Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko uztailak 09Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitatea europar “supercampus” berrien artean aukeratu dute

Hiri post-industrialen Europar Unibertsitatea zortzi unibertsitatek jarri dute abian, euren artean Deustuk, eta Europako Batzordeak onartu dituen 24 supercampus aitortuen artean dago.

Europar Batasunak uztailaren 9an argitaratu zuen ‘Europar Unibertsitate’ berrien zerrenda. Erasmus klasikotik haratago, beste urrats bat gehiago eman eta ikasleek askatasun handiagoz Europan ikasteko modua emango du.

Deustuko Unibertsitateak parte hartzen du Hiri post-industrialen proiektuan beste unibertsitate hauekin batera: Erasmus University (Roterdam), Koc University (Istanbul), Ruhr University Bochum, University College Cork, University of Liège, University of Oulu (Finlandia) eta University of Zagreb.

“Supercampus” berri horren programetan parte hartzen duten ikasleek Deustun hasi ditzakete ikasketak seihileko batean eta Holandan, Turkian, Alemanian, Irlandan, Belgikan, Finlandian edo Kroazian amaitu.

Partzuergoak IMISCOEn du jatorria, migrazio, integrazio eta gizarte kohesioko europar unibertsitate sarerik handienean. Deustuk 20 urte daramatza sare horretan parte hartzen eta know-how unibertsitario partekatu bat sortzeko modua eman du.

Errektoreen bilera

Europako Batzordeak Europar Unibertsitate baterako proiektuari babesa eman eta 24 ordu baino gutxiagora, ostiralean, bilera telematiko bat izan zuten Hiri post-industrialen Europar Unibertsitatea osatzen duten zortzi europar unibertsitateetako errektoreek.
Errektoreek, proiektuak Europar Batzordearen bermea izategatik poza adierazteaz gain, aliantza estrategikoaren oinarriak sendotu zituzten: mugikortasuna, gizarte eragina eta inklusioa.

Lankidetza eta mugikortasuneko era berriak

Hiri post-industrialen Europar Unibertsitatearen helburuetako bat ikasleen eta unibertsitateetako langileen mugikortasuna sustatzea da. Horrek ikasleen trukeak eta baterako programa berriak ez ezik, Europar Unibertsitatearen campus birtuala sortzea ere ekarriko du, teknologia interaktiboak erabiliko direlarik dagoeneko badauden programen arteko lankidetza forma hibridoetarako. “Aliantzak teknologien garapena indartuko du eta, horretara, ikasleek ikasketa esperientzia europar aparta izango dute”, azpimarratu zuten errektoreek.

Eragina hirietan eta hiri trantsizio post-industrialetan

Unibertsitateek haien arteko lankidetzaz gain, kokatuta dauden zortzi hiriekin ere sortzen dute lankidetza. Hiri post-industrialen Europar Unibertsitateak ikerketa, irakaskuntza eta hiriak lotu nahi ditu. Beste ekimen batzuen artean, ikasleen, ikertzaileen eta hirien arteko sare bat sortuko du, ekonomia, osasun, mugikortasun eta aniztasun gaien inguruan elkarlanean aritzeko.

Inklusio gehiago Europako goi hezkuntzan

Unibertsitateek, elkarrekin, ekarpen berezia egin diezaiokete goi hezkuntzari, Europarako hobea eta inklusiboagoa dena. Hiri post-industrialen Europar Unibertsitateak Superaniztasuneko Akademia bat sortuko du, hezkuntza inklusiboari buruzko jakintza eta esperientziaren trukea sendotzeko.

José María Guibert errektoreak aparteko poza adierazi du aitorpenagatik: “Deustu etorkizuneko europar unibertsitateen parte da. Etorkizun hori posible izango da lankidetzan, aliantzetan eta sareetan oinarrituta”. Eta azpimarratu du: “gure ikasleak izango dira europar unibertsitate kontzeptu berri horren onuradun nagusienak”. Bide beretik, errektoreak beste hau ere adierazi du: “irakasleek eta ikertzaileek jakintzako partzuergorik onenak bilatzen dituzte. Aliantza honekin, informazioa, esperientzia, datuak eta azpiegitura partekatuko ditugu hiri ikasketen eta mugikortasun, inklusio, immigrazio eta aniztasun erronken inguruan”.

Errektoreak unibertsitatearen eta hiriaren arteko lotura ere azpimarratu nahi izan du: “Unibertsitatea oraindik presenteago egingo da hirian, baita hiria unibertsitatean ere. Zortzi europar unibertsitatek hiria eta europar hirien etorkizunari buruzko hausnarketa prestakuntzan eta ikerketan txertatuta lortu duten know how-ari onura atera ahal izango dio Euskadik. Europak eta europar unibertsitate sistemak euskal hiriburuen eraldaketarako, balioetarako eta garapen jasangarrirako erreferentzia eredu izatean lortu duten trebetasunari onura atera ahal izango diote.