Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko azaroak 23Bilboko Campusa

Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari Buruzko 2021eko Txostena: Orkestrak garapen ekonomikoan eta ongizate orekatuan jartzen du arreta

Pandemiaren gizarte eta ekonomia ondorioek eta trantsizio berdeari, digitalari eta demografiko-sozialari erantzuteak eskatzen dute lehiakortasunaren arloko azterketek aurrerapen ekonomikoaz harantzago doazen dimentsioak ere kontuan hartzea. Lehiakortasunari buruzko 2021eko Txostenak, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak egin duenak, SPRI Taldeak lagunduta, esparru berri bat proposatzen du, funtsezko dimentsio berri batzuk kontuan hartzeko Euskal Autonomia Erkidegoan ongizate inklusiboa eta jasangarria helburu izango duen lehiakortasunaren gakoak identifikatzeko orduan.

Lehiakortasunari buruzko 2021eko Txostenak aztertzen du nola dagoen Euskal Autonomia Erkidegoa ongizateari begiratuta, zein ari den izaten bere ekonomia eta enpresa errendimenduaren bilakaera eta zein diren etorkizuneko lehiakortasunerako palankak. Azterketa gaur aurkeztu dute hedabideen aurrean Deustuko Unibertsitateko errektoreak, José María Guibertek; Orkestrako presidenteak; Iván Martén Uliartek; Institutuko zuzendariak, Mari Jose Arangurenek; eta Susana Franco ikertzaile seniorrak.

Guiberten iritziz, unibertsitateak gizartearen zerbitzura egon behar du eta “gizarte eta giza pentsamendu kritikotik abiatuta eraikitako jakintza eskaini behar dio”. Ildo horretatik, Orkestra da Deustuko Unibertsitateak euskal gizartearen zerbitzura jartzen duen tresnetako bat.

Bestalde, Martének azpimarratu du ziurgabetasun handiko garai honetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren erronkarik handiena, etorkizunari begira, “lehiakortasunerako estrategia sendotzea dela, gizarte erronka handiekin lerrokatuz, datorren belaunaldiari begira, lurraldearen garapen jasangarrirako aukera ere izan dadin”.

Arangurenek adierazi du lehiakortasunerako esparru berria “Euskal Autonomia Erkidegoak zein beste lurraldeek aurrean dituzten erronketara egokitu” dela, “ongizatea helburu izango duen lehiakortasuna lortzeko”. Gainera, Orkestraren ikerketa agenda bideratzen ere lagunduko du.

Euskal Autonomia Erkidegoko ongizate eta ekonomia eta enpresa emaitzak

Pandemiaren gizarte eta ekonomia ondorioek eta hiru trantsizio handiei erantzuteko beharrak (trantsizio berdea, digitala eta demografiko-soziala) eskatzen dute lehiakortasunaren arloko azterketetan aurrerapen ekonomikoaz harantzago doazen dimentsioak ere kontuan hartzea. Horregatik, Orkestrak lehiakortasunerako esparru berri bat proposatzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan zein beste lurralde batzuetan, “ongizatea helburu izango duen lehiakortasunaren” gakoak identifikatzeko orduan funtsezko hainbat elementu barne hartzen dituena.

Orkestrak aipatutako dimentsio horiek aztertu ditu eta ondorioztatu du Euskadin ongizatearen maila ona dela, batez ere, bizitzarekiko gogobetetasunari, ikaskuntzari eta osasunari dagokionez. Bestalde, beste alderdi batzuetan lanean jarraitu behar da, bereziki, enpleguaren eta ingurumenaren arloetan.

- Euskal herritarrek gizarte bizitzarekin eta bizitza materialarekin gogobetetasun maila handia erakusten dute. Pandemia bizi izan dugun arren, bizitzarekiko gogobetetasunak hobera egin du EAEn, gutxi bada ere (7,5 zen 2020an eta 7,4 2018an). Pertsonenganako konfiantzan ere hobera egin da azken urteetan eta erreferentziazko beste erregio batzuen parean gaude orain. Elementu hori garrantzi handikoa da trantsizioetarako beharrezkoak diren lankidetza dinamiketarako. Bizitza materialari begiratuta, errentaren mediana baliokidea (22.638 € EAP) handia da, EB-27ko batezbestekoarekin alderatuta (17.325 € EAP). Gainera, azken urteetan handitzen ari da eta, gaur egun, ia Alemaniakoaren parera iritsi da (22.693 € EAP).

- Euskal Autonomia Erkidegoak emaitza oso onak ditu bizitzan zeharreko ikaskuntzan. Gainera, goi mailako hezkuntza (goreneko bigarren hezkuntza edo hirugarren hezkuntza) duen biztanleriak bilakaera positiboa izan du eta horrek ahalbidetu du 2013az geroztik adierazle horretan Europako erreferentziazko erregioekin aldea nabarmen murriztea. 2019 eta 2020 urteen artean, gainera, jauzia handia izan da.

- Osasunari dagokionez, bizitza itxaropena jaiotzerakoan aztertutako gainerako lurraldeetan baino handiagoa da (84 urte EAEn eta 81,3 urte Alemanian eta EB-27an). Norberak hautemandako osasun egoera ere Europako batezbestekoaren eta Alemaniako datuaren gainetik dago (72,1, 68,6 eta 65,5, hurrenez hurren).

- Langabezia tasak hobera egin du eta % 10aren azpitik dago bai 2019an eta bai 2020an. Hala ere, hobetzeko aukera badago, EB-27ko batezbestekoarekin (% 7,1) eta erreferentziazko beste industria erregio batzuekin alderatuta, esate baterako, Baden-Wutemberg eta Austria Garaia. Kalitatezko enplegua sortzea, bereziki gazteentzat, oraindik ere erronka kritikoa da Euskal Autonomia Erkidegoan.

- Ingurumenari dagokionez, airearen kalitateak hobera egin du, baina oraindik asko dago hobetzeko berotegi efektua eragiten duten gasen isurietan. Aurreko urteetan hobera egin badu ere, birziklatze tasa Europako batezbestekotik atzera gelditzen da. Trantsizio berdea bizkortzeko beharra erronka globala da. Horregatik, funtsezkoa da dimentsio honen errendimendua hobetzea, besteak beste, Europako Itun Berdearen edo Basque Green Dealen laguntzaz.

- Azkenik, erronka garrantzitsuak ikusten ditugu inklusibitatean ere. Izan ere, adierazleek genero arrakala erakusten dute, emakumeei kalte egiten diena, segurtasun sentsazioari eta soldatei dagokienez. Emakumeen batez besteko segurtasun sentsazioa gizonena baino % 22 txikiagoa da eta soldata, % 9,5 txikiagoa.

Euskal Autonomia Erkidegoan azken hamarkadetan industria ardatz hartuta bideratu den lurralde estrategiak emaitza onak izan ditu eta lurraldea ongi kokatuta dago COVID-19ak eragin duen krisiari aurre egiteko. Hala, nahiz eta pandemia bizi izan, Euskal Autonomia Erkidegoa oraindik ere biztanleko BPG handiena eta pobrezia edo gizarte bazterketako arriskuan dagoen biztanleriaren proportziorik txikiena duten Europako erregioen artean dago. Zehazki, 29 eta 26. tokietan dago, hurrenez hurren, Europar Batasuneko 200 erregio baino gehiagoren sailkapenean.

Baina nahiz eta erregioaren lehiakortasunaren oinarriak sendoak izan, ekonomia eta enpresa emaitzek pandemiaren eragina erakusten dute eta susperraldiari begira kontuan hartu beharreko hainbat elementu identifikatzea ahalbidetzen dute:

- Euskal Autonomia Erkidegoan, lan egindako ordu bakoitzeko produktibitatea handiagoa da (42,6 € orduko) Espainian (33,4 € orduko) eta EB-27an baino (37,6 € orduko), baina, oraindik ere, Alemania (50,7 euro orduko) eta erreferentziazko erregioak gure aurretik daude.

- Euskal Autonomia Erkidegoko unitateko lan kostua (ULK) erreferentziazko beste bi lurraldeen azpitik dago. Hala ere, manufaktura sektorea hartuta, Espainiaren eta EB-27aren gainetik dago, 2017az geroztik, lehenengo aldiz.

- Enpresa txiki eta ertainen berrikuntzak hobera egin du (2018an, ETEen % 39,9k egiten zuen berrikuntza motaren bat), baina oraindik ere bidea dago Europako batezbestekora iristeko (% 49,2). Txostenak azpimarratzen du garrantzitsua izango dela enpresen berrikuntza ahalmena indartzen jarraitzea, aurrean ditugun trantsizioek produktu eta prozesuko berrikuntzen konbinazio berriak eskatuko baitituzte.

Laburbilduz, pandemiak eragin negatibo handia izan du enpresen errentagarritasunean. Horregatik, garrantzitsua da enpresen lehiakortasunari eustea, produktibitatea handituz eta, bereziki, berrikuntza bultzatuz, trantsizio handiei lotuta.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunaren palankak aztertzea

Berritasun gisa, aurtengo txostenean sei palanka dinamiko aztertu ditugu. Palanka horiek adierazten digute nora bideratu behar diren estrategiak eta politikak enpresen lehiakortasuna eta ongizatea hobetzeko. Palanka horietako bakoitzean, txostenak Euskal Autonomia Erkidegoaren indarguneak identifikatzen ditu, baita aurrean dituen erronketako batzuk ere.

- Kapital naturala: euskal ekonomian industriak duen pisu handia eta kontsumitzen duen energia kontuan hartuta, erronka nagusia da pausoak modu ordenatuan ematea zero isuri garbi lortzeko, ahalik eta gizarte eragin txikienarekin. Baina, aldi berean, energia eta ingurumeneko trantsizioak aukerak ere sortuko ditu enpresentzat. Oso balio kate lehiakorrak ari dira garatzen energia sektorearen arlo batzuetan, esate baterako, energia berriztagarrietan. Eta ingurumen sektoreko enpleguak ere gora egin du: 2015ean enplegu osoaren % 1,7 bazen, 2019an % 2,3ra iritsi da. Gainera, indarra hartzen ari diren beste sektore batzuek ere (energiaren biltegiratzea eta hidrogenoa, esate baterako) datozen urteei begira aukera handiak eskaintzen dituzte hazteko.

- Kapital fisikoa: EAEn, industrian inbertitzeko kulturak garrantzia du. Makinerian eta ekipo ondasunetan egindako inbertsioak hazten jarraitu du eta 2014az geroztik, Alemaniako balioen gainetik dago. 2020an, kapital finkoaren eraketa gordinaren % 36,8 zen Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 32,3, Alemanian. Ekipo ondasuneko sektoreetako enplegua ere hazten ari da. Hala ere, orokorrean, inbertsio mailak behera egin du, BPGrekiko proportzioan, eta beharrezkoa da 2008ko krisiaren aurretik ikusten ziren maila handiagoak berreskuratzea.

- Finantzaketa: euskal enpresek kapitalizazio handiko profila dute eta ondare garbiaren pisua handiagoa da hemengo enpresetan, Espainiako eta Europako enpresetan baino. Gainera, EAEko administrazio publikoak finantza egoera onean iritsi ziren pandemiara. Hala ere, susperraldi ekonomikoak eskatuko du bai lurraldeko finantza baliabideak erabiltzea eta bai atzerritik funts gehiago erakartzea. Euskal enpresek atzerrian duten zuzeneko inbertsioaren stocka handia da, baina zailtasunak daude atzerritik gurera inbertsioa erakartzeko.

- Jakintza: Euskal Autonomia Erkidegoak aurrera egin du eraldaketa digitalean eta Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, tokia irabazten joan da. I+Gko gastua BPGrekin kalkulatuta, ordea, Europako batezbestekoa baino txikiagoa da. Osagai hori indartzea da orain erronka, I+G hiru trantsizioen erronketara eta aukeretara bideratuz, berrikuntzako emaitzetan aurrera egiten jarraitzeko eta enpresen lehiakortasuna areagotzeko.

- Giza kapitala: trantsizioei lotutako esparruetan ikaskuntza indartzea funtsezkoa izango da enplegua sustatzeko eta jarduera tasak hobetzeko, bereziki emakumeen eta gazteen artean. Azpimarratzekoa da Euskal Autonomia Erkidegoak Europako batezbestekoak baino balio hobeak dituela bizitzan zeharreko ikaskuntzan (% 13,1 Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 9,2 EB-27an). Adierazle hori, hain zuzen ere, funtsezkoa da lan ingurunea hain aldakorra denean. Esparru horretan, aipatzekoak dira prestakuntza duala ezartzeko egiten ari diren ahalegin handiak, enplegagarritasuna handitzea lortzeko.

- Gizarte eta erakunde kapitala: EAEn, enpresen arteko lankidetza maila Europako batezbestekoaren eta Alemaniaren gainetik dago. Lankidetza kultura urte askoz joan da sustatzen, kluster politiken eta administrazio maila desberdinetako beste ekimen batzuen bidez. Hala, berrikuntza indartzeko indargune garrantzitsua da. Etorkizunari begira, erronka izango da lankidetza maila hori sendotzea eta beste eragile batzuk ere erakartzea, trantsizioen erronkei eta aukerei lotutako asmo handiagoko proiektuei erantzun ahal izateko.

Azken batean, txostenak erakusten du Euskal Autonomia Erkidegoak bizitzarekiko gogobetetasun maila handia eta ekonomia eta enpresa errendimendu ona lortu dituela. Lehiakortasunerako palanken diagnosiak iradokitzen digu nora bideratu behar diren estrategiak eta politikak, bai ekonomia eta enpresa lehiakortasuna eta bai ongizatea hobetzeko. Hala, lehiakortasuna hobetzeko funtsezko elementua produktibitatea da; ongizatea hobetzeko, berriz, enpleguan, ingurumenean eta inklusioan jarri beharko ditugu indarrak.

Txostena BIHAR aurkeztuko da, Lehiakortasunari buruzko Biltzarrean, Donostiako Kursaal jauregian, 16:00etan. Txostenaren aurkezpenaz gainera, ekitaldian Andrés Rodríguez-Pose London School of Economics-eko irakasleak Europako berrikuntza politiken inguruko hitzaldia eskainiko du. Hizlari berak ondorengo solasaldian ere hartuko du parte, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin batera. 

Txosten osoa irakurtzeko.

Argazkiak.

23/11/2021 - Informe de Competitividad del País Vasco 2021: Orkestra pone el foco en un desarrollo económico y de bienestar equilibrado