntza arlo osagarriaren eta Zuzenbide Fakultatearen bidez.

Edizio bakoitzean Legebiltzarreko hiru ekimen izapidetzen dira osorik hasieratik amaierara: testuaren idazketa, zuzenketen fasea, eztabaida ponentzian eta batzordean eta azken bozketa Osoko Bilkuran. Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarraren legegintza prozesua egiten da: Jaurlaritza, 75 legebiltzarkide, legebiltzar taldeak, aholkulariak eta abokatuak, batzordeak, ponentziak eta osoko bilkura.

Ikasturte honetan, gaur egun Eusko Legebiltzarrean garatzen ari diren edo iraganean garatu diren hiru ekimen erreal hartu dira erreferentziatzat, aztertzeko eta eztabaidatzeko, zehazki, arlo hauetakoak: Lanbide Heziketa (euskaraz izapidetzen dena), Gazteak (gaztelaniaz izapidetzen dena) eta Ekintzailetza eta Enpresa Txikiarentzako Laguntza (gaztelaniaz izapidetzen dena).

Hiru legegintza ekimenek dagoeneko gainditu dituzte zuzenketen, ponentziaren eta batzordearen faseak; guztiak simulatuta daude. Prozesua amaitzeko, hiru batzordeen irizpenak Osoko Bilkurari aurkeztu zaizkio, simulatuta. Ikasturte honetan, pandemiaren egungo egoera dela eta, Osoko Bilkurak Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusean soilik egitea erabaki zen, hiru egunetan zehar, modu mailakatuan, egun Unibertsitatean indarrean dagoen presentziazko irakaskuntza-sistema egokituarekin bateragarri egiteko eta, horrela, ahal den neurrian, segurtasun baldintza egokiak bermatzeko.

Lehen osoko bilkura martxoaren 25ean, ostegunean, izan zen, eta Lanbide Heziketari buruzko testua eztabaidatu zuten. Bigarren osoko bilkura hurrengo eguneko (martxoak 26, ostirala) arratsaldean egin zen, eta ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko ekimenari buruz eztabaidatu zen. Azkenik, hirugarren osoko bilkura martxoaren 27ko goizeko txandan izan zen, eta Gazteriaren inguruko Legebiltzarreko ekimena izan zuten hizpide.

Simulatutako hiru osoko bilkurak Eusko Legebiltzarreko benetako osoko bilkurak pandemia garai hauetan egiten ari diren modu berean egin ziren.