Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko urriak 16Bilboko Campusa

Orkestrak eraldatzen ari den ekonomia baterako behar diren lanbideko gaitasunak aztertu ditu

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak Lehiakortasunari buruzko Txostenaren adierazle eta ondorio nagusiak aurkeztuko ditu datorren urriaren 16an. Jardunaldi horretan bertan, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia eta gizarte garapenean aurrera egiteko behar diren gaitasunak aztertuko dira.

“Gaitasunez harantzago” ekitaldiaren buru Iñigo Urkullu lehendakaria izango da eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia, erakunde, enpresa eta gizarte esparruko ordezkari ezagunak bilduko dira bertan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2019ko Txostenak, Orkestrak eginak, EAEren gizarte eta ekonomia egoeraren diagnostikoa egiten du eta haren indarguneak eta ahultasunak identifikatzen ditu. Gainera, hurrengo urteetako erronkak aurreratzen ditu.

Aurten, gainera, Orkestrako lantaldeak digitalizazioaren, ekonomia berdearen edo zahartzearen megajoerek baldintzatuko duten jokaleku global berriaren aurrean landu beharko diren gaitasunak aztertu ditu, megajoera horiek etorkizuneko enpleguan eragina izango baitute.

Bi lanak aurkeztuko dira jardunaldian. Gai horien inguruko eztabaida sortzeko, Francis Green irakasleak enplegu joerei eta prospektibari buruzko hitzaldia eskainiko du. Green Lanaren eta Hezkuntzaren Ekonomiako irakaslea da University College London unibertsitateko Hezkuntza Institutuan.

Ondoren, solasaldia izango da, James Wilson Orkestrako ikertzailea moderatzaile dela. Honakoek hartuko dute parte: Karen Maguire, Tokiko Enplegua, Gaitasunak eta Gizarte Berrikuntza Dibisioa/LEED programaren arduraduna (ELGE); María Silvestre, Deusto gizarte barometroaren zuzendaria; Benjamin Rosende, RDT Ingenieroseko presidentea; Miguel Ángel Castillo, Aernnovako garapen teknologikoko zuzendaria.

Informazio gehiago: www.orkestra.deusto.es