Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko ekainak 24

Deustuko Unibertsitateak Ada Byron sariaren argentinar edizioa aurkeztu du, emakume teknologoaren lana ikusarazteko

Deustuko Ingeniaritza Fakultateak Ada Byron sariaren lehen edizio argentinarra aurkeztu du. Sari horren helburua da emakumeak zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duen lana ikusaraztea eta I+G arloan emakumeen bokazioak sustatzea. Zazpigarren edizioa bete denez, Unibertsitateak aurrera egin nahi izan du Microsoftek babestutako sari ospetsu horren nazioartekotzean.

2019an Mexikora egin zuen jauzia, eta 2020an Argentinara heldu da, Kordobako Unibertsitate Katolikoaren eta Unibertsitate Teknologiko Nazionalaren eskutik. Ada Byron sariaren bigarren edizio amerikar honekin, saria nazioartekotzearen aldeko apustua sendotu da. Sari hori, epe ertainean, Europako eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetara zabaldu nahi da, eta epe luzera, nazioarte mailako sari bat eman.

Argentinan izangaiak aurkezteko epea ekainaren 24an irekiko da eta irailaren 25ean itxiko da. Ondoren, Batzorde Tekniko-Zientifikoak izangaiak aztertuko ditu eta saria, 3.000 eurokoa, azaroaren 12an emango dute Kordoban.

Ekainaren 23an Buenos Airesen egindako aurkezpen birtualeko ekitaldian, Deustuko Unibertsitateko ordezkari modura, José María Guibert errektorea eta Cristina Giménez Elorriaga, Ingeniaritza Fakultateko Unibertsitate eta Enpresa Harremanen arduraduna, izan dira. Hango ordezkarien artean izan dira, besteak beste, Liliana Rathmann (UAAko Ingeniaritza Fakultateko dekanoa), Liliana Cuenca Pletsch (Unibertsitate Teknologiko Nazionaleko dekanoa - Erresistentzia Eskualde Fakultatea), Ana María Franchi (CONICETeko presidentea) eta Clara Bozo (Microsoft Latameko Lege eta Merkataritza zuzendaria).

Eta zergatik Argentina? Deustuko Unibertsitateko errektoreak dioenez, Argentina eta Espainia, oro har, eta Euskal Herria, bereziki, lotzen dituzten lotura kultural eta sozialak banaezinak bezain indartsuak dira. "Atlantikoaren alde batetik bestera, argentinarra edo espainiarra eta euskalduna aipatze hutsak sinpatia, gertutasun eta elkar ulertze sentimenduak eragiten ditu. Horregatik, ez dago Kordoba baino leku hoberik Ada Byron sariaren nazioarteko bigarren edizio hau aurkezteko ".

Espainiako saria

Espainian, COVID-19ren alarma egoera dela eta, Ada Byron Sariaren VII. Ediziorako izangaiak aurkezteko epea irailaren 4ra arte luzatu da. Estatuko deialdi honetan, sariak bi kategoria ditu: absolutua (3.000 eurokoa) eta gaztea, 35 urtetik beherakoentzat (1.000 eurokoa).

Aurreko sei edizioetan honako hauek saritu zituzten: Montserrat Meya, adimen artifizialean eta itzulpen automatikoan aditua; Asunción Gómez, "Teknologia semantikoak" deritzonaren ikertzailea; Nuria Oliver, I+G zuzendaria; Regina Llopis, Adimen Artifizialari Aplikatutako Matematiketako doktorea Kaliforniako Berkeley Unibertsitatean (Estatu Batuak); María Ángeles Martín Prats, Ingeniaritza Elektronikoko departamentuko Sevillako Unibertsitateko irakasle titularra, eta Concepción Alicia Monje Micharet, Robotikako ikertzailea eta Madrilgo Carlos III Unibertsitateko irakasle titularra.

Ada Byron saria iaz nazioartekotu zen, Mexikon egindako lehen edizio batekin, eta Maria Alicia de los Angeles Guzman Puente doktoreak jaso zuen saria.

Sariari buruzko informazio gehiago.