Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko azaroak 17Donostiako Campusa

Inportatzaile euskaldunek zenbateraino daude herrialde baten mende? Asier Minondo Deustuko Business School irakaslearen analisia

Asier Minondok, Donostiako campuseko Deusto Business Schooleko irakasleak, euskal inportatzaileek herrialde bakar batekiko duten mendekotasun maila aztertu du "Ekonomiaren Plaza" blogean.

Mindonok dioenez, COVID-19aren krisiak erakutsi du milaka kilometrotara dagoen herrialde batean konfinamendu neurri bat jartzeak Euskal Herrian ekoizpen prozesu bat geldiaraztea eragin dezakeela. Cernat eta Guinearen (2020) antzeko metodologiari jarraituz, euskal enpresa batek produktu bat zenbat herrialdetara inportatzen duen kalkulatzen du. Kalkulu hori egiteko, Aduana Saileko datuak erabiltzen ditu, eta produktu bat nomenklatura konbinatuko 8 digituko kode gisa definitzen du (9.000 produktu inguru). 2019an, euskal enpresen medianak herrialde hornitzaile bakarra zuen inportatutako produktu bakoitzerako, eta herrialde hornitzaileen batez bestekoa 1,5 zen produktu bakoitzeko.

Emaitza horrek adierazten du euskal enpresak oso kalteberak direla herrialde hornitzaileko arazoekiko. Espainian, enpresen medianak ere herrialde hornitzaile bakarra zuen produktu bakoitzeko, eta batez bestekoa 1,6koa zen.
Mendekotasuna antzekoa da inportatzen eta esportatzen duten enpresen eta soilik inportatzen duten enpresen artean. Lehenengoetan, batez beste 1,5 herrialde hornitzaile daude produktu bakoitzeko; bigarrenetan, berriz, 1,4. Espainian, batez bestekoak 1,8 eta 1,3 izan dira, hurrenez hurren. Hornitzaile bakarrak Txina ( % 21), Alemania ( % 16) eta Italia ( % 11) dira. 2020ko lehen seihilekoan, lehen alarma egoera indarrean egon zen lau hilabeteak barne, enpresa eta produktu bakoitzeko herrialde hornitzaileen mediana batean mantendu zen, eta batez bestekoa 1,3ra jaitsi zen.

Euskal Autonomia Erkidegoak herrialde hornitzaile bakar batekiko duen kalteberatasuna neurtzeko, euskal enpresek hornitzaile bakarra duten produktuen inportazioen balioa gehitzen da, eta batura hori 2019ko euskal inportazioen guztizkoarekin zatitzen da. Euskal inportazioen % 22k herrialde hornitzaile bakarra izan zuten, eta euskal inportazioen erdiak hiru herrialde hornitzailetan edo gutxiagotan sortu ziren. Espainian, herrialde hornitzaile bakar batekiko mendekotasuna % 19koa izan zen. Euskadiren mendekotasuna areagotu egin da 2020ko lehen seihilekoan: herrialde bakar batetik datozen inportazioen ehunekoa % 33koa da, eta inportazioen ia % 50 bi herrialdetatik edo gutxiagotik datoz. Nolanahi ere, ehuneko horiek ezin dira 2019koekin alderatu, lehen sei hilabeteak baino ez baitituzte barne hartzen.

Minondok dioenez, litekeena da COVID-19ren krisiak euskal enpresak hornitzaileen zorroa dibertsifikatzera bultzatzea. Díaz-Morak eta beste batzuek (2020) adierazten dutenez, litekeena da hornitzaile berri horiek geografikoki hurbil dauden herrialdeetan egotea eta merkataritza akordio berberetan parte hartzea, eskarian gerta daitezkeen aldaketei azkar erantzuteko eta merkataritza arauak aldatzeko arriskua murrizteko. Nolanahi ere, hornitzaile berriak aurkitzea ez da lan erraza, batez ere tarteko produktuak enpresa inportatzailearen ezaugarrietara egokitu behar badira.

 

Post osoa hemen.