Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu

Misioa eta izaera

Deustuko Unibertsitatearen asmoa da, gaur egun, gizarteari zerbitzu ematea, unibertsitateko arloko ekarpena eginez eta errealitatearen ikuspegi kristautik abiatuta.

Unibertsitatea denez gero, jakin-nahia eta errealitatearen egitura zorroztasunez eta metodologia zientifikoz ezagutzeko eta ikertzeko grina ditu goiburu. Hori dela eta, bikaintasuna iritsi nahi du ikerketan eta irakaskuntzan. Aldi berean, beraren helburua da pertsona askeak, herritar arduratsuak eta profesional trebeak prestatzea, behar diren ezagutza, balio eta trebetasunez jantziak, jakintzaren sustapenean eta gizartearen eraldaketan konprometitzeko.

 

Deustuko Egitasmo Unibertsitarioa

Kristau tradizioan sustraituta, sinesten du Jainkoaganako fedeak, bizitzari zentzua emateaz gain, benetako giza kultur prozesu ororen ezagutza gero eta sakonagoa eta kritikoagoa argitzen eta akuilatzen duela. Alderantziz ere, aitortzen du kulturak, zientziak eta teknologiak tresna baliotsuak eskaintzen dituztela, kristau mezuaren ulerkuntza eguneratzeko. Horren ondorioz, fedearen eta jakintzaren arteko harremangunea da, itxaropen transzendentearen eta denontzako etorkizun gizatiarragoaren bilaketaren arteko topagunea. Horrexetan datza, hain zuzen, Elizaren Unibertsitate izate hori.

Aldi berean, Deustuko Unibertsitateak, badaki, jatorriz, Jesusen Lagundiaren misioari lotuta dagoela. Hortaz, mundu mailako unibertsitate-sare batean eta tradizio pedagogiko batean dago txertaturik, pertsona balio nagusitzat hartuta. Sendo sinesten du, gainera gaur egun, fedea zerbitzatzeak justizia sustatzea dakarrela berekin. Horregatik, konpromisoa hartua du, kulturaren gaineko hausnarketaren bidez eta gizarteko eragileekin harremanetan, bere ikuspegia adierazteko gizakiak eta gizarteak etorkizuna konprometitzen duten gai orotan, bereziki, bizitzaren errespetuan, giza eskubideen ezarpen unibertsalean, ondasunen banaketa zuzenean, bakegintzan eta izadiaren babesean.

Jakintzaren esparru unibertsalaren barruan eta gizakiaren interes orokorra gogoan, unibertsitateari dagokionez, Deustukoak bere ingururik hurbilenari begiratzen dio, euskal gizarteari, eta zerbitzua eskaini nahi dio, unibertsitate erakundea den aldetik, nola kultura arloko beharrizanetan, hala garapen sozial, tekniko eta ekonomikoan, maila guztietan.

Pertsona lehenesteak egiten du, azkenik, Unibertsitateak bizikidetza eredu bat eskaintzen saiatzen den gizon eta emakumeen komunitate gisa ulertzea unibertsitateko bizitza, errespetuzko elkarrizketak lankidetza eta adiskidetasun harremanak errazten dituelarik.

Jesulagunen unibertsitatea

Jesulagunen unibertsitateek pertsonari eta gizarteari zerbitzu emateko misioa dute zientziari eta kulturari egiten dizkioten ekarpenen bidez, gainerako unibertsitateek bezala. Horrekin batera, eta jesulagunena izateagatik, Jesusen Lagundiaren misioan ere partaide dira. Hortaz, Deustuko Unibertsitatearen erronka eta funtsa fedeari zerbitzu emateko misioa betetzea da, zientziari eta kulturari egiten dien zerbitzuaren bidez, kulturaren eta izaera unibertsitarioaren instrumentalizazio oro saihestuz.

Titulazioen koadro eta curriculum akademikoak birdefinitu beharra dakarren Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrua martxan jartzearekin, Jesusen Lagundiaren Unibertsitateek eta goi zentroek berraztertu egingo dute, euren nortasunaren eta misioaren argitan, zeintzuk diren esparru akademikoan duten presentziaren helburuak. UNIJES-ek (Unibertsitateak Jesulagunak) Adierazpen bat prestatu zuen 2001eko irailean, Jesusuen Lagundiaren Goi Ikastegien izaeraren azken arrazoia. Harekin lotzen dira honako 'n+m hausnarketak unibertsitateko erronka berrien aurrean.'.

Fedea, justizia eta kultura

Jesulagunen Unibertsitate baten misioak zera ere eskatzen du: bere helburuak (fedea, justizia eta kultura) giro berezi batean ematea, erlijio, kultura edo gizarte eragileekin elkarrizketan. Harreman horretan oinarritzen dira bakea, harmonia, giza eskubideak eta errespetua bezalako funtsezko balioak, sinestunek eta sinesgabeek partekatzen dituztenak eta partekatu ditzaketenak.

 

Mundu gizatiarrago bat

Deustuko Unibertsitateak gizarteari zerbitzu egin nahi dio unibertsitateko ekarpen bat eginez. Misioaren "justizia" dimentsioa unibertsitateko jarduera oro zeharka eragitera dago deitua. Horrez gain, badira ikastegi edo zerbitzu bereziak lan horretan dihardutenak. Hauexek dira, besteak beste:

  • Etika Mintegia
  • Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua
  • Gaurgiro
  • Gurya
  • Unibertsitateko Orientazio Zerbitzua
  • Garapenerako Lankidetza

Fedea jakintzaren eragile

Egitasmo Unibertsitarioan aipatzen den bezala, Jainkoarenganako fedeak, bizitzari zentzua emateaz gain, benetako giza prozesu kultural guztiak sakonago eta kritikoago ezagutzea iradoki eta bultzatzen duela sinesten dugu gure kristau sustraiak oinarri ditugula.

Gure unibertsitateak izaera katolikoa bere gain hartzen du, hausnarketa teologikoa Europako kultur eztabaidaren barruan sustatzen duen neurrian. Pastoraltza zerbitzuak ere eskaintzen ditu, ikasle nahiz langileek, bakoitzak bere aukeran fedean sakontzeko, ignaziotar karisma abiapuntu harturik. Arlo hau sustatzen duten ikastegietako batzuk hauexek dira:

  • Teologia Fakultatea
  • Erlijio Zientzien Goi Institutua
  • Giza eta Erlijio Zientzien Mintegia
  • Pastoraltza Zerbitzua (Bilbao eta Donostia)

 

Deustuko Unibertsitatearen historia I

Deustuko Unibertsitatearen historia II

Deustuko Unibertsitatearen historia III

Deustuko Unibertsitatearen historia IV