Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko ekainak 08Bilboko Campusa

Munduko unibertsitate onenen artean dago Deustu "Business Administration" eremuan, Shanghaiko rankingaren arabera

Shanghaiko rankingaren edizioak esparru akademiko espezifikoak ebaluatzen ditu, eta Deustuko Unibertsitatea munduko 400 onenen artean kokatzen du "Business Administration" atalean. Horrek esan nahi du mundu mailako negozio-eskola onenen % 3ren taldean dagoela. Lehen aldia da unibertsitateak ospe handia duen sailkapen horretan sartzen dena, eta eragin handienetakoa du erakunde akademikoen nazioarteko proiekzioa baloratzeko orduan.

Shanghai rankingak 54 jakintza-arlo edo irakasgai ebaluatzen ditu, 5 multzotan banatuta: Natur Zientziak, Ingeniaritza, Bizitza Zientziak, Medikuntza Zientziak eta Gizarte Zientziak. Gizarte Zientzien blokean, zehazki "Business Administration" delakoan, Deustu maila globalean ebaluatutako 400 unibertsitateren 301-400 tartean dago. Estatuan duen kokapenari dagokionez, arlo horretan agertzen diren Espainiako 12 unibertsitateetatik 6. postuan dago Deustu.

Rankingean neurtzen diren adierazleak, funtsean, ikerkuntzakoak dira (ikerkuntza-ekoizpena, ikerkuntza-zitazioen eragina, nazioarteko lankidetzako argitalpenak, eragin handiko aldizkarien Top delakoan egindako argitalpenak eta nazioarteko sari akademikoak). Rankingak guztira neurtzen dituen 5 adierazleetatik, Deusto Business School oso ondo kokatuta dago horietako bitan, negozio-eskola onenen mailan, honako hauetan: zitazioak, (zerrendako Espainiako 12 unibertsitateen artean 3. postua) eta nazioarteko lankidetzako argitalpenak (4. lekua).

Ranking horretan duen posizioak erakusten du, beste behin ere, Deusto Business Schoolek egunero-egunero hobetzen dituela bere nazioarteko estandarrak, baita ikerketa gaietan eta inpaktuko argitalpenetan ere. Izan ere, Deustuko Unibertsitateko negozio-eskolak AACSBren (Association to Advance Collegiate Schools of Business) akreditazio ospetsua lortu berri du. Nazioarteko erakunde horrek munduko negozio-eskola onenak aintzatesten ditu. Espainiako sei erakundek eta munduko negozio-eskolen % 6k baino ez dute jaso management prestakuntzaren kalitatea eta bikaintasuna egiaztatzen duen 'zigilu' hori.

 

Informazio gehiago.