Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko irailak 24Bilboko Campusa

Deustuk identifikatu du zelan irakatsi Euskadiko historia bakea eraikitzen aurrerapausoak emateko

Deustuko Unibertsitateak irailaren 24an aurkeztu du belaunaldi gazteei Euskadiko historia zelan irakatsi identifikatzen duen proiektu baten emaitza, hartara indarkeriari legezkotasuna kentzen eta bakearen kultura eraikitzen laguntzeko. Ondorio nagusien artean, analisia eta eztabaida txertatu beharraren garrantzia aipatzen da iraganeko indarkeriaren kontakizunetan eta memorietan, ulermen kritikoa eta eraldaketa errazteko.

“Memoria, Educación Histórica y construcción de paz en Euskadi” lana 17 eta 25 urte bitarteko gazteen ikaskuntza komunitate batetik sortu da. Gazteak ideologia profil eta familia, gizarte eta politika jatorri desberdinetakoak dira. Etika Aplikatuko Zentroak lideratu du lana, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin batera, 2019ko urritik 2020ko ekainera. Ikaskuntza komunitatearen helburua zen Euskadin azken mende erdian bizi izan den motibazio politikoko indarkeriaren inguruan gazteek egiten dituzten galderak eta hausnarketak aztertu eta aurrez aurre jartzea.

Azalpen konplexuagoak

Zelan azaldu gazteei indarkeriazko iraganaren historia? Zer galdetzen diote gazteek beren buruari azken mende erdian Euskadin bizi izandako motibazio politikoko indarkeriaz? Zer pentsatzen dute gertatutakoaz? Ikaskuntza komunitateak galdera eta zalantza horiek gazteen artean aztertzeko asmoa hartu zuen, prozesu pedagogiko bat abiarazi eta gertatu zenaren azalpen historiko konplexuagoak eraikitzeko.

Komunitate horren emaitzak hiru koadernotan daude jasota. Lehenengoak hurbilketa kontzeptuala egiten du, indarkeria deslegitimatzeari hezkuntza historikoak egindako ekarpenez, hain zuzen. Bigarrenak gazteen ikaskuntza komunitatearekin jarraitu den sistematizazio prozesua jasotzen du. Hirugarrenak Euskadiko indarkeriaren historia hurbila irakasteko gomendio eta baliabide pedagogiko multzo bat eskaintzen du. Koadernoak euskaraz eta gaztelaniaz daude eta Euskal Herriko historia hurbila irakasten duten irakasleei daude zuzenduta, bai bigarren hezkuntzako eta bai batxilergoko geletarako, unibertsitaterako, edo hezkuntza ez-formaleko esparruetako hezitzaileentzat:

Gutxi dakite euskal gatazkari buruz

Ikaskuntza komunitatearen esperientziak berretsi zuen hainbat ikerketak eta inkesta soziologikok agerian jarri dutena: gazteek ezer gutxi zekitela Euskal Herriko historiaz eta gatazkaz. Ezagutza urri horrek agerian jartzen du, parte hartzaileek azpimarratu zutenez, zein arreta eskasa eman zaion arazo horri hezkuntza formalaren esparruan, hau da, eskolan.

Bestalde, gazterik gehienen esperientziaren arabera, isiltasuna izan da nagusi familia eta lagun-talde askotan, Euskadin bizi izan den indarkeriaren inguruan. Aitortzen dute, oraindik ere beldurra edo errezeloa dagoela gai horren inguruan hitz egiteaz. Hain zuzen ere, inguruan geure buruari ezarritako isiltasun hori, elkarrizketa eta hausnarketa kritikoa ezinezko egiten dituena, izan zen motibazio nagusienetarikoa ikaskuntza komunitatera lotzeko.

Memoriaren zatiak

Komunitatearen esperientziak agerian utzi zuen, gazteek gutxi jakin arren, memoria indibidual eta kolektiboaren, ideien, kontakizunen eta sinbologiaren zatiak eduki badituztela. Gehienetan, atal horiek familiatik, koadrilatik, gizarte eta kultura ingurutik edo hedabideetatik eta gizarte sareetatik heltzen zaizkie, baina zalantzan jartze handirik eta analisi kritikorako abagunerik hartu gabe transmititu eta barneratu dira.

Memoriaren zati askok hurbiltasun esanguratsuak dituzte Etika Aplikatuko Zentroko ikertzaileek “milaka urteko gatazkaren kontakizuna” esaten diotenarekin, indarkeria legezkotzat jotzera makurtzearekin eta euskal gizartearen pluraltasuna alde batera uztearekin. Etika Aplikatuko Zentroa goiargitzen duen planteamendu pedagogikoa kontuan hartuta, proiektuak behin eta berriro dio historiaren irakaskuntzak kontuan izan behar dituela memoria zati horiek eta kritikoki lan egin behar dela horien gainean, errazago zalantzan jartzeko eta aldatzeko.

Memoria desberdinen inguruan demokratikoki hitz egiten ikastea da kontua; horrela, beste ahots batzuk erantsi daitezkeelako, norbere argudioen mugak ulertu daitezkeelako, indarkeriaren bidegabekeria aitortu daitekeelako eta egindako minaren norainokoa neurtu daitekeelako. Elkarrizketa horrek bi estrategia paraleloren bidez funtzionatzen du. Bata, memorien historizazioa litzateke, egiazkotasun, inklusibitate, integraltasun eta justizia irizpideak erabiliz interpelatzea; hori da hezkuntza historikoak egin dezakeen ekarpenetako bat indarkeria desnormalizatzeko eta deslegitimatzeko. Bestea, historiaren memorializazioa litzateke, biktimetan eta bidegabeko sufrimenduan haragituz. Horregatik da posible eta desiragarri hausnarketa etikoa azalpen historikoan integratzea. Bi estrategiez baliaturik, historiaren irakaskuntza ez da iraganari buruzko ezagutzak transmititze hutsa izango, pentsamenduaren eta kontzientzia historikoaren garapena ere izango da.

Ikasitakoa desikasi

Deustuko Unibertsitatearentzat, gazteen ikaskuntza komunitatearen emaitza oso interesgarria izan zen. Egia da ez zituztela beren ikuspegiak guztiz aldatu; baina jasota utzi zuen prozesu pedagogiko batek galderak eta zalantzak sorraraz ditzakeela gazteen iruditerian eta gertatu zenaren inguruko azalpen historiko konplexuagoak sustatu ditzakeela. “Ikasitakoa desikastea” izan da, parte hartzaileetako batek adierazi zuen bezala.

Ikertaldean pertsona hauek daude: Ángela Bermúdez, proiektuko ikertzaile nagusia; Izaskun Sáez de la Fuente, Galo Bilbao eta Cristina Pena Etika Aplikatuko Zentroko ikertzaileak, eta Jesús Prieto, Etika Aplikatuko Zentroko ikertzaile laguntzailea.

Proiektuari buruzko informazio gehiago

Prentsaurrekoaren argazkiak

Prentsaurrekoaren bideoak: