Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko ekainak 15Bilboko Campusa

José María Guibertek berritu egin du errektore kargua beste hiru urtetarako

Deustuko Unibertsitatean izan da, uztailaren 2an, José María Guibert errektorearen beste hiru urterako kargua berritzeko ekitaldia. Ekitaldi horretan hartu dituzte agiriak errektoretza taldeko kideek ere. Eduardo Ruiz Vieytez sartu da taldean, Unibertsitate Estrategiako errektoreorde berri lanetan Gainerako errektoreordeek errepikatu eta mantendu egingo dute kargua, funtzioetan aldaketa txiki batzuk dituztela.

Errektoreordeak hauek dira: Elena Auzmendi, Ikasketen Antolamenduko, Irakaskuntzaren Berrikuntzako eta Kalitateko errektoreordea; Juan José Etxeberria, Unibertsitateko Elkarteko eta 2030 Agendako errektoreordea; Alex Rayón, Nazioarteko Harremanetako eta Eraldaketa Digitaleko errektoreordea; José Antonio Rodríguez Ranz, Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetako errektoreordea; Rosa Santibáñez, Ikerketa eta Transferentziako errektoreordea; eta Víctor Urcelay, Ekintzailetzako eta Enpresekiko Harremanetako errektoreordea. Gonzalo Meseguerrek zuzendari kudeatzaile kargua hartu du eta Eider Landabereak jarraituko du idazkari nagusi lanetan. Horrela geratu da osatuta errektoretza taldea.

Errektorearen hitzak

Hitzaldian (errektorearen hitzak), José María Guibert errektoreak hamabi hitz edo esamolde hartu ditu inspirazio iturri -Adolfo Nicolás jesuiten aurreko aita jeneral hilberriaren legatutik ateratakoak- eta Unibertsitateak aurretik dituen erronka batzuk aurkezteko erabili ditu: “unea ez da erraza, koronabirusaren krisiak gure bizimoduaren zati handi bat, lehen normal esaten geniona, astindu baitu”.

Hitz edo esamoldeak hauek dira: (1) sakontasuna, (2) sormena, (3) unibertsaltasuna, (4) biziberritze espirituala eta komunitarioa, (5) instituzioen identitatea, (6) bereizmena, (7) mugak, (8) kulturartekotasuna eta erlijioen arteko elkarrizketa, (9) pobrezia, ekologia eta berradiskidetzea, (10) gobernatzeko estiloa, (11) gobernu egiturak, eta (12) misio partekatua eta elkarlanekoa.

Errektoreak ‘sakontasunaz’ ekin dio hausnarketari, A. Nicolásekin gehien lotzen den hitzetariko batekin; izan ere, haren kezketako bat azalekotasunaren globalizazioa izan zen, gehien aipatzen zuen esaeretakoa. José María Guiberten iritziz, ideia horrek Unibertsitatearekin duen harremana argi dago, goi mailako hezkuntza erakunde baten misiorik nagusienetariko bat munduaz egiten ditugun irakurketa eta begiradei sakontasuna ematea baita. “Erakusgarria bilatu, datuekin eta hipotesi kontrastatuekin lan egin eta arrazoiak eta arrazoi onargarriak formulatzea dira unibertsitateko bizitzaren parte. Eta horixe da egiten duguna, bilatzen duguna, irakasten duguna eta sustatzen duguna”, zehaztu du.

Aipatu duen hurrengo hitza, hau ere A. Nicolásek asko erabiltzen zuena, “sormena” bilatzea da. Horren inguruan, Deustuko agintari gorenak adierazi du hemen ere ideia horrekiko sentiberak garela. Izan ere, gure prestakuntza ereduko gaitasun orokorrak berritzen ari garen honetan, sormena, berrikuntza eta arriskuak hartzea proposatu dira funtsezko trebetasunen artean. “Sormena, hain zaila, unibertsitateari oso lotua den ekarpena da”.

“Unibertsaltasuna” da aurreko Jesusen Lagundiko jeneralak etengabe planteatzen duen hirugarren terminoa eta jesuiten tradizioan denen ongiari lotuta joan dena, ongi partikularretik haratagokoa. Errektorearen hitzetan, unibertsaltasuna, Deustura ekarrita, honela itzuli daiteke: “erakundearen ongia bilatzea, ez norberarena, eta erakundeak gizartearen ongi bilatzea, ez berarena”. Globalean pentsatzeko gonbidapena, beraz, eta gure ekintzen berehalako eraginetik haratago pentsatzeko. Horretan, unibertsitateak eredu izan behar du.

Prozesu zaharkituak eten

“”Biziberritze espirituala eta komunitarioa” izan da José María Guibertek jorratu duen hurrengo ideia. Guibertentzat, barrutik berritzeko gonbidapena da eta aktibismoaren tentaldian ez jaustekoa, oso dinamiko eta eraginkor itxura ematea, baina iparrik edo asmorik gabe. Are gehiago orain, itxialdi behartuak gure bizimodu kontsumista eta errutinazkoan ezinbestekoak diren elementu asko eraitsi behar izan dituenean. Haren ustez, osasun eta ekonomia krisian ez ezik, krisi pertsonalean ere murgilduta gaude eta beharrezkoa dugu “espirituan maisu direnak bilatzea, beste pertsona batzuei lagunduko dieten pertsonak, lagundu eta benetako argia emango dutenak, gure bizitzak txinpartez eta su artifizialez bete beharrean.

A. Nicolásek behin eta berriro errepikatzen zuen beste ideia bat “erakundeen identitatea” zen. Mundua aldatzen bazen, erakundeen zentzua eta helburuetara heltzeko modua ere aldatu behar zela aldezten zuen. Errektorea ezin da adosago egon premisa horrekin eta, horregatik dio errektoreordeen erantzukizunik nagusienetariko bat prozesu zaharkituak, "beti egin da horrela" soilean oinarrituak etetea dela. Interes sortuen aurka borrokatu behar dutela baieztatzen du, erakundearen helburuetara batzen ez direnen kontra, eta barneko eta kanpoko lankidetza gehiago eta hobeak sortzeko ikuspena izan behar dela. Berez, Unibertsitate Estrategiako errektoreordetza berri bat sortzea alde horretatik sortu da, denok behartzen baikaitu, José María Guiberten hitzetan, “nora goazen eta zeren bila gabiltzan pentsatzera, gure helburuetan arreta jarriko dugun prozesuetan pentsatzera".

Errektoreak ‘bereizmena’ aukeratu du seigarren tokian sakontzeko. Bizitzan bereizten laguntzea da San Ignazioren funtsezko intuizioetariko bat eta Deustuko unibertsitateko zereginean etengabe aplikatzen den elementuetariko bat. Segidan, “mugak” gainditzea landu du, A. Nicolásen ohiko beste proposamenetariko bat. Horri dagokionez, Unibertsitatearen kasuan, “ikerketa mugetara hurbiltzeko bidea da benetan, mugak gizarte lubaki, dilema intelektual edo jakintzaren, zientziaren eta teknologiaren esparru berri gisa ulertuta”. Intuizio horren beste ondorio bat, etorkizuneko erronken ildokoa, mugetan egoteko gonbidapena da, beharrizanik, saminik, premiarik handiena dagoen tokietan zerbitzatzeko aukera gehiago baitago.

Beste esamolde bat: “kulturartekotasuna eta erlijioen arteko elkarrizketa”. A. Nicolás, Palentziako herri txiki batean jaioa zen; Bartzelonan, Madrilen eta Erroman ikasi zuen, eta Japonian eta Filipinetan egin zuen lan. Horrek kulturartekotasunaren eta erlijioen arteko elkarrizketaren defendatzaile sutsu bihurtu zuen. Hala pentsatzen zuen, ez asko bidaiatua zelako, buruzko jarrera irekikoa zelako, ideologia, kultura eta erlijio desberdin askoren lekuko izatearekin lotuta zegoelako baizik. Berriro ere, Deustuko Unibertsitatea interpelatuta sentitzen da izaera berezi horrekin, batez ere, “mugarik ezagutzen ez duen hub, nodo edo jarduera-gune bat delako, gehiago, mugak ideia eta pertsonen loturaz eta fluxuz ordezkatu nahi dituelako”, azaldu du errektoreak.

Hurrengo hitzek (“pobrezia, ekologia eta berradiskidetzea) Jesusen Lagundiaren gizarte dimentsioaz hitz egiten digute. Betidanik egon da desberdintasunen interesen eta bidegabekerien ondorioak gehien sufritzen dituztenekiko kezka jesuiten jardunaren muinean eta, ondorioz, baita Deusturen interesen erdian ere. Ondorioz, Plan Estrategiko berriak Agenda 2030 azpimarratzen du gizarte eta ingurumen arloko bultzatzaile gisa, unibertsitateko ekimenen bultzatzaile. Unibertsitateko gizarte erantzukizuneko elementuak eta unitate desberdinetan dauden ekimenak zabaltzea da helburua, unibertsitate-eragina neurtzeko. Are gehiago, Unibertsitateko Elkarteko errektoreordetzak “Agenda 2030"en ardura gehitzen dio lehengo karguari.

Ignaziotar gobernu estiloa

Errektoreak berbaldiarekin jarraitu du eta “gobernu estiloa” hartu du ardatz. Esaldi horrek zuzentzeko formulak bilatzeko eskatzen digu, aurreko printzipio guztiak gauzatzen laguntzeko. Ildo horretatik, jesuiten gobernu estiloa finkatu da –kontsulta, talde lana, gizakien, pertsonen eta anai-arreben arteko harremana, bizitza espirituala eta gogo-jardunak partekatzea aholkulariekin- eta elementu horietatik batzuk ignaziotar lidergora ekartzearen alde agertu da. Kontua litzateke ignaziotar estilo hartzea eta eraginkortasun eta efikazia irizpideak, erabakiak hartzeko gaitasuna eta bideragarritasun ekonomikoarekiko erantzukizuna eranstea.

Gobernu estilo eta talante kontuari loturik, “gobernu egiturena” dago. José María Guibertek uste du egiturek misioarekin lotuta egon behar dutela eta modernoak eta malguak izan behar dutela. Hori dela eta, egitura, antolaketa eredua eta horren prozesu eta sistemak birdefinitzearen aldeko apustua egiten du, beharrizan berriei erantzun arina emateko. Helburua hau da: lidergo estrategiko eta motibatzailea bilatzea, ikastetxe bakoitzetik haratago joango dena. Egiteko era berri horretan, “eraldaketa digitalak izango du bere papera. Kontua ez da soilik ordenagailu gehiago erabiltzea edo online egitea analogikoan egiten dugun berdina. Teknologia ez da determinista, baina ematen du lan egin eta antolatzeko beste era bat, eta atzean ez geratzeko”, zehaztu du.

Deustuko errektoreak komentatu duen azken esaera hau izan da: “misio partekatua eta lankidetzan”. Aita Nicolási oso lotua dagoen beste termino bat da, beste pertsonei erreferentzia zuzena egiten diena. Baina ez da soilik jesuiten eta lankideen artean misioko elementuak partekatzea, urrunago doa eta “batera” egitea adierazten du: bateratzea, batera lan egitea, batera bizitzea, etab. “Aspaldiko kontua da guretzat eta hori sustatzen ari gara. Bizikidetza eta lan partekatuaren sinbolo izateko sortua da”, zehaztu du.

Hitzaldiaren amaieran, José María Guibert errektoreak azaldu du hamabi hitz horiek espiritualtasun baten parte direla, inspirazio iturri izan behar dugun espiritualtasunaren parte, hain zuzen. “Ez da zerutik erortzen den zerbait. Gutako bakoitzak guretzat hartu behar dugu”. Horregatik, bukaeran gutako bakoitzaren erantzukizuna eskatu du, bereziki errektoreordeena. Azken horiei eskerrak eman dizkie taldea osatzeagatik, eta, batez ere, “unibertsitateko misioaren alde egin duten lanagatik, pertsonak zaintzeagatik, zentzua, jakituria eta konpromisoa ekartzeagatik”.

 

02/07/2020 - Acto de toma de posesión de rector, vicerrectoras y vicerrectores y designación de miembro del Consejo de Dirección