Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2022ko urtarrilak 13Donostiako Campusa

Deustuk eta EACTDAk (European Anti-Cybercrime Technology Development Association) gazte profesionalen sustapenean elkarrekin lan egingo dute, ziberkrimenaren kontrako borrokan

Deustuko Unibertsitateak eta EACTDA elkarteak (European Anti-Cybercrime Technology Development Association) lankidetza hitzarmena sinatu dute datozen hiru ikasturteetan bien intereseko zientzia eta teknologia esparruetan elkarrekin lan egiteko, bereziki, gazte profesionalen sustapenean, eta ziberkrimenaren aurrean eraginkortasunez erantzuteko teknologia berriak garatzeko. Hitzarmena Juan Arraiza EACTDAko zuzendari nagusiak eta Asier Perallos Ingeniaritza Fakultateko dekanoak sinatu dute. Prestakuntza jarduerak elkarrekin egitea bultzatu nahi dute, unibertsitate-enpresako gela teknologiko bat sortuz. Gela horrek Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko proiektuak eta ikasleak hartuko ditu, baita Elkarteko profesionalak ere.

Erronka teknologikoak garatzea sustatuko da, Informatikako Ingeniaritzari, Datuen Zientziari, Adimen Artifizialari, eta, noski, zibersegurtasunari eta zibrekrimenaren kontrako borrokari lotutako esparruetan. Irakasleentzako prestakuntza ekintzak, dibulgazio eta hezkuntzarako edukien garapena, eta unibertsitate zabalkundeko beste ekintza batzuk egitea ere aurreikusten da. Era berean, bi erakundeek ekitaldiak elkarrekin antolatuko dituzte Deustuko Unibertsitatearen instalazioetan (hitzaldi teknikoak, mintegiak, topaketa profesionalak, etab.) eta elkarlaneko ikerketa proiektuak bultzatzeko lan egingo dute.

“Digitalizazioa dagoeneko errealitatea bada ere, datozen urteetan gure eguneroko bizitzaren gero eta alderdi gehiagotara iritsiko da”, dio Juan Arraizak, EACTDAko business managerrak. “Digitalizazioaren zabalkundeak abantaila eta aukera berri asko ekarriko dizkigu, maila pertsonalean, profesionalean eta sozialean, baina, aldi berean, gaizkileentzat eremu berri eta emankorra ere irekiko du. EACTDAk, ziberkrimenaren kontrako borrokako Europako eragile nagusiekin elkarlanean, tresnak garatu nahi ditu, Europako segurtasun indar eta kidegoei ziber-gaizkileen kontrako borrokan laguntzeko. Guretzat, pozgarria da Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean aritzea, unibertsitate-enpresako gela teknologikoa sortuz. Gela honen bidez, ikasleei esparru bat eskainiko diegu beren prestakuntza osatzeko eta esperientzia eskuratzeko, jakiteak proiektu errealetan eta punta-puntakoetan aplikatzeko aukera izango baitute. Horrela, gaur egun garrantzitsua izanik ere, etorkizunean eskari handia izango duen lanbide profila eskuratu ahal izango dute”.

Izan ere, Asier Perallos Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoaren iritziz: “Zibersegurtasuna eta Ziberkrimenaren kontrako borroka IKTen sektoreko gaur egungo erronka handienetako bat dira eta erantzun bat eman behar zaie. Informatikako Ingeniaritzak, Datuen Zientziak eta Adimen Artifizialak gaitasun berriak eskaini behar dituzte erronka horri erantzuteko, jakinik erronka zientifikoa eta teknologikoa ez ezik, enpresa, industria eta gizartekoa ere badela.”

Unibertsitate-enpresa gela berri honen sorrera, hain zuzen ere, Deustuko Unibertsitatearen apustu berri batekin bat dator. Deustuk 2022-2023 ikasturtean Donostian hiru titulazio berri eskainiko ditu, Eraldaketa Digitalari lotuta: Informatikako Ingeniaritzako gradua, Datuen Zientzia eta Adimen Artifizialeko gradua, eta Informatikako Ingeniaritzako + Datuen Zientzia eta Adimen Artifizialeko gradu bikoitza.

Hain zuzen ere, aldaketa kualitatibo handia ikusten ari gara azken urteetan: enpresek eta erakundeek, inoiz baino gehiago, espezializazio horietan prestatutako talentu gaztea behar dute, teknologiaren bilakaeraren erritmoa oso azkar bizkortzen ari den garai honetan. Bi indar horiei erantzunez, erakundeen eta unibertsitatearen arteko elkarlana sine qua non baldintza bihurtzen ari da, enpresa eta merkatuko jakintzaren eta jakintza akademikoaren arteko sinergia dagoeneko funtsezko lehentasuna baita sektoreko etorkizuneko profesionalen prestakuntza integralean.


Deustuko Ingeniaritza Fakultateari buruz

Deustuko Unibertsitatea gizarte ekimeneko ikastetxe bat da. Bilbon eta Donostian ditu campusak eta Gasteiz eta Madrilen, egoitzak. 130 urte baino gehiagoko ibilbidea du goi mailako hezkuntzan eta ekarpen handia egiten dio ekonomia, gizarte eta teknologia garapenari. 10.000 ikasle baino gehiago ditu, horietatik % 15 atzerritarrak, 68 herrialdetakoak. Deustuk ikasleen garapen pertsonal eta profesional osoa sustatzen du, bai irakaskuntzaren eta ikerketaren bitartez, eta bai beste ekimen batzuen bitartez: ekintzailetza sustatzeko programak, laneratze programak, etengabeko prestakuntza eta prestakuntza duala, eta unibertsitatearen ekintzen gizarte eragina bultzatzea.

Ingeniaritza Fakultatearen eta bertako Deusto Tech-Teknologia Institutuaren-DeustoTech bidez, abangoardiako teknologia arloetan ikertzen du eta sortutako jakintza transferitzen du, bereziki adimen artifizialean, nonahiko konputazioan eta konputazio sistemetan, eta zibersegurtasunean, sektore askotan aplikatzeko, esate baterako, industrian, mugikortasunean, energian edo gizartean, oro har.

www.deusto.es.

EACTDAri buruz

EACTDA (Euroupean Anti-Cybercrimen Technology Development Association-Ziberkrimenaren kontrako Teknologia Garatzeko Europako Elkartea) irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, soluzio teknologikoak garatzen ditu Europako segurtasun indarrek eta kidegoek eta, oro har, ziberkrimenaren kontrako borrokan lan egiten duten erakunde publiko guztiek erabiltzeko.

www.eactda.eu.

13/01/2022 - Deusto y EACTDA (European Anti-Cybercrime Technology Development Association) colaborarán en la promoción de jóvenes profesionales en materia de lucha contra el Cibercrimen