Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2022ko maiatzak 06Donostiako Campusa

Deustuk Javier Elzo soziologoa omendu du, bere lan ibilbidea eta unibertsitatearekiko lotura aitortzeko

Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusak Javier Elzo Soziologiako katedradun emeritua omendu du. Omenaldiarekin, bere lan ibilbidea eta unibertsitatearekiko lotura aitortu nahi izan zaizkio. Elzo Deustuko irakasle eta ikertzailea izan da, dekanoa, Eskola eta Institutuko zuzendaria, Deusto Forumeko arduraduna...

Ikertzaile nekaezina, idazlea, saiakeragilea, hizlaria, melomanoa “eta bizitzaren eta egiaren zale sutsua”. Deusturen izena inork ez bezala eramaten jakin duena. Hain zuzen ere, horrexegatik esan dizkio hitz hauek José María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak: “gure historiaren onena ez ezik, etorkizuneko inspirazio iturri onena ere irudikatzen duzu”.

Topaketan soziologia eta politika munduko pertsona ezagun askok hartu du parte, profesionalak, irakasleak, lankideak eta lagunak. Guztiek Javierren ondoan egon nahi izan dute, egun berezi honetan. Horien artean aipatzekoak dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Juan Mª Uriarte, Donostiako gotzain emeritua eta José María Guibert, Deustuko Unibertsitateko errektorea, Unibertsitateko beste arduradun akademiko batzuekin batera.

Unibertsitateko bikaintasunaren adibide paregabea

“Aldaketa biziko garaiak dira hauek; zuk, Javier, beti jakin izan duzu hori azaltzen, datu zorrotzetan oinarrituta eta analisirako buru argiz”, adierazi du Guibert errektoreak, ekitaldiaren hasieran. Unibertsitatea bizkor ari da eraldatzen eta aldaketa hauen lehen urratsak bizi izan zituen Elzo irakasleak. “Aspaldian esan zenuen Unibertsitateak pentsamendu kritikoa lantzeko tokia izaten jarraitu behar duela, ideiak eztabaidatzeko tokia, eta ez akademikoen diskurtsoak errepikatzekoa”.

Omenaldi hau aukera paregabea da gogoratzeko, aldaketak aldaketa, unibertsitateko bikaintasunak unibertsitateko elkartearekiko eta gizarte osoarekiko konpromiso kritikoa ekarri behar duela. Javier Elzok bikain islatzen ditu balio horiek, errektoreak erantsi duen bezala, “Deustuko unibertsitate elkarteko kideen ezaugarriak gorpuzten dituelako irakaskuntzan, ikerketan, gizarte konpromisoan eta kudeaketan, eta gainera, modurik bikainenean”.

Ildo horretatik, errektoreak ekitaldian izan diren lankideak aipatu ditu, ikasleak eta jarraitzaileak, irakasle lanaren emaitza, nolabait; Euskadin eta Espainian gizarte ikerketetan duen erreferentzialtasuna, gizartean garrantzi handia duten gaien inguruko ikerlanak egin dituelako: drogak, gazteria, indarkeria; ikerketaren bidez nazioartera zabaltzea... horiek guztiak izan dira bere ekarpenak; omenaldira hurbildu diren gizarte ordezkariak ere aipatu ditu, horrek erakusten baitu Unibertsitateak, Elzo irakasleari esker, bere gizarte funtzioa bete duela –transferentzia eta inguruarekiko konpromisoa–; eta, azkenik, gaurko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea, bere garaian Zientzia Politikoen eta Soziologiako Fakultatearen ondorengoa, Fakultate hartako dekano izan zen Javier.

Amaitu aurretik, José María Guibertek eskari berezi bat egin dio: “Familiaz eta musikaz gozatzeaz gainera, ez utzi alde batera gizartearen zerbitzura egiten duzun lana, horrek zure unibertsitatea harro sentiaraziko du eta gizartearen zerbitzura egiten dugun lana nabarmenduko du. Bejondeizula!”

Errektorearen ondoren, hitza hartu dute Eneko Goia Donostiako alkateak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako sailburuak, María Silvestre Soziologiako katedradun eta ikertzaileak, Juanjo Álvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak, Juan Ángel Vela Campo musikologoak, Juan María Uriarte Donostiako gotzain emerituak, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Ekitaldia Felix Arrieta politologo eta irakasleak gidatu du eta Javier Elzori sari bat ere eman diote bertan.

Omenaldi-kontzertuaren oparia

Unibertsitateak bukaerara arte gorde nahi izan du ekitaldiaren edukia, bere “irakasle eta ikertzaile nabarmenari” ezusteko bat emateko. Javier Elzo Donostiako campusera iritsi da pentsatuz Deustuk “omenaldi kontzertu baten oparia” egin nahi izan diola. Halaxe jakinarazi zien lagunei eta lankideei, ekitaldian bere ondoan egotera gonbidatu zituenean, nolabait eskertu nahi izan baitie Deustuko urteetan izan duten adiskidetasuna.

Esker oneko hitz horien ondoren, bere lan ibilbidea gogoratu du. Hogeita hamar urte Deustun, horietatik 29, Bilboko campusean. Urte asko, eta beste hamar ikerketan, erretiroa hartu ondoren. Gainera, oraindik ere eusten dio Unibertsitatearekiko loturari, Deustuko langile erretiratuen Pedro Fabro Elkartean parte hartzen baitu. “Irakaskuntza eta ikerketako urte pozgarriak”, bere hitzetan. Bi unibertsitate izan dira nagusi Javier Elzoren bizitzan: Lovainako Unibertsitatea eta Deustukoa. Lovainan jaso zuen prestakuntza eta, neurri handi batean, unibertsitate horri zor dio izan den guztia, “betiko esker ona zor diot”. Deustun, berriz, urte luzez izan da irakasle. Belgikako Chimay herriko San Jose eskola eta Irungo Pio Baroja Institutua ere aipatu ditu, azken horretan Erlijio irakasle izan zen. Garai bertsuan, Gizarte Laguntzaileen Eskolan Soziologiako irakasle izan zen eta eskola horretako zuzendari izanik, Gizarte Laneko Unibertsitate Eskola bihurtzea lortu zuten. Donostiako Elizbarrutiko Irakasle Eskola ere gogoratu du, bertan ezagutu zuen emaztea.

1981ean hasi zen Deustun eskolak ematen. Urte haietan, ikerketa ugari egin zituen, soziologiari lotuta, gazteriaren, gazteen indarkeriaren, familiaren, erlijioaren, balioen, drogamenpekotasunaren eta abarren inguruan. Hamaika urtez izan zen Deusto Forumeko presidente eta Droga-menpekotasunen Deustuko Institutuan ere aritu zen. Gainera, harremanak izan zituen Alcohol y Sociedad Fundazioarekin, Menpekotasunen kontra borroka egiteko Madrilgo Fundazioarekin eta Argentinako Juan Alverto Yaría doktorearen lantaldearekin. Hedabideak ere izan ditu hizpide, ohiko kolaboratzailea izan baita. Hitzaldi ugari eskaini ditu, Espainian, Ameriketan eta Europan.

Elzok Unibertsitateaz ere hitz egin du: “Deustuk zubi lana egin nahi izan du beti”. Hunkituta gogoratu du Deusto Forumek antolatu zituen bi topaketa, alderdi politiko guztietako ordezkariekin eta askotariko sentsibilitateko kazetariekin, gizartean bizi genuen indarkeria gainditzeko bideen inguruan gogoeta egiteko. Berunezko urteak ziren, 2000 eta 2001, “hizlari bezainbeste bizkartzain zeuden aretoan”.

Bere iritziz, unibertsitatea jakintzaren plaza da, jakintzaren inguruko solasaldi eta eztabaidarena, erantzukizun eta independentzia giroan. Unibertsitatearen gaur egungo leloa hizpide hartuta, “Mundua eraldatzen duten pertsonak”, nabarmendu nahi izan du ikasleak direla Deusturen ardatza. Ez irakasleak, ikasleen prestakuntza baita unibertsitatearen helburu nagusia, bertako irakasle eta irakaskuntzaz kanpoko langileen helburua”.

Familiari aipamen berezia eginez amaitu du bere hitz hartzea. “Familiarik gabe, ez nintzateke ezer izango”. Emaztea, seme-alabak eta haien bikoteak, eta bilobak aipatu ditu, lagun batek esaten zion bezala, hura ere aitona, “bizitzaz betetzen baikaituzte, ezin dute imajinatu ere egin nola”.

Curriculum luzea

Soziologian doktorea Deustuko Unibertsitatean (86ko promozioa), Javier Elzo Soziologiako katedradun emeritua da unibertsitate horretan bertan. Beasainen jaioa, Soziologiako lizentziatura Lovainako Unibertsitatean eskuratu zuen. Unibertsitate horretan bertan Teologiako eta Zientzia Moral eta Erlijiosoetako ikasketak egin zituen. Hogeita hamar urtez, eskolak eman zituen Deustuko Unibertsitatean. Bertan, Zientzia Politikoak eta Soziologiako Fakultateko dekanoa izan zen, Donostiako Gizarte Laneko Unibertsitate Eskolako zuzendaria, Droga-menpekotasunen Deustuko Institutuko ikerketen zuzendaria, Deustuko Unibertsitateko Balioen Azterketen inguruko ikertaldearen zuzendaria, “European Values Study”ko (2000-2008) Espainiako ikertzaile nagusia eta, 11 urtez, Deusto Forumeko presidentea.

1975 eta 1981 urteen artean, Erlijio irakasle ere izan zen Irungo Institutuan.
Era berean, Toxikomanien Espainiako Elkarteko sortzailea izan zen, Gipuzkoako izan Fundazioko sortzailea -horren barne daude, besteak beste, Gizakia Helburu eta Norbera-, Alcohol y Sociedad Fundazioko Batzorde Zientifikoko kidea, Drogamenpekotasunairi Laguntzeko Fundazioaren (FAD) ohiko laguntzailea eta Aholku Taldeko kidea eta Eusko Ikaskuntzako kidea. Frantziak Officier de l´Ordre des Palmes Academiques aitorpena egin zion eta 2009an, Eusko Ikaskuntza-Laboral saria jaso zuen, Giza eta Gizarte Zientzien arloan. Euskalerriko Adiskideen Elkarteko kidea ere bada (2016ko iraila).
 

06/05/2022 - Deusto homenajea al sociólogo Javier Elzo en reconocimiento a su trayectoria profesional y vinculación con la universidad