Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu

Gardentasuna

Graduak. 2017ko abenduko lan egoera – 2014ko promozioa

Deustuk krisiaren aurretiko enplegu mailak gainditu ditu

2014an lizentziatu ziren Deustuko Unibertsitateko ikasleen laneratze mailari buruzko ikerketaren ondorioak aurkeztu dira, Lanbideko kabinete teknikoak prestatuta.

DUn titulua lortu zuten pertsonen laneko bizitza aktibora sartzeari buruzko ikerketa egiteko, 2014an unibertsitatean graduatu ziren promozioko 883 pertsonaren iritzia bildu zen.
2014ko promoziokoen lagina 2017ko abenduan elkarrizketatu zuten eta ikasturte horretan graduko titulua eskuratu zuten 1.182 pertsonen multzoari estrapolatu dakioke.
Okupazio tasa % 89,3koa da, hau da, 4,9 puntuko igoera ikusten da aurreko promoziokoekin erkatuta.
Daturik esanguratsuenen artean, hauek azpimarratu daitezke:

  • Lehenengo enplegua bilatzen bost hilabete eman dituzte, batez beste.
  • Jarduera tasa % 92,9koa da; aurreko promozioan, ordea, % 91,6koa zen.
  • Langabezia tasa % 10,7koa da; iazkoarekin erkatuta, portzentajezko 5 puntu gutxiagokoa. Hiru euskal unibertsitateetako langabezia tasa % 11,3koa da.
  • Ikasketei lotutako enplegua mantendu egin da % 86an. Horrek esan nahi du enplegua duen unibertsitateko 10 tituludunetatik bederatzik maila akademikoarekin bat datorren lan bat duela. Hiru euskal unibertsitateetako ikasketei lotutako enplegu tasa % 85ekoa da.
  • Enplegu egonkorraren pisua (lan kontratu mugagabeak, autonomoak eta kooperatiba bazkideak) % 53koa da guztizkoan; hiru euskal unibertsitateen batez bestekoa % 45koa da.
  • % 52,4k estatu mailako enpresa pribatuetan dihardu eta % 26,3k, erakunde pribatu multinazionaletan.
  • Lanean diharduten 2014ko promozioko tituludunen % 75 EAEn ari da lanean. % 18 Estatuko beste autonomia erkidego batera joan dira; eta % 7, beste herrialde batera, batez ere, Europara.
  • Tituludun berrien % 55ek euskara erabiltzen du laneko bizitzan; eta % 61ek, ingelesa.
  • Enpleguaren balioespen globala 7,6koa da 10etik, altuena datuak biltzen hasi zirenetik. Bereziki, gehien balioesten den elementua da lanpostuan betetzen dituzten funtzioak.

Graduondoak. 2016ko promozioa

 

Enplegurako sarbidea da Deustuko Unibertsitatean graduondoko bat egin duten pertsonentzat betetze mailarik altueneko igurikimena.

 

Ikerlan honen helburua da ikasleek egin duten graduondokoarekin zein gogobetetasun maila duten jakitea. Aldi berean, aztertu nahi da zer ekarpen egin duen graduondokoak ikasle bakoitzaren gaitasun orokorretan eta graduondokoa egin ondorengo enpleguak zer ezaugarri dituen. Horretarako, inkesta egin zitzaien 2018an graduondokoa 2016an amaitu zuten ikasleei. % 58,57k erantzun zuten.

Emaitzen ondorioz esan daiteke graduondokoa egiteko izan zuten motibazio nagusia hau izan zela: curriculuma osatzea, enplegua aurkitzeko aukerak zabaltzeko. Aukera hori hautatu zuen % 45,54k. Eta betetze mailarik handieneko igurikimena, enplegurako sarbidea izan zen (%49,40).

Graduondokoarekiko gogobetetasun maila 10etik 6,18koa da. Kritikoenak Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko eta Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko ikasleak dira. Prestakuntzari balioespenik altuena eskaintzen diotenak, berriz, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko ikasleak dira.

Enplegu tasa, hau da, lan egiteko adinean egonik enplegua duten pertsonen kopurua, % 87,03koa da; langabezia tasa, bestalde, % 12,97ra jaitsi da, azken urteetako ehunekorik baxuenera.

Inkesta egin duten guztien artean, aldeak daude enplegagarritasunean, graduondokoa zein izan den kontuan hartuta. Enplegu tasarik handiena Ingeniaritza Fakultatean dugu, % 95,38koa; baxuena, berriz, ehunekoa altua izanagatik, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean dugu: % 74,47koa. Enplegu hori, gainera, egonkorra da lagina osatzen dutenen % 59,46rentzat, batez ere Zuzenbide eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien fakultateetakoentzat.

Azkenik, enplegua ikasketen mailara egokitzen da tituludunen 10etik 8 tan eta enplegua inoren kontura egiten da % 78,91n.