Deusto Business Schoolek eta 3M berrikuntza konpainiak txosten bat aurkeztu dute Errenazimenduaren garaian gizakia mailarik gorenera eraman zuen eta aro digital honetan ere gakoa izango den fenomeno baten garrantzia aztertzeko: polimatia. Polimatia gizakion talentuaren bi adierazpen desberdini lotutako bi jakintza arlo edo gehiagotan bikaintasuna lortzeko gaitasuna da, askotariko esparrutako egiturak konbinatzearen bidez: arteak, zientziak, negozioak, kirola, teknologia edo giza zientziak.
Leonardo da Vinci, Errenazimenduaren adierazle nagusia, historiara igaroko ote zen, gure garaian jaio izan balitz? Kopernikok, Galileok edo Francis Baconek halako distira izango al zuten gaur egun, espezializazioa nagusi den mundu honetan? Bilakaera bizkor honetan, 10 urtean behin ekoizpen zientifikoa bikoizten ari denean, polimatiak zentzua hartzen du berriro. Aldaketa teknologikoak eta lehia globalak inoiz baino pizgarri gehiago sortzen ditu berritzeko eta ekonomia digitalean ederki gara dezake polimatak bere talentua. Izan ere, polimataren burua errealitatea etengabe zalantzan jartzera ohituta dago eta ikasteko eta irudimen handiko irtenbideak aurkitzeko erraztasuna du. Ezaugarri horiek gaur egungo jokalekuetan ongi moldatzea dakarte.
Testuinguru horretan, etorkizuneko langile baliotsuenak ez dira ingeniari edo programatzaile onenak izango, baizik eta polimatak: jakite tekniko handiak dituzten pertsonak, baina, aldi berean, enpresaren eta bezeroen beharrak ulertzeko gai izango direnak. Enpresa arrakastaren arrazoia ez baita izango garapenen sofistikazio teknologiko maila, baizik eta pertsonen bizitza egokitzeko erraztasuna.
Silicon Valleyn jada badira polimata oso ezagunak, industria bat eta beste iraultzen ari direnak. Etengabeko ekintzaileak, Steve Jobs edo Elon Musk kasu, dira XXI. mendeko Leonardo edo Edison. Haien arrakastaren oinarria ez da arlo jakin batean espezialistak izatea, baizik eta negozioetarako sena diseinuarekin, teknologiarekin eta zientziarekin batzea.
Azken bi mendeetan, mendebaldeko gizartean nagusi izan da hiperespezializazioaren paradigma. Horregatik arraroa egiten zaigu urrun dauden esparruetan, esate baterako, zientzietan eta arteetan, nabarmentzen diren profesionalak ikustea.
Baina, aro digitalak “lur orotako talentuak” behar ditu, Errenazimenduaren garaikoak bezalakoak. Ez dira, ordea, erreferentzia bakarrak. Hurbilago ere baditugu beste batzuk, esate baterako, Espainiako Literaturako lehenengo Nobel saria, José Echegaray, zientzialaria eta idazlea; Gregorio Marañon, medikua eta saiakera idazlea; edo Santiago Ramón y Cajal, neurozientzialaria eta argazkilaria, hori ere Nobel sariduna.
Orain arte, inoiz ez dugu hain eskura eduki polimatia garatzea, teknologia berriez baliatuz. Gaur egun, edozein jakintza mota esku-eskura dugu, liburuez eta eskuliburuez gainera, munduko unibertsitate onenetako irakasleen bideoez edo MOOC ikastaroez (onlineko ikastaro masiboak eta irekiak) baliatuz. Testuinguru horretan, zientzien eta letren dikotomia hausten da, urte askotan erabili dena batxilergotik aurrera pertsonak sailkatzeko. Pertsona bat ona izan daiteke bi diziplina horietan eta, gainera, beste arlo batzuk ere ez ditugu ahantzi behar, artea edo kirola, esate baterako.
Francisco Gonzalez-Bree Deusto Business Schooleko berrikuntza irakasle eta txostenaren egileetako baten iritziz, "berrikuntzak 'Medici efektua' deitutakoan sakontzea eskatzen du, berrikuntzak sektoreen eta diziplinen elkarguneetan bilatzen baititu. Deusto Business Schoolen bilaketa hori sustatzen dugu eta zinez uste dugu berrikuntza ezinbesteko palanka dela enpresen hazkunderako eta iraunkortasunerako".
Estrella Cabrero 3M Iberiako Berrikuntza arduradunaren iritziz, etengabeko berrikuntza orain inoiz baino beharrezkoagoa da, aldaketa teknologikoaren eta lehia globalaren eraginez: “3Mn hainbat hamarkada daramatzagu balioa sortzen zientziaren eta teknologiaren adar desberdinak batuz, produktu eta zerbitzu berriak eta prozesu konplexuak sortzeko, munduko arazo handi eta txikiei irtenbideak eman nahian”. Hain zuzen ere, konpainiaren helburuetako bat da fakturazioaren % 25 merkatuan bost urte baino gutxiago daramaten produktuetatik lortzea. “Gure zientzialariek 46 plataforma teknologiko desberdin erabiltzen dituzte eta haien arteko loturak bilatzen dituzte, irtenbide berritzaileagoak sortzeko”, erantsi zuen Estrella Cabrerok.
Hain zuzen ere, 3M munduko lehenengo enpresa izan zen polimatiari buruzko azterketa bat argitaratzen. Lan horretan, enpresan jakite sakonak eta, aldi berean, zabalak zituzten zientzialariek 3Mren arrakastari egin dioten ekarpena aztertzen zuten eta ondorio honetara iritsi ziren: “Espezialistek 3Mri eragin handieneko berrikuntzak ekarri dizkiote; generalistek ideia eta patente berriak sortu dituzte; eta polimatek, berrikuntza sortzeaz gainera, asmakizun horiek erakundeko hainbat arlotan aplikatu dituzte eta teknologia desberdinekin integratu dituzte. Horrela, enpresan balio handieneko zientzialariak bihurtu dira".
Hala, zuzendariak eta erakundeak konturatzen ari dira garrantzitsua dela beren taldeetan maila tekniko ona edukitzeaz gainera, giza zientzietako oinarri sendoak edukiko dituzten pertsonak txertatzea. Horrela, STEM paradigmatik (Science, Tecnhology, Engineering and Mathematics) STEAM paradigmara igarotzen ari gara, Arts elementua ere erantsiz, hitzak ingelesez duen adieraz zabalean.
Laburbilduz, oraindik ere hiperespezializatuta dagoen gizarte honetan, polimatia berrikuntzaren elementu gakoa da eta enpresa handi asko ari dira jada horretaz konturatzen.
