Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko azaroak 25Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateak dei egiten die unibertsitateei gure gizartean eta munduan emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeriaren gaitzari aurre egiteko

Urtero bezala, azaroaren 25ean, Deustuko Unibertsitateak bat egiten du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, salatzeko emakumeen aurkako indarkeria mota desberdinekin bizitzen jarraitzen dugula (indarkeria fisikoa, psikologikoa, ekonomikoa, soziala eta sexuala). Nazio Batuen Erakundeak GJHen 5. helburuaz hitz egitean adierazten duen bezala, "Mundu osoko emakumeen % 35ek indarkeria fisikoa eta/edo sexuala jasan du bikotekideen edo beste pertsona batzuengandik". Hori dela eta, beharrezkoa da "emakume eta neskato guztien aurkako indarkeria-mota guztiak ezabatzea eremu publiko eta pribatuetan, salerosketa, sexu-esplotazioa eta beste esplotazio mota batzuk barne", GJHren helburuetako bat baita.

Ildo horretan, elkarretaratze bana egin da Bilboko eta Donostiako campusetan, eta dei egin zaie bai unibertsitateei bai unibertsitateetan ikasten eta lan egiten duten pertsonei mundu osoan emakumeen eta neskatoen aurkako gaitz sozial hori desagerrarazten lagunduko duten neurrietan parte hartzeko, hezkuntzaren, prestakuntzaren, sentsibilizazioaren eta indarkeriaren aurkako lan aktiboaren bidez.

Era berean, Unibertsitateak bere egin du CRUE-Errektoreen Konferentziaren Adierazpena. Horren arabera, lehentasunezko helburua da botere publikoekin eta gizarte osoarekin lankidetzan aritzea, emakumeen aurkako edozein indarkeria mota ezabatzen laguntzeko. Aurten, "Indarkeria bikarioa" izenekoan dago arreta, hau da, tratu txarrak ematen dituztenek biktimek maite dituztenen aurka egiten dutena, batez ere haien seme-alaben aurka, minik eta sufrimendurik handiena eragiteko bitarteko gisa. Hala, baterako ahalegina honako honetan oinarritzen da: laneko eremuan eta esparru akademikoan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena ezabatzea, jai-giroetako sexu-abusuak eta erasoak, indarkeria psikologikoa, beste indarkeria material batzuen abiapuntua, eta mota guztietako diskriminazioak, zuzenekoak edo zeharkakoak. Adierazpena.

Jose Maria Guibert errektoreak azaldu duenez, Deustuko Unibertsitatean eta beste unibertsitate batzuetan, zero tolerantziako unibertsitate politika eta kultura jazarpen eta indarkeria mota desberdinen aurkako protokoloen, berdintasun-planen, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainen, unibertsitate kolektibo osoaren prestakuntzaren, biktimei arreta emateko ekintza eta bitarteko berrien bilaketaren edo lankidetzan aritzeko eta ekimen berriak bultzatzeko programen plangintzaren bidez garatzen dira. "Hori da gure unibertsitateetan eta gure gizartean berdintasun eraginkorra lortzen eta indarkeria motak desagerrarazten laguntzeko dugun modua". Eta, amaitzeko, "Errealitate lazgarri horrek irauten duen bitartean, unibertsitateok konpromisoa hartzen dugu urteko egun guztiak azaroaren 25a izateko".

Askotariko jarduerak

Ospakizun horren baitan, Unibertsitatea jarduera ugari egiten ari da aste honetan. Bilboko campusean, puntu lila bat ageri da Unibertsitatearen fatxadan, gizarteari indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa erakusteko, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren azken adierazpen gisa. Azken egunotan, jazarpen protokoloen eta informazio liburuxken paperezko edizioa banatu da, sexuagatiko eta sexu jazarpenaren kasuei erantzuna emateko batzorde eta prozeduren berri ematen jarraitzeko.

Azaroaren 16tik 18ra, Itziar Gandariasek "Alfa arra desmuntatu: harremanak izateko modu berrietarantz" ikastaroa antolatu zuen. Azaroaren 22an, Bizkaiko Foru Aldundiak "Matxismoa indarkeria da" kanpaina aurkeztu zuen, eta azaroaren 22an eta 25ean ziberjazarpenaren arriskuei buruzko informazioa proiektatu zen pantailetan eta sare sozialetan; izan ere, Internet indarkeria matxista jakin batzuk erreproduzitzen eta areagotzen dituen bitarteko bihurtu da.

Era berean, azaroaren 25ean hainbat irakaslek beren eskolak eman dituzte, indarkeria matxistaren gaiarekin erlazionatuz, ikasleei dataren esanahia gogoraraziz eta gai horri buruzko informazioa, testuingurua eta hausnarketa emanez; eta azaroaren 26an Antzerkidek prestakuntza bat antolatuko du ikasleentzat, sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren arazoari aurre egiteko.

Donostiako campusean, azaroaren 22tik 26ra bitartean, erakusketa eta omenaldi bat antolatu da indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeentzat, bai eta inkesta bat ere ikasleei, genero-indarkeriari buruzko hausnarketa eta jarduera eragiteko. Gainera, azaroaren 25ean errebindikazio perfomance bat egin da.