Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko apirilak 18Bilboko Campusa

Teknologia elektronikoko irakasle María Ángeles Martín Pratsek irabazi du Deustuko Unibertsitateko Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak antolatzen duen Emakume Teknologoarentzako Ada Byron sariaren bosgarren edizioko antolaketa batzordeak eta epaimahaiak, María Ángeles Martín Prats Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritza Elektronikoko irakasle titularrari eman diote 2018ko saria. Sevillako Unibertsitateko Tecnología Electrónica TIC-109 ikertaldeko kidea da 1996tik eta aeronautikako ikertaldea zuzentzen du 2003tik.

Horrez gain, María Ángeles Martín Pratsen curriculumak ibilbide erabakigarria du aeronautika sektorean. Hainbat lan egin ditu potentzia elektronika, abionika eta aplikazio aeronautikoko sistema elektronikoetan oinarrituak, bereziki. Hain du eragin handia sektorean, bost urtetan lortu zuen Sevillan Aire Nabigazioa egiten duten emakumeen kopurua % 15etik % 60ra pasatu zen. Horregatik, Ingeniaritzako Dekanoen Kontseilu Globalak aukeratu zuen, munduan ehunka emakumeren artean, ikasketa horietara ikasleak erakartzeko egin zuen ahaleginagatik. Horrekin batera, 70 industria proiektu eta ikerketatan baino gehiagotan hartu du parte. Une honetara arte, 42 proiektu aeronautikoren arduraduna da, eta industriara teknologia transferitu du.

Gainera, PEGASUS (www.pegasus-europe.org) europar bikaintasun aeroespazial sarea koordinatzen du, Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan 2008tik, eta PEGASUSen Board-eko kidea da 2011ko apiriletik gaur egunera arte. PEGASUS Sareko presidenteorde kargua izan zuen 2013ko apiriletik 2015eko apirilera.

2011n, Skylife Engineering spin-off-a sortu zuen Sevillan, sektore aeroespazialean eta aeronautikoan Sevillako Unibertsitateko lantaldearekin egiten ari zenaren ezagutza eta puntako teknologia zabaltzeko. Horixe izan zen Unibertsitate hartako Teknologia Elektronikoko taldearen ernamuina. Emakume horren ibilbidea interesgunea da aeronautika sektorean. 2011tik IEEEren Senior aitormena du, potentzia elektronikoko, abionikako eta aeronautikan aplikatzen diren sistema elektronikoetan oinarritutako lanengatik.

Hori gutxi balitz, IEEE Aerospace and Electronics Systems (2009ko ekainetik 2012ko ekainera) espainiar kapitulu teknikoko presidentea izan da, baita IEEE WIE-Women in Engineering espainiar kapitulukoa ere (2006ko urtarriletik 2011ko uztailera).

María Ángeles Martín Prats Sevillako Unibertsitateko Ingeniritzako Goi Eskola Teknikoko Kanpo Harremanetako zuzendariordea da 2015eko otsailetik. GEDC Airbus Diversity Award 2013 nazioarteko sariaren mundu mailako finalista izan zen.

Europa mailan, European Defense Agency-ko Unibertsitateen Europar koordinatzailea da 2017tik. Clean Sky Academy Working Group-eko Europako Batzordearen Joint Undertaking-eko kidea da 2017ko urritik eta Scientific Committee-koa ere bai, 2018tik Europako Batzordearen Joint Undertaking-eko aholku batzordekoa.

Felipe VI.ak 2015eko ekainaren 19an emandako merezimendu zibilaren domina du, eta 2014 eta 2015 bitartean, Espainian eraginik handieneko 100 emakumeen arteko Akademiko eta Ikertzaileen arteko (Mujeres & CIA) eraginik handieneko 10en artean aukeratu zuten.

Ada Byron saria dela eta

Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria estatu mailakoa da. Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak eratu zuen ikerketa eta garapen teknologikoaren esparruko emakumeen bokazioak sustatzeko, bizitzako esparru guztietan eta gizarte garapenean teknologiari ospea emateko, eta zeregin eta ikasketa horietan emakumeek gizateria osoari egiten dioten ekarpen eta lorpenei balioa emateko.

Saria 3.000 eurokoa da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, IK4ren, eta Emakunderen babesa du, baita Innobasque-rena eta Basque BioCluster-ena ere.

Lehenengo lau edizioetako saridunak hauek izan dira: Montserrat Meya, adimen artifizialeko eta itzulpen automatikoko aditua; Asunción Gómez, “teknologia semantiko” izenez ezagutzen ditugunetako ikertzailea; Nuria Olivar, I + D Telefónicako zuzendaria; eta Regina Llopis, Kaliforniako Berkeleyko Unibertsitateko (Estatu Batuak) Adimen Artifizialera Aplikatutako Matematiketako doktorea.

Saria emateko ekitaldia apirilaren 26an izango da, eguerdiko 12:00etan, ForoTech 2018, Deustuko Ingeniaritza eta Teknologiaren astearen inaugurazioan, Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan. Foroaren helburu nagusietariko batzuk hauek dira: teknologia eta ingeniaritza aplikatuko teknologien azken joeren zabalkundea egitea, baita ikerketarako eta garapen teknologikorako bokazioak sustatzea ikasleen artean ere, bereziki emakumeen artean.

Ia ehun hautagai

Laugarren edizioaren balantzea egitean, epaimahaiak ia ehun hautagaitza jaso eta ebaluatu ditu, aurreko edizioan bezalatsu; hori, berez, nabarmendu beharreko kontua da. Hautagai guztiak lanean diharduten profesionalak dira, 23 eta 66 urte bitartekoak, irakaskuntza eta enpresa arloetakoak. Gehienak telekomunikazio eta informatikaren arloetako emakumeak badira ere, 2018an profil mota gehiago igartzen da beste urteetakoarekin konparatuta. Horrela bada, zibersegurtasunaren, musikaren eta teknologiaren, energia garbien, robotika edo IKTen eta desgaitasunen arloetako hautagaiak aurkituko ditugu, besteak beste.

Aztertu diren hautagaien artean, batzordeak azpimarratu nahi du etorkizun handiko emakume oso gazteen talde bat badagoela, belaunaldi gazteen artean zientzia eta teknologiako bokazioak sorrarazten saiatzeagatik eta horren inguruan duten ageriko konpromiso publikoagatik ezagunak direnak.

Horrekin batera, ikusi da emakume hautagaiek beste sari batzuk ere jaso dituztela emakumearen eta teknologiaren arloetan. Horrek erakusten du, Ada Byron sariaren bost urteko ibilbidean, antzeman dela zientzia eta teknologia esparruetako profesionalen lana gizarte mailan aitortu eta erakusteko beharra.

Antolaketa batzordeak 10 adierazle erabili ditu hautagai guztien balioespena egiteko orduan. Hauek dira irizpide horiek: titulazio teknikoak, beste prestakuntza interesgarri edo osagarriak izatea, hizkuntzak, mugarri profesionalak, garrantzizko proiektuak, komunikazioa eta argitalpenak, patenteak eta lorpen profesionalak, gizarte eragineko jarduerak, eragin pertsonaleko ekimenak eta balioespen globala.

Era berean, ebaluatutako 91 hautagaien artean, oso emakume gazteen talde bat dagoela kontuan hartu du epaimahaiak, lorpen eta merezimendu profesional handiak lortu dituzten emakumeak, ekintzaileak, generoa eta teknologia uztartzen dutenak. Antolaketa batzordearen iritziz, emakume horiek aipamen berezia merezi dute, “haien hautagaitzak lagundu egiten baitu emakumezko erreferenteak sortzen eta mundu teknologikoaren inguruko pizgarri positiboa izan baitaitezke neskentzat".

Ada Byron sariaren epaimahaia pertsona hauek osatzen dute:

- Asier Perallos, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoa.
-Manuel Salaverría, Innobasqueko presidentea.
-Begoña Goiricelaya, Gaiker-IK4-ko zuzendari nagusia.
-Carmen Vela, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatu idazkaria.
-Estibaliz Hernáez, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea.
-Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria (Eusko Jaurlaritza).
-Guillermo Dorronsoro, Deusto Business Schooleko dekanoa.
-Teresa Laespada Martínez, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasuneko diputatua.
-Pedro Esnaola, Basque BioCluster-eko presidentea.
-Pilar López, Microsoft Ibérica-ko presidentea.
-Idoia Maguregui, Sareb-eko bitartekoen idazkari nagusiordea.
-Natalia Basterretxea, Facebook Españako Gai Publikoetarako zuzendaria.

FOROTECH-i buruzko argibide gehiagorako.