Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu

Ranking-ak

Global Teaching Excellence Award 2018 (GTEA)

Mundu mailan unibertsitateen irakaskuntza eta ikaskuntzako bikaintasuna aitortzen duen lehenengo saria da.

2018ko edizioan, mundu osoko 41 herrialdetako 300 unibertsitatek baino gehiagok hartu zuten parte. Deustu irakaskuntzaren bikaintasuneko (“teaching excellence”) munduko 6 onenen artean dago. Gainera, Deustuko Unibertsitateak irakaskuntzaren bikaintasuneko nazioarteko lehenengo sei sarietako bat jaso du, bertako hezkuntza ereduaren izaera sendo eta berritzaileagatik, eta ikasleen independentzia eta pentsamendu kritikoari egiten dion ekarpenagatik.

Times Higher Education Impact University Ranking

Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak kontuan hartu eta unibertsitateek egiten duten lana ebaluatzen du Times Higher Education rankingak, Unibertsitateen eragina. Ranking horrek zehazki neurtutako adierazleak erabiltzen ditu, konparazio integral eta orekatuak egiteko hiru arlo zabaletan: ikerketan, zabalkundean eta administrazioan.

2019ko lehen edizioan, 76 herrialdetako 450 unibertsitate baino gehiago daude. Deustuko Unibertsitatea 101etik 200erako tartean sailkatu da.

Deustu munduko 27 unibertsitaterik onenen artean eta espainiarren artean lehena da Nazio Batuen 16. GJHak bultzatzen: bidezko gizarte, baketsu eta inklusiboak sustatzen.

Rankingak aparteko eran balioetsi du elkarlana eta sareko lana, instituzioen, gizarte erakundeen eta gobernuz kanpoko erakundeen arteko lankidetzako ekosistema, gizarte bidezkoago, baketsu eta inklusiboagoak sustatzeko lanean, baita Deustuko Unibertsitatearen gizarte eragineko ikerketa ere helburu hori garatzera begira.

Kalitateko Hezkuntzan, 4. GJHan, DU 50. tokian dago mundu mailan eta 5. tokian dago Estatu mailan.

Times Higher Education World University Ranking

Times Higher Education World University Rankingak munduko 1.000 unibertsitaterik onenen sailkapena eskaintzen du. Nazioarteko ranking ospetsu horrek bost arloren inguruko 13 adierazle erabiltzen ditu: irakaskuntza, ikerketa, aipamenak, nazioarteko ikuspegia eta industriatik datozen diru-sarrerak.

2020ko edizioan, mundu osoko 92 herrialdetako 1.396 unibertsitatek hartu dute parte. Deustuko Unibertsitatea 801 eta 1.000ren arteko tartean dago kokatuta. Munduko unibertsitateen kopurua kontuan hartuta –20.000 baino gehiago–, rankingak mundu mailako unibertsitaterik onenen % 4-5en tarte hautatuan kokatzen du Deustu.

Arloen araberako sailkapenean, Deustuko Unibertsitatea Nazioarteko arloan (640. tokian mundu mailan) eta Ikerketan (713. tokian mundu mailan) nabarmentzen da.

Times Higher Education European Teaching Ranking

Munduko nazioarteko unibertsitate rankingetan lehena da, Europa osoko erakundeak jasotzen dituena eta ikasleen beharrak lehenengo jartzen dituena, irakaskuntza eta ikaskuntza, irakaskuntzako bikaintasuna eta ikasleen arrakasta kontuan hartuta. Rankingak aginte taula integrala erabiltzen du, errendimendu indibidualen 14 adierazlek osatuta. Adierazle horiek konbinatu eta puntuazio global bat sortzen da, erakundearen sendotasun orokorra islatzen duena. Goi errendimenduko adierazle horiek lau arlotan daude taldekatuta: konpromisoa, baliabideak, emaitzak eta ingurua.

Rankingak funtsezko gai batzuk aztertzen ditu: ikasleen parte hartzea ikasketetan, irakasleekiko interakzioa, erakundeko zerbitzuen kalitateari buruzko ikuspuntuak eta trebetasunak garatzeko aukerak, besteak beste.

2019ko edizioan, 18 herrialdetako 258 Europa mailako erakundek hartu dute parte. Deustuko Unibertsitatea 126. eta 150. postuen artean dago sailkapen orokorrean.

Arloen araberako sailkapenean, Deustuko Unibertsitatea konpromisoan nabarmentzen da. Arlo horretan, 258 unibertsitateren artean, DU 25. tokian dago europar sailkapen orokorrean. Ikasleen irakaskuntza eta ikaskuntzarekiko konpromisoa eta ikasleen gogobetetasuna bezalako alderdiak aztertzen dira, prestakuntzaren kalitatea, ikaskuntzarako baliabideak, trebetasunen garapena, irakaskuntzaren kalitatea eta lan merkatuarekiko loturak, besteak beste.

U-Multirank rankinga

Europako Batzordeak prestatutako unibertsitateen mundu mailako lehenengo rankinga da. U-Multirank-ek 96 herrialdetako 1.700 unibertsitateri buruzko informazioa jasotzen du. Bost arlotan aztertzen ditu unibertsitateak: irakaskuntza eta ikaskuntza, ikerketa, jakintzaren transferentzia, nazioarteko ikuspegia eta eskualdearen garapenean egiten den ekarpena.

2019ko edizioan, erakunde mailan, Deustuko Unibertsitateak “very good” kalifikazio gorena lortu du 36 adierazletatik 9tan eta beste 9tan jaso du “good” kalifikazioa. Kalifikaziorik gorena jaso duten adierazleak hauek dira: graduazioa arauzko denboran ateratzea (gradua), ikerketako kanpoko diru-sarrerak, iturri pribatuetako diru-sarrerak (akademikoek lortuak), spin-offak, etengabeko prestakuntzako diru-sarrerak (diru-sarrera guztien %tik), graduko programak atzerriko hizkuntza batean, ikasleen mugikortasuna, eskualdeko argitalpenak bazkide industrialekin eta eskualdeko iturrietako diru-sarrerak.

Deustu bi arlotan nabarmentzen da: inguruko garapenean –adierazleen % 100 dira “very good” eta “good”– eta nazioarteko ikuspegian. Azken horretan kalifikaziorik altuena jasotzen du atzerriko hizkuntzako titulazioetan eta ikasleen nazioarteko mugikortasunean.

Informatikako Ingeniaritzaren esparruan, Deustuko Unibertsitatea Europako 25 unibertsitaterik onenen artean dago, eta Estatuko hirugarren unibertsitatea da. Rankingak Europako 185 unibertsitateren emaitzak eta 49 espainiarrenak ematen ditu. 2019ko edizioan, Deustuk goi errendimenduko 21 adierazle jaso ditu (“very good” eta “good”) –guztira ebaluatutako 35 adierazletatik–. 2017ko edizioan goi errendimenduko 9 adierazle baino ez zituen lortu.

CyD Rankinga

Fundación Conocimiento y Desarrollo-ren rankinga unibertsitate espainiarren rankingik handiena da eta 73 unibertsitateren, 23 jakintza esparruren eta 2.522 titulazioren emaitzak eskaintzen ditu. Dimentsio ugariko rankinga da, 5 dimentsioren inguruan 36 adierazle batzen dituena. Hona hemen dimentsioak: irakas-ikaskuntza, ikerketa, jakintzaren transferentzia, nazioarteko ikuspegia eta inguruko garapenari egiten dion ekarpena.

2019ko edizioan, Deustuko Unibertsitateak goi errendimenduko 18 adierazle lortu ditu –36 adierazle komunetatik–. 2014an, lehenengo edizioan, 11 baino ez zituen lortu. Deustuk irakaskuntza/ikaskuntzako goi mailako errendimenduko 6 adierazle ditu (graduazio tasa, errendimendua eta arrakasta), ikerketa eta transferentziako 6 (besteak beste, ikerketako kanpoko funtsei dagokiena, spin-off-ei dagokiena eta etengabeko prestakuntzako diru-sarrerei buruzkoa), nazioarteko orientazioko 4 (ikasleen mugikortasuna, doktoregoko nazioarteko tesiak eta atzerriko hizkuntzako titulaziokoa), eta eskualde garapeneko ekarpenean goi errendimenduko 2 adierazle (guztira 4tik).

Informatikako Ingeniaritzako esparruan, Deustuko Unibertsitateak emaitza bikainak lortu ditu. Deustu Espainiako sei unibertsitaterik onenen artean dago eta euskal unibertsitate sisteman arlo horretako goi errendimenduko adierazlerik gehien duena da. DUk goi errendimenduko 15 adierazle lortu ditu, ebaluatu diren 33 adierazleetatik (2017ko edizioan 13 lortu zituen).

U-Rankinga

BBVA Fundazioak eta Ikerketa Ekonomikoen Valentziar Institutuak (IVIE) egin duten U-Rankinga funtsezko atala da bi erakundeontzat jakintzaren papera dokumentatzeko eta aztertzeko gizarte eta ekonomia garapenean. Espainiar Unibertsitate Sistemaren Adierazle sintetikoetatik abiatuta, rankingak informazio konparatua eta ordenatua ematen du, bai emaitzen bolumenari eta ekoizpenari dagokionez, orokorrean eta esparruka: irakaskuntza, ikerketa eta berrikuntza, eta garapen teknologikoa.

2019ko edizioan, U Rankingean 62 unibertsitate ageri dira eta unibertsitateko 3.000 gradu ofizial aztertzen ditu.

Azken edizio honetan Deustuko Unibertsitateak izan dituen emaitzak hauek dira: 6.a izan da sailkapen orokorrean; 2.a, irakaskuntzan; 9.a ikerketan; eta 19.a, berrikuntzan eta garapen teknologikoan.

Rankinga: “Laneratzean eta enplegagarritasunean erabakigarriak diren faktoreak: unibertsitateko prestakuntza vs. ingurua”

BBVA Fundazioak eta Valentziako Ikerketa Ekonomikoen Institutuak (IVIE) egindako txostena da, 2018koa. Ikerketak, unibertsitateko tituludunen laneratzeari buruzko inkesta batetik (INE (EILU, 2016)), lau aldagai talde jorratzen ditu, gradudunen laneratzean erabakigarri direnak: jasotako prestakuntza, bakoitzaren ezaugarriak, enplegua bilatzeko metodoak eta inguruaren eragina.

Txosten horretan, Deustuko Unibertsitatea enplegagarritasunean 4. unibertsitaterik aktiboena dela aitortzen dute, Espainian ebaluatutako 63 unibertsitateen artean, eta lehenengoa da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Everis Fundazioaren Unibertsitate-Enpresa rankinga

Ranking honek informazio objektiboa eman nahi du unibertsitateak gizartearekin duen loturaz, bereziki enplegu eta aurrerapen ekonomikoaren aldetik. Horretarako, Espainiako 10 hezkuntza zentrorik onenak identifikatzen ditu (publikoak eta pribatuak), ikasleek enpresa munduari buruz eskuratutako gaitasunak zelan egokitzen diren enplegu emaileen iritzien ikuspuntutik. Ikerketak 3.545 estatu mailako enpresaren kontratazioko arduradunen iritzia hartzen du kontuan (baztertu egiten ditu sektore publikoa eta 10 enplegatutik beherako enpresak). Espainiar enpresek kontratatutako 17.769 tituludunetan oinarritzen da ebaluazioa, eta 79 unibertsitatetan ematen diren 99 titulaziotan (graduondokoak eta doktoregoak alde batera utzita).

2017an argitaratutako azken edizioan, Deustuko Unibertsitateko Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza lehenengo tokian zegoen estatu mailan enpresaren beharretara egokitutako gaitasunei zegokienez.

Enpresen Administrazio, Ekonomia eta Zuzenbideko arlo orokorrean, Deustuko Unibertsitatea 3. dago estatu mailan.

Eduniversal Rankinga

Eduniversalek bi sailkapen global egiten ditu: alde batetik, 1000 Negozio Eskolarik onenen rankinga 9 esparru geografikotako 154 herrialdetan (www.eduniversal-ranking.com); eta, bestetik, 5000 Master eta MBA onenen rankinga, 9 inguru geografikotako 154 herrialdetako 50 ikasketa esparrutan (www.best-masters.com). Rankinga sortu da 9 kide aditu independente dituen Nazioarteko Batzorde Zientifikoaren ikuskaritzapean.

Azken edizioan, Deusto Business School Bikaintasuneko 1000 Negozio Eskolarik onenen arteko 4 Palma adarren kategorian dago – nazioarteko eragina duen Top Business Schoolen mailan kokatuta.

Era berean, 2019ko 5000 master eta MBA onenen rankingean, Deusto Business Schoolen Master in Business Innovation (MBI) 36. tokian dago “Regional Ranking within the 9 geographical zones” sailkapenean, Mendebaldeko Europako “Innovation Project Management” arloan. Deusto Business School Finantza Masterrean ere ageri da (CECArekin batera eskaintzen den masterrean), “Regional Ranking within the 9 geographical zones” sailkapeneko “Corporate Finance” arloko Mendebaldeko Europako 58. tokian.

Gainera, Deustuko Unibertsitatea “Global Ranking specialized sector management” sailkapeneko “Health Management” arloko sailkapenean 38. tokian dago Master RegHealth - Sustainable Regional Health Systems ikasketekin. Master hori Lituaniako Vilniuseko Unibertsitatekoa da, baina Deustuko Unibertsitateak, Budapesteko Corvinus Unibertsitateak eta Veronako Universita Degli Studik batera eskaintzen dute.

El Mundo-ren rankinga

“250 Máster y Guía Completa de MBA”: Gida horrek 50 espezialitatetako Espainiako 250 master programarik onenak jasotzen ditu eta ikasteko 5 unibertsitaterik onenak aipatzen ditu. Gainera, gidaren osagarri, estatu mailako negozio eskolarik ospetsuenetariko batzuen MBA programen gida oso bat ere argitaratzen du.

2019ko edizioan, Deustuko Unibertsitatea 6 masterrekin ageri da sailkapen horretan.

  • 1. tokian dago Nazioarteko Ekintza Humanitarioko Masterrean.
  • 2. tokian dago Kontuen Auditoretzako Masterrean.
  • 4. tokian ageri da master hauetan:
    • Europako Enpresen Kudeaketako Masterrean
    • Emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko Masterrean
  • 5. tokian dago master mauetan:
    • Zerga Aholkularitzako Masterrean
    • Abokatutzan Jarduteko Masterrean

Horretaz aparte, MBA ikasketen gida osoan, Deusto Business School ageri da Espainiako 13 negozio eskola eta unibertsitate ospetsuenen hautaketan.

Unibertsitateen gardentasuna eta gobernu ona. Gardentasuneko azterketa

Compromiso y Transparencia Fundazioak Informe de transparencia y buen gobierno de las universidades .Examen de Transparencia txostena prestatzen du urtero. Txosten horren helburua da unibertsitateek jarduera propio nagusiez zein mailatan ematen duten berri neurtzea eta webeko emaitzak biltzea.

Argitaratutako azken txostenean, Deustuko Unibertsitateak gardentasuneko 23 adierazle positibo ditu 27tik.