Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko urtarrilak 28Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateak 1.604 tituludun berriren ikasketa amaiera ospatu zuen

Urtarrilaren 28an, San Tomas Akinokoaren festaburuan, hasi dira Deustuko Unibertsitatean ikasketa ofizialak 2018-2019 ikasturtean amaitu zituzten Bilboko eta Donostiako campusetako fakultateetako eta Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolako ikasleen inbestidura ekitaldiak.


Guztira, 1.604 ikasle izan dira ikasketak amaitu dituztenak. Horietatik, 172 Zuzenbidekoak dira; 4, Teologiakoak; 480, Psikologia eta Hezkuntzakoak; 352, Ekonomia eta Enpresa Zientzietakoak; 352, Gizarte eta Giza Zientzietakoak; 103, Ingeniaritzakoak; 4, Erlijio Zientzien Goi Institutukoak; eta 137, Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolakoak. Tituludun berri horiei 2019an doktoregoko tesia defendatu zuten 40 doktore berri ere gehitu behar zaizkie.


Ekitaldi akademikoan, Teologiako Fakultateko tituludun berrien eta doktore berrien inbestiduraz gain, Karrera amaierako DU Sariak eman zitzaizkien ikaslerik bikainenei, Honors Programakoak eta Mendieta eta Lambarri Fundazioarenak. Horrekin batera, María Díez Cirardak, Psikologiako doktorego programakoak, doktoregoko tesi onenaren Ignacio Ellacuría saria jaso zuen lan honengatik: “Cerebral correlates of mild cognitive impairment and brain changes related to cognitive rehabilitation in Parkinson’s disease”. Horrez gain, Deustun bere laneko ibilbidea amaitu duten irakasle eta lankideei omenaldia eskaintzeko ere balio izan du ekitaldiak.


José María Guibert errektorearen hitzak


José María Guibert errektoreak aurrean ditugun erronka batzuen inguruan ‘ahots gora’ pentsatzeko erabili du ospakizuna. Badaki inguru aldakorrean bizi garela, inguru horretan erronka ugari ditugula eta eskaera ugari sortzen ari direla. Hori dela eta, gaur, inoiz baino gehiago, hausnartu beharra dugu, ia etengabe, unibertsitate ereduaz, ikaskuntza prozesuak proposatzeko moduaz, ikerketaren zentzuaz, barne antolaketaz, etab.


Ingurune berri horretan, karrera profesionalak lehen baino askoz arinago aldatzen dira eta talentuaren ekonomia finkatuz doa. Gehitu egingo dira bizitzan zehar ikasteko bideak eta profesionalak, ikasle bihurturik, hezkuntza moldatu egin beharko dugu lanean behar dugunera. Ikaskuntzak aldatu egingo dira formatuan. Hurbil dugu “self service” ikaskuntza, eta formazioa ematen duen eragile gehiago egongo da. Askoren ustez, hurrengo hamarkadan ikaskuntza digitala eta birtuala izango da normala. “Online graduak, adimen artifizialeko tresnak eta gailu adimendunak hezkuntzaren parte izango dira. Gauzak erraztu egingo dituzte eta pertsonak gehiago inplikatuko dira hezkuntza prozesuetan”, azaldu du.


Munduko inguru batzuetan, langileen gaitasunak asko hobetu dira lanean, teknologiari eta automatizazioari esker. Hala ere, joera horiek berrikuntza berrikuntzagatiko tentaldian erorarazi gaitzakete eta ahaztu egin ditzakegu ikaskuntzaren helburuak eta lorpen zehatzak. Horri gehitu behar zaizkio ikastetxeen kontrako kritikak: sarritan esaten da “ez zaituztela lanerako prestatzen”. Eta gazteen artean hasi dira pentsatzen “unibertsitateko gradurik gabe ere ondo moldatu zaitezkeela bizitzan”. “Gutxi dira halako iritziak, baina ekintzekin frogatzen jarraitu behar dugu unibertsitatean ikastea balio bat dela”, azpimarratu du Guibert errektoreak.


Horregatik, dio, askoren konfiantza badugu ere, inguruak eta gure lanbideko etikak eskatzen digutela gauzak ondo egiten jarraitzeko eta berritzen jarraitzeko, “aldaketa garaian, aldaketa handien garaian” gaudelako. Ildo horretatik, errektoreak gogoratu du zazpi urtetan hamar gradu berri, hogei unibertsitate master berri, graduen osagarri diren titulu propio ugari sartu direla Deustun, formatu elebidun eta hirueledun berriak, etengabeko prestakuntzako edo executive prestakuntzako dozenaka ikastaro berri; hamabi programa konbinatu edo gradu bikoitz daudela bi campusetan; masterretan ere programa konbinatu berriak daudela, ‘in company’ programa berriak, etab.


Zalutasuna, malgutasuna eta zeharkakotasuna


Eta seguruenik, aldaketa maila ez da apalduko. Hala ere, José María Guibertek gogoratzen du txikiak garela eta ezin garela zabaltzen diren erronka guztietara heldu. Haren ustez, gauza bat da garrantzitsua: “erronkak izatea beti esku artean eta erronka berriak etortzea. Kontua da argitasuna izatea erabakiak hartzeko orduan, beti prest egotea eta aldaketetan asmatzea”. Alde horretatik, errektoreak uste du bi oinarri nagusi izan behar ditugula: batetik, zalutasuna edo malgutasuna; eta, bestetik, zeharkakotasuna. Izan ere, inguruak lehiakorra eta aldakorra izaten jarraituko du eta “gai izan behar dugu erronka guztiei egoki erantzuteko”.


Haren hitzetan, prestakuntza programetan formatu berriak txertatzea –Medikuntzako Gradu berrian “arazoetan oinarritutako ikaskuntzako” metodoarekin egingo dugun bezala– konstante bat izan behar da jakintzagaiak eta irakasgaiak planteatzeko eran. Aldaketa asko ari dira gertatzen eta bide horretatik jarraitu behar dugu. “Hala, prestakuntzako produktu berriak birdiseinatzen ditugunean zenbait arlotan pentsatu behar dugu: hizkuntzak, ikas-sekuentziak, enpresekiko harremana (praktikak, dualtasuna), atzerriko egonaldiak, proiektu eta lan akademikoak, online formatuan egin ala ez, beste gradu batzuekin bateratzeaz gain”, zehaztu du.


Guiberten ustez, dena egin behar da estilo batean, prestakuntza eredu batekin, 2030 Agendatik eta Jesusen Lagunditik datozkigun erronkak kontuan hartuta; izan ere, ez ditugu mundura egokitu eta arrakastatsu izango diren pertsonak bakarrik nahi, aldaketa eragileak izango direnak baino, gizarte bidezkoago eta jasangarriagorako bidean. Horretaz hitz egingo dugu hilabete barru izango den nazioarteko Times Higher Education foroan, “Bakea eta justizia: erronka komuna unibertsitate, gobernu eta gizarte zibilarentzat”, aurreratu du Guibert errektoreak.


“Horrek beste oinarrira garamatza, malgutasunaz haratago: zeharkakotasunera”, erantsi du. Errektorearen iritziz, egoera honetan prestakuntza eskaintza eta ikerketa, sailetatik eta fakultateetatik barik, unibertsitatetik oldoztu behar dugu. Arlo zientifiko berriak eta gizartearen beharrizan berriak zeintzuk diren antzemateko behatoki bat izan ez ezik, produktu akademiko berrietara eramango gaituzten prozesuak ere egokitu behar ditugu barruan. Esaterako, espazio eta denbora komunetan pentsatu behar dugu talde lana sustatzeko edo gelak zeharka kudeatzeko, erabilera moldatzen erraza izan dadin. Hori guztia, ikasleek ondo ikasi, irakasleek ondo irakatsi eta ikertzaileek zientzian aurrerakuntza egokiak egin ditzaten.


‘Soft skills’ gaitasunak


Errektoreak soft skills-en inguruko hausnarketa egiten jarraitu du, zeharkako gaitasunen ingurukoa, ikasleen arabera, automatizazioaren gainetik abantailak emango dizkigutenak baitira. José María Guiberten aburuz, oraingoz, makina bati automatizatzen zail egiten zaizkion trebetasunak hauek dira: sormena, originaltasuna, ikasteko gaitasuna, arazoak konpontzea, sen etikoa. “Deustun gure prestakuntza ereduko zeharkako gaitasunak ere berritzen ari gara. Ilusio handia sortzen digun proiektua da eta gure asmoa aldaketak laster sartzea da, Bolonia eredua ezarri zenetik egiten ari garen lanean” zehaztu du.


Hitzaldiaren azken partean, errektoreak Jesusen Lagundiaren zientziaren historian eta, oro har, historian izan zen garrantzizko pertsona bat gogoratu du: Athanasius Kircher (S.J.), Europan duela bi urte eratu zen Jesusen Lagundiaren unibertsitate eta goi mailako ikaskuntzen zentroen sareari izena emateko aukeratu den pertsona.


Alemaniar jakintsu humanista hori (1601‐1680) –haren erretratua Paraninfoko sabaia apaintzen duenetako bat da– Jesusen Lagundiaren historian izan den zientzialaririk handiena izan zen. Hainbat arlotako jakin-min intelektuala izan zuen, hizkuntzalaritzatik hasi eta matematiketara, eta hori agerian utzi zuen era askotako liburuak idatzi baitzituen. “Ehun arteen maisu” izenez ezagun izan zen; izan ere, astronomia, kimika, botanika, geografia, historia, musika, bakteriologia, optika eta bestelako ikasketa berri eta aitzindarietan murgildu zen. Haren lanak 44 bolumenetan daude jasota. “Denetarik zekien azken pertsona” izan zela esan izan da. Kultura barrokoaren ordezkari eta idazle oparoa. Hogei hizkuntzatan idatzi zituen gutunak.


Pedagogiarako zeukan interesa dela eta, aitzindari izan zen ikusizko komunikazioaren indarrari garrantzia ematen: grabatu eta marrazkiz bete zituen bere liburuak. Jakituriaz beteko sormena zuen, baina baita fantasia ere eta batzuetan irudizko estrapolazioak egiten zituen. Horregatik, errore zientifikoengatik ere gogoratzen dute. Baina alderdi positiboan, gauzen izaera zein zen ezagutzeko irrika bizia izan zuen eta denari matematikak aplikatzekoa. Azpimarratzekoak dira jakiteagatiko zeukan interes handia, gaitasun kritikoa eta bere iritziak zalantzan jartzekoa eta espiritu zabala. Ilargian bertan ere krater batek haren izena du oroigarri (‘Kircher ilargi-kraterra’).


“Balio beza gomutagarri txiki honek pertsonaia handi eta pentsalari entziklopediko horri omen egiteko. Hemen dugu, Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan. Haren izena inspirazio iturri izan dakigula gure europar unibertsitateen sarerako”, bukatu du Guibert errektoreak.


Hitzaldi osoa


Gainerako inbestidurak


Urtarrilaren 28tik aurrera ospatuko dituzte gainerako fakultateek inbestidura ekitaldiak egutegi honen arabera: Bilboko Zuzenbideak, otsailaren 1ean; Bilboko Gizarte eta Giza Zientziek eta Donostiako Psikologia eta Hezkuntzak, otsailaren 8an; Ingeniaritzak, otsailaren 21ean eta 22an; Donostiako Gizarte eta Giza Zientziek, otsailaren 22an; Bilboko Ekonomia eta Enpresa Zientziek (gradu bikoitzak), otsailaren 29an; Bilboko Psikologia eta Hezkuntzak, martxoaren 27an eta 28an; Donostiako Ekonomia eta Enpresa Zientziek, martxoaren 28an; eta Bilboko Ekonomia eta Enpresa Zientziek, apirilaren 4an.

28/01/2020 - Celebración de Santo Tomás de Aquino