Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu

Deustuko Unibertsitatean jokatzeko informazioa eta gomendio orokorrak koronabirusa dela eta

Informazioa eta gomendio orokorrak:

COVID-19ak sortu duen osasun egoera dela eta, Deustuko Unibertsitateak web orri hau sortu du (www.deusto.es/covid-19) unibertsitateko elkarteari sortu dakizkiokeen zalantza eta galdera guztiei erantzun eguneratua emateko eta hartzen diren neurrien berri
emateko.

Informazioa atal hauetan dago antolatuta:

1- DEUSTUKO UNIBERTSITATEKO IKASLEAK ETA LANGILEAK GURE UNIBERTSITATEKO CAMPUSETAN ETA EGOITZETAN

2- MUGIKORTASUNEAN DAUDEN IKASLEAK

3- MUGIKORTASUN PROGRAMETAN DAUDEN DEUSTUKO UNIBERTSITATEKO LANGILEAK

4- DEUSTUKO UNIBERTSITATEAK IRAKASTEKO DITUEN BALIABIDE TEKNOLOGIKOAK

5- NAZIOARTEKO BIDAIETARAKO MURRIZKETAK

6- OHIKO GALDERAK 


DEUSTUKO UNIBERTSITATEKO IKASLEAK ETA LANGILEAK GURE UNIBERTSITATEKO CAMPUSETAN ETA EGOITZETAN

2019-2020 IKASTURTEKO BIGARREN SEIHILEKORAKO EBALUAZIO SISTEMA: URRUTIKO EBALUAZIOA - 2020ko martxoak 31

Egoerak martxoaren azken astean izan duen bilakaera ikusita, Deustuko Unibertsitateko Zuzendaritza Kontseiluak, martxoaren 31n egindako ezohiko bileran, erabaki hauek hartu ditu gure ikasleen aprobetxamendu akademikoa bermatzeko:

  • Bigarren seihilekorako jarritako egutegiari eustea, bai ohiko ebaluaziorako (maiatzaren 25etik ekainaren 9ra), bai ezohikorako (ekainaren 18tik 27ra).
  • Deustuko Unibertsitateak ezarritako kalifikazio sistemari eustea (Errektorearen 27/2017 Agindua, irailaren 27koa): “Ikasleak ikasketa planeko irakasgai bakoitzean erakutsitako errendimenduaren balioespena zenbakizko kalifikazio baten bidez adieraziko da. Zenbakizko kalifikazio hori 0tik 10era bitartekoa izango da eta hamartar batekin emango da”.
  • Prozedura bat ezartzea, beharrezkoa izanez gero, ebaluazio sistemak oraingo urrutiko irakaskuntzara egokitzeko. “2019-2020 ikasturteko bigarren seihilekorako ebaluazio sistema: urrutiko ebaluazioa” estekan dago zehaztuta ebaluazioa berrikusteko, balidatzeko, argitaratzeko eta jakinarazteko prozedura. Izan ere, hipotesi bat dugu: izan liteke seihileko honetan berriro ez izeta aurrez aurreko jarduerarik.
  • Berariaz balidatuko den ebaluazio sistema behin betikoa izango da seihileko honetarako, baita egoera aldatu eta seihilekoa Unibertsitateko fakultateetan aurrez aurre amaitzeko modua balego ere.
  • Deustuko Unibertsitateak https://evaluacionenremoto.deusto.es/ webgunea prestatu du. Bertan, irakasleek urrutiko ebaluazioa egiteko gidak eta jarraibideak dituzte eskura, eta, haiekin batera, tutorialak, bideotuturialak eta prestakuntzako bideokonferentzien eskaintza zabala ere bai.

Oharra: bigarren seihilekoko irakasgaien programak EZ daude ikusgai webean. Berriro egongo dira ikusteko moduan irakasle bakoitzak urrutiko ebaluazio sistema antolatu eta fakultateak balidatzen duenean. Epemuga: apirilaren 24a.

Deustuk egutegi akademikoa mantenduko du

IRAKASLEEN ARTEAN URRUTIKO JARDUERA EGOKIAK PARTEKATZEKO GUNEA - 2020ko martxoak 21

Asko dira egun hauetan irakasleek martxan jarri dituzten jarduera egokiak. Hori dela eta, elkargune berri bat sortu da egoera berri honetan irakasleek dituzten esperientziak, baliabideak, aholkuak eta zalantza metodologikoak partekatzeko.

Irakasleen elkarlanerako gunea

URRUTITIK IKASTEKO ETA IRAKASTEKO JARRAIBIDEAK - 2020ko martxoak 13

Iragarritakoa betez, hemen dugu urrutitik irakasteko Deustuko Unibertsitateko jarraibideak eta baliabideak. Urrutiko irakaskuntza martxoaren 16an aplikatzen hasiko da eta erabat ezarrita egongo da martxoaren 23rako.

Ikasleak: Urrutitik ikasteko jarraibideak 

Irakasleak: Urrutitik irakasteko jarraibideak 
 

PRAKTIKETARAKO PROTOKOLOA - 2020ko martxoak 17

Deustuko Unibertsitateko titulazioetako praktikei dagokienez, kontuan izanik COVID 19 birusaren hedapenak ezinezko bihurtu duela praktikak baldintza normaletan egitea eta Gobernuak alarma egoera deklaratu duela, Deustuko Unibertsitateak honako hau erabaki du:

  • Ikastetxe, erakunde eta enpresetan praktikak egiten ari diren ikasleei jakinaraztea praktikak etenda geratzen direla alarma egoerak indarrean dirauen artean, salbu ikastetxeak, erakundeak edo enpresak praktikaldia urrutitik egiten jarraitzeko aukera eskaintzen badie.
  • Enpresei ere jakinaraztea erabakia, ahal izanez gero, telelaneko jarduerak proposatu diezazkieten gure ikasleei.
  • Neurri horrek ikaskuntzan eta ebaluazioan nolako eragina izan dezakeen aztertzea eta, behar izanez gero, neurriak proposatzea. Datozen egunetan zehaztu eta jakinaraziko zaizkie interesdunei.
  • Gaur egungo egoeraren bilakaerari adi egotea, behar diren neurriak hartzeko ikaskuntzari eta ebaluazioari dagokienez.
  • Praktikaldia hasi ez duten ikasleek Fakultateak esan arte itxaron beharko dute praktikei ekiteko.

Neurriok Deustuko Unibertsitateko titulazio guztietan aplikatu beharrekoak dira, funtsezko helburu hauek betetzeko:

  • Gure ikasleen, haien senideen eta elkarte osoaren osasuna babesteko.
  • Eskura ditugun bitarteko guztien bidez, gure ikasleek ikasten jarrai dezaten errazteko.
  • Ezinbesteko egoera honetan, ez dadin gertatu ikasleren batek titulazioa ohiko epeetan bukatzeko modurik ez edukitzea.

 IRAKASGAI DUALETARAKO PROTOKOLOA - 2020ko martxoak 17

Deustuko Unibertsitateko graduko eta graduondoko titulazioetako irakasgai dualei dagokienez, kontuan izanik COVID 19 birusaren hedapenak ezinezko bihurtu duela irakasgai horiek baldintza normaletan egitea eta Gobernuak alarma egoera deklaratu duela, Deustuko Unibertsitateak honako hau erabaki du:

  • Enpresetan ikaskuntza duala egiten ari diren ikasleei jakinaraztea enpresetako egonaldia etenda geratzen dela alarma egoerak indarrean dirauen artean.
  • Enpresei ere jakinaraztea erabakia, ahal izanez gero, telelaneko jarduerak proposatu diezazkieten gure ikasleei.
  • Neurri horrek ikaskuntzan eta ebaluazioan nolako eragina izan dezakeen aztertzea eta, behar izanez gero, neurriak proposatzea. Datozen egunetan zehaztuko dira neurriok, titulazio bakoitzaren testuingurua kontuan hartuta, eta inplikatutako alderdi guztiei jakinaraziko zaizkie.
  • Gaur egungo egoeraren bilakaerari adi egotea, behar diren neurriak hartzeko ikaskuntzari eta ebaluazioari dagokienez.

Neurriok Deustuko Unibertsitateko titulazio dual guztietan aplikatu beharrekoak dira, funtsezko helburu hauek betetzeko:

  • Gure ikasleen, haien senideen eta elkarte osoaren osasuna babesteko.
  • Eskura ditugun aukera guztien bidez, gure ikasleek ikasten jarrai dezaten errazteko.
  • Ezinbesteko egoera honetan, ez dadin gertatu ikasleren batek titulazioa ohiko epeetan bukatzeko modurik ez edukitzea. 

OHARRAK ETA KOMUNIKAZIOAK

2020ko martxoak 31

2019-2020 ikasturteko bigarren seihilekorako ebaluazio sistema: urrutiko ebaluazioa

Urrutiko ebaluazioa

2020ko martxoak 23

Ikusirik zuetako batzuek galdetu diguzuela nola jokatu behar duzuen Covid-19 koronabirusaren sintomak edo baieztapena edukiz gero, jarraibide hauek partekatzen ditugu zuekin.

Covid-19 koronabirusaren sintomak dituztenentzat

Covid-19 koronabirusaren sintomak igarriz gero, etxean gelditu behar duzu edo etxera joan lehenbailehen. Sintoma argiak edo iraunkorrak badira, deitu telefonoz zure lurralderako zehaztu diren osasun zerbitzu publikoetara.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beti dauka eguneratuta nola jarri behar den harremanetan osasun zerbitzuekin esteka honen bidez: https://www.euskadi.eus/covid-19-koronabirus-berria/

Une honetan, informazio hau ageri da orri horretan:

GARRANTZIZKOA:

Oraingoz, Bizkaian eta Gipuzkoan sintomak nabaritzen dituzten pertsonek 900 20 30 50 zenbakira deitzen jarraitu beharko dute, Araban ezarritako berrantolaketa aipatutako lurraldeetara hedatzen ez den bitartean. Araban, berriz, osasun zentrora deitu beharko dute.

Osasun aholkuaren telefonoa (900 20 30 50)

Covid-19 koronabirusa diagnostikatu zaienentzat edo dagokien osasun zerbitzu publikoak zuzenean konfinamenduko neurriak ezarri dizkienentzat

Osasun zerbitzu publikoak COVID-19 diagnostikatu badizu edo berrogeialdia gordetzeko agindu badizu, probak egin ez arren, eman dizkizuten jarraibideak bete beharko dituzu. Deustuko Unibertsitatean lan egiten baduzu eta osasun zerbitzu publikoak medikuaren baja eman badizu, bidal ezazu Unibertsitatera, horretarako ezarritako bidetik.

Goian aipatutako egoeretako batean bazaude, mesedez, jakinaraz iezaguzu infocoronavirus@deusto.es helbide elektronikora idatzita. Jakinarazpen hori Unibertsitatearen barruko kontua da, DUko Segurtasun eta Osasun Arloak jarraipena egin ahal izateko. Helbide horretara idazteak ez du ordezkatzen osasun agintariei eman beharreko informazioa ematea.

Gogoan izan aldian-aldian eguneratzen dugula COVID-19 koronabirusaren prebentziorako informazioa www.deusto.es/covid-19

2020ko martxoak 15

Boluntarioen laguntza sare

Hemen adierazten dizuegu Bizkaiko Foru Aldundiaren deia, “Bizkaian bakardade egoeran dauden adineko zaurgarriei laguntza emateko boluntarioen sarea” sortzeko.

Unibertsitateak, beti ere, agintariek erabakitakoa betetzeko asmoarekin, salbuespenezko egoera honetan jarduera antolatzeko hartu ditugun erabakiak gogorarazten dizuegu:

  • irakaskuntza jarduerarekin jarraitzea modu ez presentzialean
  • telelana
  • gutxienezko zerbitzuak

Hala ere, eta irizpide horiekin bateragarria den heinean, erakunde eta pertsona gisa pertsona zaurgarrienekin dugun konpromisoa kontuan hartuz, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bolunta sarearen deia kontuan hartzera gonbidatzen zaituztegu. Hain zuzen ere, azken urteetan Aldundiarekin eta Bolunta sarearekin elkarlanean aritu gara, gure inguruan elkartasuna suspertzeko.

Informazio gehiago

2020ko martxoak 13

Sortu den egoeraren larritasuna eta salbuespenezkotasuna kontuan izanik, Deustuko Unibertsitateak honako hau erabaki du gaur:

  • Astelehenetik aurrera urrutiko aurrez aurreko irakasteko metodologia erabiltzea ikasleen aprobetxamendu akademikoa bermatzeko.
  • Langileen osasuna babesteko, telelanaren irizpidea aplikatzea, beharrezko gutxieneko zerbitzuak mantenduz.
  • DUko ikasle eta langileen erantzukizun profesionalean eta herritar arduran duten konfiantza berrestea.

URRUTITIK IKASTEKO ETA IRAKASTEKO JARRAIBIDEAK

Iragarritakoa betez, hemen dugu urrutitik irakasteko Deustuko Unibertsitateko jarraibideak eta baliabideak. Urrutiko irakaskuntza martxoaren 16an aplikatzen hasiko da eta erabat ezarrita egongo da martxoaren 23rako.

Ikasleak: Urrutitik ikasteko jarraibideak 

Irakasleak: Urrutitik irakasteko jarraibideak 
 

Idazkaritza Orokorra - Ordutegia

Hezkuntza eta osasun agintarien argibideei jarraituz, Idazkaritza Orokorrak ez dio jendeari aurrez aurreko arretarik eskainiko (ez eskatzaileei, ikasleei, tituludunei, irakasleei, etab.) martxoaren 30era arte, kontrako agindurik ez badago.

Arreta telefonikoaren ordutegia honakoa izango da:

  • astelehenetik ostiralera: 09:00-13:00

Harremanetarako telefonoak:

  • Bilboko Campusa - Graduak: 944 139 061
  • Bilboko Campusa - Graduondoak: 944 139 302 o 944 139 000 (Lzp. 2976)
  • Donostaiko Campusa: 943 326 310


Enplegu eta Ekintzailetza Foroa atzeratu

Covid-19k sortutako egoera kontuan izanda, eta bertan parte hartzekoak diren enpresekin adostuta, Deustuko Unibertsitateak Enplegu eta Ekintzailetza Foroa atzeratzea erabaki du. Martxoaren 25ean eta 26an egitekoa zen, baina irailaren 30ean eta urriaren 1ean egingo da.

2020ko martxoak 12

Aurrez aurreko irakaskuntza etengo da aldi baterako Bilboko eta Donostiako campusetan martxoaren 13tik aurrera

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun sailek erabakita, aurrez aurreko irakaskuntza etengo da aldi baterako Bilboko eta Donostiako campusetan bihartik, hilak 13, 27ra arte, biak barne.

Unibertsitateko ikasleek jarraituko dute ikasketetako jarduerekin. Hori bermatzeko, Unibertsitateak urrutiko eredu presentzial alternatibo bat aurreikusi du. Deustuko unibertsitateak irakasteko dituen baliabide teknologikoak daude eskura. Laster jakinaraziko diegu irakasle-ikasleei zein diren eredu hori erabiltzeko irizpide eta jarraibideak.

Halaber, etenda geratzen dira Unibertsitatean epe horretan egitekoak ziren ikastaro, jardunaldi, mintegi eta kanpoko ekitaldiak.

Unibertsitatea zabalik egongo da irakasle, ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako langileentzat. 

2020ko martxoak 11

Nazioarteko bidaietarako murrizketak: Gaurtik aurrera, bidaien politika aldatu dugu Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroak (CDC) eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) bidaietarako ezarritako murrizketekin bat.

Informazio gehiago

Medikuntzako Graduari buruzko jardunaldia: Deustuk maiatzera atzeratu du Medikuntzako Graduari buruzko jardunaldi monografikoa, martxoaren 13an egitekoa zena, COVID-19-ak sortutako egoera dela eta.

Deustuk maiatzera atzeratu du Medikuntzako Graduari buruzko jardunaldi monografikoa, martxoaren 13an egitekoa zena. Erabaki horrek COVID-19ak sortutako egoerari erantzuteko eman diren jarraibide ofizialak izan ditu kontuan. 1.000 lagun baino gehiago daude izena emanda, ikaslegaiak eta gurasoak batuta, martxoaren 13an Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan (Bilboko campusean) egitekoak ziren informazio saioetarako eta pertsona horien osasuna lehenetsi da.

Aurrerago iragarriko da noiz egingo diren Medikuntzako Graduari buruzko informazio saioak eta sasoiz jakinaraziko zaie izena emanda dauden pertsonei. Erabakia jardunaldi horietarako hartu da eta ez du baldintzatuko beste ezer.

2020ko martxoak 10

Madrilgo Erkidegoko Gobernu Kontseiluak erabaki eta martxoaren 9ko gauean iragarri duenez, aurrez aurreko irakaskuntza eten egingo da hezkuntza maila guztietan martxoaren 11tik 25era, biak barne. Beraz, tarte horretan etenda geratuko dira Madrilen dugun egoitzako aurrez aurreko irakaskuntzako jarduerak.

2020ko martxoak 9

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun sailek gaur eguerdian Gasteizen izandako bileran jakinarazi dutenez, aurrez aurreko irakaskuntza eten egingo da Gasteizko ikastetxe guztietan martxoaren 10etik 23ra, biak barne. Beraz, Deustuko Unibertsitateko Industria Digitaleko Graduko eskolak etenda geratuko dira Gasteizko Egibide egoitzan.

Gainerako campusetan eta egoitzetan (Bilbon, Donostian eta Madrilen), hezkuntza eta osasun agintarien jarraibideei jaramon eginez, jarduera akademikoa normal mantenduko da. Dena dela, jende guztiari eskatzen zaio Osasun Sailak argitaratutako higiene gomendioei kasu egiteko.

Berriro ere azpimarratu nahi dugu web (www.deusto.es/covid-19) hau dela Deustuko Unibertsitatearen komunikabide instituzional ofizial bakarra koronabirusari dagokionez eta ez zaiela jaramonik egin behar fake news bazter-nahasleei.

2020ko martxoak 3
Gure unibertsitatea koronabirusaren hedapenaren jarraipena egiten ari da arreta handiz. Osasun arloko agintarien eta agintari zibilen jarraibideak hartzen ari gara kontuan zer neurri hartu behar ditugun aztertzeko.

Oraingoz, unibertsitateko jarduera normal doa aurrera bai Bilboko eta Donostiako campusetan, bai Vitoria-Gasteizko eta Madrilgo egoitzetan. Irizpide horren arabera, datorren asteburuko sarrera-probak ere aurreikusita zegoen bezala egingo dira Bilboko eta Donostiako campusetan eta Vitoria-Gasteizko egoitzan.


MUGIKORTASUNEAN DAUDEN IKASLEAK

2020ko martxoak 11

Nazioarteko bidaietarako murrizketak: Gaurtik aurrera, bidaien politika aldatu dugu Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroak (CDC) eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) bidaietarako ezarritako murrizketekin bat.

Informazio gehiago

2020ko martxoak 3
SEPIEk (Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzua), Estatuko agintariekin eta Europako Batzordearekin elkarlanean, COVID-19 arazo epidemiologikoari buruzko informazioaren jarraipena egiten du. Gobernuetako agintariek eta Europako Batzordeak hartutako neurriak eta osasun arloko agintariek emandako gomendioak kontuan hartuta,

  • Iturri ofizialen arabera kutsatzeko arriskua dagoen eskualdeetan, ezinbesteko klausula aplikatu liteke.
  • Hezkuntzako erakunde eta ikasleen kasuan, jatorrizko herrialdeko agintariek mugikortasuna eragotzi badute, ezinbesteko klausula aplikatu liteke.

Erasmus+ programan parte hartzen duten erakunde eta pertsonei dagokie erabakitzea COVID-19 arazo epidemiologikoa duten lekuetara planifikatutako mugikortasunak bertan behera utzi ala ez edo atzeratu ala ez. Bertan behera utzitako edo atzeratutako mugikortasunak, baita hasi eta amaitu ezin izan direnak ere, gasturik egon bada, ezinbesteko kasutzat justifikatu litezke, dirulaguntzako hitzarmenen II.1 klausularen arabera. SEPIEk lasaitasunerako deia egin du eta tokiko eta Estatuko hezkuntza, osasun eta atzerri arazoetako agintarien jarraibideei kasu egiteko gomendatu du. Hortaz, informazio gune hauek eskaintzen dizkizugu:

Horrenbestez, eskualde batean iturri ofizialen arabera kutsatzeko arriskua badago edo unibertsitateak jarduera akademikoa bertan behera utzi badu, bi aukera daude:

  • 1. aukera
    Bigarren seihilekoa Deustuko Unibertsitatean egitea (Bilboko edo Donostiako campusean)
    • Titulazio guztietan dago martxan aukera hori
  • 2. aukera
    Beste herrialdean gelditzea jarduerari berriro ekingo zaiolakoan, online egin ahal izango delakoan edo kutsatzeko arriskua desagertuko delakoan.
    • Unibertsitateek urrutitik irakas-ikasteko prozesuak jarri dituzte eskura, ikasketekin aurrera egin ahal izateko seihilekoa galtzeko arriskurik gabe

Gainerako eskualdeetan, mugikortasunak normal egingo du aurrera, printzipioz. Ikasleren batek itzultzeko asmoa badu, mesedez, lehenengo hitz egin dezala gurekin aparteko neurriren bat hartu ahal izateko. Dena dela, halakoetan, lasai eta zuhur jokatzeko deia egiten dugu.

Zalantzarik edo galderarik baduzu, bidal iezaguzu mezu bat posta elektroniko honetara: outgoing@deusto.es.

MUGIKORTASUN PROGRAMETAN DAUDEN DEUSTUKO UNIBERTSITATEKO LANGILEAK

Tokiko eta Estatuko osasun eta atzerri arazoetako agintarien jarraibideei kasu egitea gomendatzen da. Hortaz, informazio gune hauek eskaintzen dizkizugu:

Zalantzarik edo galderarik baduzu, bidal iezaguzu mezu bat posta elektroniko honetara: prevencion@deusto.es

DEUSTUKO UNIBERTSITATEAK IRAKASTEKO DITUEN BALIABIDE TEKNOLOGIKOAK

Deustuko Unibertsitateak honako irakaskuntzarako baliabideak ditu laguntzeko. Webgune honetan haiei buruzko informazio gehiago aurki dezakezu, baita jarraibideak eta aholkuak ere, sarrera bideokonferentzietara eta abar.

Sarrera irakaskuntzan laguntzeko baliabideen web orrialdera

ALUD Irakaskuntza Plataforma
Deustuko Unibertsitateko Moodle plataforma irakaskuntza garatzeko. Ikasgaien materialak (dokumentuak, bideoak, estekak ...) eta ikasleek egin beharreko zereginak ere jar daitezke. Irakasleen eta ikasleen arteko elkarreragina ere ahalbidetzen du.

Bideokonferentziak egiteko sistema
Google Meet-en bidez talde bideokonferentziak egin daitezke (irakasleen aurkezpenak, taldeko tutoretzak, online eztabaidak ...), banakako tutorialak, bilera informalak, etab. Pantaila partekatzeko edo saioak grabatzeko aukera ematen digu.

Elkarlanerako tresna: Google Drive
Unibertsitateko kontuarekin (@deusto.es irakaslea bazara eta @opendeusto.es ikaslea bazara) Google zerbitzu guztiak dituzu eskura (posta elektronikoa, egutegia, hangouts/meet eta google drive). Google Drivek aukera ematen du pertsona batzuek aldi berean editatu ditzaten dokumentuak, kalkulu orriak, aurkezpenak, etab.

Unibertsitatetik kanpo egonda DUren softwarean sartzeko bidea: My Apps
MyApps-en bitartez, edozein gailutatik, edozein lekutan egonda eta edozein ordutan sar zaitezke DUren aplikazio eta programetan, Interneterako konexioa edukiz gero.

NAZIOARTEKO BIDAIETARAKO MURRIZKETAK

Martxoaren 11tik aurrera, bidaien politika aldatu dugu Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroak (CDC) eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) bidaietarako ezarritako murrizketekin bat.

Horrenbestez, unibertsitatean murrizketa hauek ezarri ditugu gaurtik hasita:

  • Unibertsitateak ez die bidaiarik onartuko edo finantzatuko irakasleei, administrazio eta zerbitzuetako langileei, ikertzaileei eta ikasleei 3. mailako herrialdeetara (gaur egun Txina, Iran, Italia eta Hego Korea).
  • Norbaitek kontu pertsonalengatik 3. mailako herrialde batera joan behar badu, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gomendatzen dituen jarraibideak bete beharko ditu itzulitakoan.
  • Unibertsitateko elkarteko kideren bat (irakaslea, AZL, ikertzailea edo ikaslea) bigarren mailako herrialde batera badoa (oraingoz Japonia), kontuz jokatu eta behar diren neurriak hartu beharko ditu birusa hartzeko arriskua saihesteko osasun publikoko protokoloak betetze aldera.
  • Gutako bakoitzak arduraz jokatu beharko du Estatuko eta nazioarteko bidaietarako, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioei jarraituz.

OHIKO GALDERAK

2020ko otsailaren 27an Eusko Jaurlaritzako sailen arteko mahaia eratu zen, Hezkuntza Saila ere tartean, Gobernuak modu koordinatuan jarduteko koronabirusaren aurrean. Mahaiaren helburua da mundu mailako osasun alerta honek sortutako egoeraren berri eguneratua izatea, zer tresna dugun eskura jakitea Euskadin kasuren bat ager litekeenerako eta modu koordinatuan jardutea.

Eusko Jaurlaritzak lasai egoteko eta osasuneko zerbitzu profesionalen gomendio eta jarraibideei adi egoteko deia egiten du.

Informazio eguneratua izateko eta herritar guztiei zuzendutako gomendioak ezagutzeko jo esteka honetara:

Zer da koronabirusa?
Koronabirusak animalietan zein gizakietan aurkitzen diren birus familia zabal bat dira. Batzuek gizakia infektatzen dute eta hainbat gaixotasun eragin ditzakete, hala nola hotzeria arrunta; gaixotasun larriagoak ere badaude, hala nola‎ Ekialde Hurbileko arnas sindromea (MERS) eta arnas sindrome akutu larria (Sras).

Nola hedatzen da birusa?
Nahiz eta ez den zehazki ezagutzen, antzeko birusek eragindako beste infekzio batzuekiko analogiagatik, badirudi kutsatutako animaliekiko kontaktuaren bidez edo gaixoaren eztularekin eta doministikuarekin sortzen diren arnas jariakinekiko kontaktu estuaren bidez transmititzen dela. Sekrezio horiek beste pertsona bat kutsatzen omen dute haren sudurra, begiak edo ahoa ukituz gero.

Zer egin dezaket babesteko?
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) zenbait gomendio argitaratu ditu koronabirusak (COVID-19) eragindako gaixotasunerako. Haien artean, gomendio hauek dira azpimarratzekoak:

  • Garbitu eskuak sarritan.
  • Eztul edo doministiku egitean, estali ahoa eta sudurra ukondoarekin edo zapi batekin. Bota zapia berehala eta garbitu eskuak alkoholez egindako eskuetarako desinfektatzaile batekin edo ur eta xaboiarekin.
  • Eztula edo doministiku egin eta sukarra duten pertsonetatik metro batera egon gutxienez.
  • Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa.

Nork izan dezake gaixotasunaren forma larri bat?
OMEren arabera, oraindik ez dakigu zehatz-mehatz 2019-nCoV birusak nola eragiten dien pertsonei; oraingoz badirudi adinekoek eta aurretik gaixo daudenek (diabetesa eta kardiopatiak dituztenak, esaterako) arrisku handiagoa dutela‎ gaixotasunaren forma larria izateko.

Zein dira sintomak?
Sintomarik ohikoenak eztula, eztarriko mina, sukarra eta aire faltaren sentsazioa dira. Kasu gehienetan arnas infekzioa eta hari lotutako sukarra ageri dira. Larritasun handiagoko kasuak ere egon daitezke, kasuren batean infekzioak pneumonia ere eragin dezake; orduan, pazienteak arnasa hartzeko zailtasun handia izango du eta aire-faltaren sentsazioa, sukar altuarekin. Tratamenduari erantzuten ez dioten paziente larriek, eta, bereziki, aurretik gaixotasunen bat badute, konplikazio larriagoak gerta daitezke, eta hil ere egin daitezke. Kasurik larrienak, normalean, adinekoen artean gertatzen dira, edo beste gaixotasunen bat dutenen artean, hala nola bihotzeko edo biriketako gaixotasunen bat edo immunitate-arazoak.

Zenbat irauten du inkubazio-aldiak?
Infektatu eta gaixotasunaren sintoma klinikoak agertu arteko denbora-tarteari esaten zaio inkubazio-aldia. Gaur egungo kalkuluen arabera, inkubazio-aldia 1 eta 14 egun bitartekoa da; batez beste, 5-6 egun. Estimazio horiek eguneratzen joango dira, datu gehiago eskuratu ahala. Koronabirusak eragindako beste gaixotasun batzuei buruz eskura dagoen informazioan oinarrituta (MERS eta SARS, besteak beste), 2019-nCoVren inkubazio-aldia 14 egunera artekoa izan daiteke.‎ OMEk gomendatzen du baieztatutako kasuen kontaktuei 14 eguneko jarraipena egitea.

Baliagarriak al dira maskarak gaixotasunari aurrea hartzeko?
Maskarek funtzio bat betetzen dute: birusaren hedapena saihestea. Horregatik, maskara jarri behar duena arnas infekzioaren sintomak dituena da. Hala, pertsona bat sintoma horiekin osasun zentroren batera joaten denean maskara jarri behar du, inguruan dauden gainerako pertsonak ez kutsatzeko. Adinekoekin edo immunodeprimituekin kontaktua duten pertsonei maskarak jartzea ere gomendagarria da.
Edonola ere, arnas gaixotasunen bat (koronabirusa ere bai) ez zabaltzeko neurririk eraginkorrena eskuak garbitzea da.

Harremane

Covid-19 koronabirusaren sintomak dituenak bere ohiko osasun-zentrora deitu behar du, eta han telefonoz erantzungo diote.

Osasun Kontseiluaren 900 20 30 50 telefonoan, koronabirusari buruzko informazioa eman eta zalantzak argituko dira.

Koronabirusa: prebenitzeko gomendioak

video

Idazkaritza Orokorreko telefono arreta-ordutegia

Arreta telefonikoaren ordutegia astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara izango da.

Harremanetarako telefonoak:

Bilboko Campusa - Graduak: 944 139 061
Bilboko Campusa - Graduondoak: 
944 139 302 edo 944 139 000 (Lzp. 2976)
Donostaiko Campusa: 943 326 310

Nazioarteko Harremanetako departamentuarekin kontaktatzeko

Komunikazio guztia ohiko posta elektroniko bidez egingo da.

Era berean, mugikortasun programako ikasleen edozein galderarako international.mobility.covid@deusto.es helbidea gaitu da "leihatila bakarra" moduan.