Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko maiatzak 26Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitatea prestatzen ari da erabateko presentzialtasunera itzultzea, urruntzeko aginduek aukera eman bezain laster

Deustuko Unibertsitatea 2021-2022 ikasturtearen plangintza lantzen ari da, pandemiaren aurreko presentzialtasunera itzultzeko, osasun agintariek utzi bezain laster. Pertsonen arteko distantzia zehazten duen arauak, 1,5 m-ko tartea ezartzen duenak, badu eragina geletan sartzen den gehienezko jende kopuruan. Hori da normaltasunera itzultzeko oztoporik handiena, talde bereko ikasle guztiak gelan aldi berean egon daitezen. Bien bitartean, Deustuko Unibertsitateko Zuzendaritza Kontseiluak maiatzaren 25ean onartutako neurriaren arabera, datorren ikasturtea presentzialtasun egokituko modalitatean hastea dago aurreikusita, amaitzera doan ikasturtean izan duenaren antzerakoan.

Presentzialtasun egokituaren arrakasta

Deustuko Unibertsitateak 2020-2021 ikasturtean ezarri duen presentzialtasun egokituko ereduak urrutiko klase sinkronoak (talde handian) eta klase presentzialak bateratzen ditu, ikasleak talde txikietan banatuta. Klase presentzialak guztizkoen bi heren izan dira. Modalitate horren errendimenduari buruz barruan egindako galde-sortek datu onak erakusten dituzte eta, irakasleekiko gogobetetasunean, zehazki, hobekuntza nabarmena egon da aurreko ikasturteekin konparatuta. Horrek bermatu egiten du metodologia berritzaileen eta arreta pertsonalizatuaren alde egindako apustua.

Era berean, modalitate horrek erakunde publikoen eta gizartearen babesa eta aitormena izan du garapenean. Hala erakusten dute datorren ikasturterako egin diren eskaera berriek, % 20 hazi baitira. Horrek guztiak onespen sendoa ematen dio Deusturen proiektuari, eta ikasleei eta gizarteari onena eskaintzearen aldeko apustua erakusten du.

Presentzialtasuna segurtasunez

Unibertsitatearentzat, presentzialtasunak erraztu egiten du ikaskuntza eta hobetu egiten du ikasleen unibertsitateko esperientzia. Horregatik, Deustu modalitate horretara itzultzeko prestatzen ari da, gelako distantzia sozialeko arauak hori egiteko aukera ematen digunean. Eta prebentzioko protokolorik zorrotzenak betez egingo du; horiei esker eskaini dizkio Deustuk unibertsitateko elkarteari COVID-19aren kontrako segurtasun bermerik altuenak. Izan ere, pandemiaren hasieratik ez da izan kutsagune aipagarririk campusetan edo egoitzetan. Esperientzia on horrek sendotu egiten du konfiantza, behar diren segurtasun neurriak betez gero eta inguruko pandemia egoerak horretarako bidea ematen badu, Deustuko gelek toki segurua izaten jarraituko dutela pandemiaren aurreko egoerara itzultzean.

Dena dela, eta erabateko presentzialtasunera itzuli ala ez itzuli, Unibertsitateak metodologia berrikuntza eta digitalizazioa bultzatzen jarraituko du, apustu horiek pandemia aurreko 2022ko Deustuko plan estrategikoan jasota baitaude.

Ikasturtearen antolaketa eta hasiera

2020ko martxoaren aurreko normaltasunera itzultzeko erabakiak behartu egiten du Unibertsitatea plangintzako ahalegin berezia egiten. Alde horretatik, Ikasketen Antolamenduko Errektoreordetza eta fakultateak planifikazio bikoitz bat ontzen ari dira 2021-2022 ikasturterako: presentzialtasun egokitua eta pandemiaren aurreko presentzialtasunera aldatzea. Programazio bikoitz horrek Unibertsitatearen antolaketako alderdi askori eragiten die.

Kasurik gehienetan, aurreko normaltasunera itzultzea aurreikustea eta aldaketa edozein momentutan egiteko prest egotea da. Hala, talde murriztu itzulgarriak sortzea edo eskola orduak egoera berrira egokitzea planteatzen da.

Ikasturtearen hasiera irailaren 13ko astean izango da. 1. mailako ikasleen harrera aurreko astean egingo da.