Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2016ko irailak 14

Pradoko Museoaren eraldaketa digitala eta lidergoa, berrikuntza eta ekintzailetzako programen hasierako ekitaldiaren protagonistak

Miguel Zugaza Pradoko Museoko zuzendariak eta Ricardo Alonso Maturana GNOSSeko sortzaile eta zuzendariak Madrilgo museoaren eraldaketa digitalaren arrakastarako gakoak azaldu zituzten Deusto Business Schooleko PLPE eta PLCE ekintzailetza eta lidergoko programen laugarren edizioaren hasierako ekitaldian.

Bi programa horietako ikasleen eta ikasle ohi ugariren aurrean (senatariak, alkateak, ministro ohiak, ekintzaileak, enpresaburuak…), Zugazak azpimarratu zuen Europako museo zaharrenetako baten –museoak 200 urte beteko ditu 2019an– eraldaketa digitala aurrera eramatea erronka handia izan dela.

Pradoko Museoaren zuzendariak aitortu zuen Google Earth-ek Museoko15 obra nagusien argazkiak sarean jartzeko egin zien eskaerak hurbildu zituela mundu digitalera. “Beste museo batzuetako lankideek uste izan zuten zoratuta geundela gure artelanak interneten erabiltzaileen eskura jarri genituelako", azaldu zuen. “Baina aldaketa hori gakoa izan zen eta gaur museo guztiek ulertzen dute irudiak erabiltzaileen eskura jartzea aurrerapen oso garrantzitsua dela", erantsi zuen.

2007an lehenengo probak egin baziren ere, webgune berritua orain dela hilabete gutxi batzuk jarri da abian, eta erabiltzailea jartzen du proiektuaren erdi-erdian. Horregatik, museoko artelanak xehetasun guztiz azaltzen ditu. Zertzelada guztiak ikus daitezke eta banakako bilaketak egin. Museoa sarera zabaltzea da helburua baina, Zugazak gogoratu zuenez, benetako esperientzia Museoa bisitatzea da.

Digitalizazio proiektua Gnoss enpresak eraman du aurrera. Ricardo Alonso enpresa horretako sortzaile eta zuzendariak azaldu zuen ohiko webguneek mezuak bidaltzen dizutela, baina Pradoko museoarena egiteko galdetzeko jakintza grafo bat egin dela. Grafo horrek Museoaren bildumako artelanak eta egileak lotzen ditu, eta edukiak museoaren beste aktibo batzuekin aberasten ditu, esate baterako, entziklopedia edo agiritegia.

Pradoko Museoaren eraldaketa digitala Deusto Business Schoolen Madrilgo egoitzan aurkezteko ekitaldiaren hasieran Senén Barro RedEmprendia ekimeneko presidenteak hitz egin zuen, lidergo kolektiboaren inguruan. Era berean, aurkezpenean izan ziren ICADE Business Schooleko eta Deusto Business Schooleko zuzendari nagusiak, José María Pérez Garrido eta Luc Theis, hurrenez hurren.

Ekitaldia Iñaki Ortegak aurkeztu zuen, Deusto Business Schooleko Madrilgo egoitzako zuzendari eta PLPE eta PLCE ekintzailetzako eta berrikuntzako programen zuzendari akademikoak. Programa horiek batera eskaintzen dituzte Deusto Business Schoolek eta ICADE Business Schoolek.