Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko abenduak 05Bilboko Campusa

Droga legal eta ilegalen kontsumoa aurreko hamarkadako minimoetara jaitsi da EAEko bigarren hezkuntzako ikasleen artean

Deustuko Unibertsitateak, abenduaren 5ean, aurkeztu zuen Drogak eta Eskola IX, EAEko Bigarren Hezkuntzako Droga-Erabileraren Inkestaren emaitza. Ikerketa 2017an egin zuten aurre-nerabezarotik, 12 urtetik 18/22 urte bitartera arteko ikasleen artean. “Drogak eta Eskola” ikerlanaren azken edizio horrek eman duen daturik esanguratsuena da droga legal eta ilegalen kontsumoa jaitsi egin dela minimo historikoetara, hain zuzen, 2006ko marketara. Horrek adierazten du 2011ko neurketatik ikusi den beherako joera berretsi egin dela eta baliozkoa dela kontsumoko maiztasun guztietan.

Datu globalei begira, Drogak eta Eskolaren IX. edizioak berretsi du ikasleek gehien kontsumitzen dituzten drogak, azken hamabi hilabeteetan, merkatuan adinez nagusi direnentzat legezko direnak direla. Lehenengo tokian alkohola dago (% 59,1) eta, bigarrenean, tabakoa (% 35,1). Kannabisa dator hirugarren tokian (lehenengo droga ilegala). Prebalentzia (kontsumitzen duen populazioaren proportzioa) % 25,5ekoa da. Horren ondoren datoz hipnosedatzaileak (errezetaz zein errezetarik gabe), % 7,2rekin.

Gainerako drogen prebalentziak murritzagoak dira. Kokaina % 2,9an dago; anfetaminak, % 2,5ean; estasia, % 2,4an; eta aztertutako gainerako substantziak (10 baino gehiago), % 1,5etik behera geratzen dira.

Droga legal zein ilegalen kontsumoa zabalduago dago gizonezkoen artean emakumezkoen artean baino, hipnosedatzaileak (errezetaz zein errezetarik gabe) izan ezik, horietan gehiago baitira emakumezkoak. Kontsumoek gora egiten dute adinean ere aurrera egin ahala. Hala, alkohola da lehenengo substantzia, 14 urtetik gorakoen artean, % 60k aitortzen baitute behin behintzat probatu dutela.

Jokoa eta apustuak

Diruzko joko eta apustu orokorrak direla eta, azken urtean ikasleek gehien egin dituztenak kirol apustuak dira (% 29,2) eta karta-jokoak dirua tarteko dela (% 23,7). Neurri txikiagoan ageri dira makina txanponjaleak (% 16,6) eta lineako jokoak (% 7,4).


Teknologiaren erabilera dibertsiorako eta denbora libreko aisiarako: Astean zehar, mugikorra da nabarmenena (bat-bateko mezularitza, Internet bidezko deiak). Batez beste, egunean 3,36 ordu ematen dituzte; Internet eta gizarte sareetan 2,39 ordu ematen dituzte egunean; eta neurri apalagoan ageri dira bideo-jokoak eta lineako jokoak (1,5 ordu egunean baino gutxiago). Asteburuei dagokienez, mugikorra da nabarmenena (bat-bateko mezularitza, Internet bidezko deiak); eta interneten eta gizarte sareetan, batez beste, 3,66 ordu ematen dituzte egunean; eta neurri apalagoan ageri dira bideo-jokoak eta lineako jokoak (1,6 ordu egunean baino gutxiago).


Inkestaren fitxa teknikoa


EAEko Bigarren Hezkuntzakoen artean drogen erabilerari buruzko inkestaren bederatzigarren edizioa (Drogak eta Eskola IX) egiteko, 12 eta 18/22 urte bitarteko 6.007 ikasleri egin eta haiek emandako erantzunak erabili dira. 43 ikastetxe publiko eta pribatutako ikasleak izan dira erantzun dutenak. Lagina EAE osoan jasotzen da eta % 1,2ko errore marjina du eta % 95eko fidagarritasun maila. Landa-lana 2016ko azaroaren eta 2017ko apirilaren bitartean egin zen. Deustuko Unibertsitateko Droga-menpekotasunen Deustuko Institutuak egin du inkesta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailearen Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak sustatuta eta finantzatuta.
 

05/12/2018 - Presentación de la IX edición de la Encuesta sobre Uso de Drogas en Enseñanzas Secundarias en la Comunidad Autónoma del País Vasco-CAPV