Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko urtarrilak 21Bilboko Campusa

Vatikanoak onartu du José María Guibert beste hiru urterako (2020-2023) Deustuko Unibertsitateko errektore karguan berritzea

Unibertsitateko Kantzelari eta Jesusen Lagundiko Nagusi Jeneral A. Arturo Sosa Abascalek (S.J.), Irakaskuntza Katolikorako Kongregazioaren onespenarekin, Gobernu Kontseiluak proposatuta, José María Guibert Ucín (S. J.) irakasle doktorea eta Ingeniaritza Fakultateko katedraduna izendatu du Deustuko Unibertsitateko errektore 2020-2023 hirurtekorako.

Errektorearen kargu hartzea ikasturtearen amaieran izango da eta eguna bere garaian iragarriko da.

Izendapena

Izendapeneko barne prozesua 2019ko azken lauhilekoan egin zen nagusiki eta Unibertsitateko hirurogei bat pertsonak hartu zuten parte zuzenean. Joan den iraileko Gobernu Kontseiluko osoko bilkuran erabaki zen J.M. Guibert irakaslea berriro hautagai izateko proposamena egitea. Hurrengo hilabeteetan, Gobernu Kontseiluko, Zuzendaritza Kontseiluko eta Kontseilu Akademikoko kideek banakako txosten bat egin zuten hautagaiari buruz, berariazko galdetegi bati erantzunez, baita kontseilu bakoitzeko baterako txosten bana ere. Informazio horrekin guztiarekin, abenduko Gobernu Kontseiluko osoko bilkuran egungo errektorea karguan berritzea proposatu zen, Probintzialaren oniritziarekin. Eskaera Erromara bidali zen eta, jesuiten kuriatik, Irakaskuntza Katolikorako Kongregaziora pasatu zen. Joan den astean onartu zuen Kongregazioak izendapena.

Ibilbidea

José María Guibert Ucín (Azpeitia, 1962) 1982tik da jesuita eta diziplina ugariko prestakuntza sakona izan du: Industria Ingeniaritzako doktorea (EHU), Industria Ingeniaritza (Nafarroako Unibertsitatea), Teologiako Batxilerra eta Lizentziatura (Deustuko Unibertsitatea, Jesuit School of Theology at Berkeley, USA), MBA in Higher Education Management (University of London), Zientzia, Teknologia eta Gizarteko graduondokoa (UNED), baita hizkuntza prestakuntza ere (euskarazko C1-EGA) edo ingeleseko C2-Proficiency). Hasieran haren argitalpenak teknologia eta gizarte erantzukizun arloetakoak izan baziren ere, azken urteotan, Guibert errektorea nazioarteko erreferente bihurtu da ignaziotar lidergoan, hainbat talderekin egindako hausnarketen ondorioz.

Ingeniaritza Fakultateko katedradun zela, Donostiako campuseko errektoreorde izendatu zuten (2003-2008). Ondoren, Deustuko Unibertsitateko errektore izendatu zuten 2013an lau urtetarako (2013-2017). Estatutu Orokorren arabera, errektoreak bitan berritu dezake kargua, hiru urteko epeetarako. 2017-2020rako berritu zuen. Eta orain berriro hautatu dute 2020-2023rako.

Errektoretza

Errektoretza talde honen agintaldian, Deustuk gradu berriak sortu ditu: Nazioarteko Harremanetako Gradua (2013), Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua (2014), Industria Diseinuko Ingeniaritzako Gradua (2015), Lan Harremanetako Gradua (2015), Filosofia, Politika eta Ekonomiako Gradua (2016) edo Industria Digitaleko Gradua (2018). Horrek ekarri du DUn graduetako ikasle kopurua % 22 igotzea (2013-2014an 6.907 ikasle ziren; 2019-2020an, 7.441 dira). Gainera, masterrak, doktoretzak eta etengabeko prestakuntza eta executive prestakuntza berria ere aipatu behar dira. Adibidez, etengabeko prestakuntzako 30 programa berri baino gehiago sortu dira.

Ekoizpen zientifikoari dagokionez, Deustuk bikoiztu baino gehiago egin du indexatutako argitalpenen kopurua (Scopus edo WoS), Eusko Jaurlaritzak A talde gisa aitortuak 6tik 12ra pasatu dira; europar edo nazioarteko 13 proiektu izatetik 32ra pasatu da; eta laukoiztu egin da seiurtekoen kopurua (ziurtatutako ikerketa tramua), 51tik 200 baino gehiagora. Horrek ekarri du Deustu toki esanguratsuetan agertzen hastea nazioarteko rankingetan.

Unibertsitateko Gizarte Erantzukizun arloan, Deustuk estrategia osoa sortu du: berdintasun, inklusio, justizia sozial, ingurumen eta osasun planak eta proiektuak ezarri ditu, besteak beste. DeustoForumek eta DeustoBidek (Herritartasun Eskolak), 25 urte egin dituzte. Urtero, 1.600 ikaslek baino gehiagok ikasten dituzte etika zibil eta lanbideko etikarekin lotutako gaiak eta 1.000 kreditu baino gehiago aitortzen dira Unibertsitatearen Gizarte Erantzukizunarekin lotutako jarduerengatik. Bestalde, 5,2 milioi euro bideratzen dira beketara, eta 3.200 ikaslek egiten dituzte praktikak 675 erakunderekin sinatutako hitzarmenei esker.

Etorkizunerako planak

Guibert Errektoretzan egon den denboran, Unibertsitateak bi plan estrategiko egin ditu: 2014-2018 eta 2019-2022, euskal unibertsitate sistemaren plangintzarekin bat eginik. Urteotarako planteatu diren erronka handien artean hauek azpimarratu daitezke:

-Prestakuntza eta balioen arloan, Deustuk sakondu egin nahi du bere prestakuntza ereduan (tutoretzak, berrikuntza, etab.), titulazioen mapa berriro aztertu publiko berrientzat (hor daude 2020rako gradu berriak: Medikuntza, Fisioterapia, Datuen Zientzia eta Adimen Artifiziala, Robotikako Ingeniaritza), eta aurrera jarraitu nahi du enpresekiko harremanetan (prestakuntza duala, ekintzailetza). Horren barruan dago Osasun Zientzien arloa garatzearen alde egin duen apustua.

-Ikerketa eta transferentzia arloan, DUko ikerketa ekosisteman sakontzeko erronka planteatu da, diziplina artekotasuna, kogenerazioa eta transferentzia, zientzia arloan eta gizarte mailan eragina duena. Era berean, nazioarteko sare eta itunetan parte hartzea izango da urteotako beste helburuetariko bat.

-Erantzukizun, lidergo eta gizarte konpromiso arloan, Deustuk zeharkako eredu bat txertatu nahi du mundu mailako erronka handien artean: 2030 Agenda, aniztasuna, nazioarteratzea, gizarte eta ingurumen erantzukizuna, eta ignaziotar identitatea berritu eta jesuiten unibertsitateen munduko sarearekin (IAJU) baterako ikerketa planetan aurrerapausoak eman. Deusto campus sozial proiektua eta Gasteiz eta Madrilgo egoitzetarako ad hoc estrategia bat diseinatzea ere programatuta daude lanildoetako batzuetan.

Lehenengo adierazpenak

Errektoreak, lehenengo adierazpenetan, esker ona adierazi du kargua berritzean eman zaion konfiantzagatik: “Eskerrak ematen dizkiot bihotzez Jesusen Lagundiari nigan eta Unibertsitateko egungo zuzendaritza taldean jarri duen konfiantzagatik”. Deustuko proiektua denona eta partekatua dela ere adierazi du. “Deustu denok gara: Unibertsitatean lan egiten dugunak, ikasleak, haien familiak, ikasle ohiak, gurekin lankidetzan diharduten instituzioak eta erakundeak…”. Eta hau erantsi du: “egiten duguna bezain garrantzitsua da egiten dugunaren zentzua. Eta alde horretatik, argi dugu zein den iparra. Deusto 2022 Plan Estrategikoaren lemak dioen bezala, gure azken helburua gizartea aldatzen laguntzea da, gure unibertsitate izaeratik ekarpena egitea, inguru hurbilean eta globalean ekarpena egitea. Ekarpen hori unibertsitateak bereak dituen hiru misioak garatuz egiten dugu. Lehenengoa: profesionalik onenak eta, aldi berean, pertsonarik onenak prestatuz; balioak dituzten pertsonak, denen ongiarekin konprometituta daudenak, inguru hurbilarekin eta mundu bidezkoagoarekin, gizatiarragoarekin eta jasangarriagoarekin konprometituta dauden herritarrak. Bigarrenik: ezagutza –ez edozein ezagutza, gizartean eragina duena baino– kogeneratuz eta transferituz. Eta hirugarrenik, gure gizarte konpromisoa gauzatuz, hausnarketarako foro eta argi izanik, elkarrizketa aske, plural, zabal, kritiko, propositibo eta eraikitzailea egiteko foro izanik. Horixe da gure ibilbide orria hurrengo hiru urteetarako”. Azkenik, beste hau adierazi du: “sareko lanak eta denen arteko elkarlanak markatuko du XXI. mende honetako unibertsitateen bilakaera” eta “teknologia berriak egoki sartu eta erabiltzeak eta balioei buruzko betiko gizarte ondorioak edo egiten dugunaren eragina bateratzeak emango dio Deusturi balio esanguratsuen ekarpena egitea gure inguruan, tokikoan zein globalean”.

Deustuko unibertsitatearen azken urteotako gradu berriak eta gai arloak

Nazioarteko Harremanetako Gradua (2013)
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua (2014)
Industria Diseinuko Ingeniaritzako Gradua (2015)
Lan Harremanetako Gradua (2015)
Filosofia, Politika eta Ekonomiako Gradua (2016)
Industria Digitaleko Gradua (2018)
Medikuntzako Gradua (2020)
Fisioterapiako Gradua (2020)
Datuen Zientziako eta Adimen Artifizialeko Gradua (2020)
Robotikako Ingeniaritzako Gradua (2020)