Guztira 12.000 m 2 -ko azalerako eraikin honek –ia erdia sestra azpitik– Deustuko Unibertsitateak jakintza arlo berrien alde egin duen apustuari erantzuten dio. Eraikinak Donostiako campusari instalazio modernoak emango dizkio irakaskuntza eta ikerketa jarduera garatzeko, unibertsitatearen eraldaketa digitala erraztuko du, campuseko bizitza sendotuko du, eta gizartearekiko harremanetan zedarri izango da, elkarlanerako aukera berriak ekarriko baititu.
Larramendi eraikinak campusari egiten dion ekarpena hiru ardatzen inguruan egituratzen da.
Hain zuzen ere, ardatz bakoitzak eraikinaren zati bat hartzen du::
- Ikasteko eta Ikertzeko Baliabideen Zentro-IIBZ moderno bat, liburutegiko azpiegitura eta ekipamendu berriak dituena.
- Ikasgela eta irakaskuntzako ekipamendu berriak, titulazio berrien beharrei erantzuteko.
- Kirol instalazioak eta punta-puntako laborategiak, Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako titulazioek edo etorkizuneko beste zenbaitek sortu dituzten beharrei aurre egiteko.
Hiru ardatz horiez gainera, eraikinak espazio berriak ekarriko ditu elkarrekin egoteko eta askotariko erabileretarako –erakusketa eremua, terraza, etab., eta, horien artean, Foro aretoa–, dimentsio ertaineko jarduerak eta ekitaldiak antolatzeko. Azpiegitura horiek unibertsitateari aukera emango diote bere proiekzio publikoa indartzeko eta gizarteko eragileekin elkarlanean aritzeko.