Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko urriak 28Bilboko Campusa

Urriaren 28tik 30era ForoTech Astearen VIII. edizioa izan da, "Garai berriak? Konektatu, partekatu eta parte hartu" lemapean

“Arlo zientifikoa eta sinbolikoa jorratzen ditugu. Gaur bi emakume handi saritzen ditugu, bide berriak urratzen dihardutenak”. Hitz horiekin eman zion hasiera José María Guibert errektoreak Emakume Teknologoarentzako Ada Byron Saria emateko ekitaldiari urriaren 29an Deustuko Unibertsitatean. Laura Lechuga senior kategorian eta Susana Ladra gazteen kategorian izan dira sariaren aurtengo irabazleak, emakumeen lana zientzia eta teknologia esparruan begien aurrean jarri nahi duen sariaren edizio honetan.
Ingeniaritza Fakultateak antolatzen du ekimena eta, Asier Perallos dekanoaren hitzetan, berdintasunean aurrerapausoak eman nahi ditu, parekotasun hori inoiz baino beharrezkoagoa baita Ingeniaritzako gradu eta gradu bikoitzetan. Ekitaldian hartu zuen parte Montse Pardok ere, Microsoft Ibéricako (sariaren urrezko babeslea) Erakunde Harremanetako zuzendariak, eta hauxe adierazi zuen: “gure helburua, emakumeek teknologia erabiltzeaz gain, teknologia sortzea, asmatzea da”.


Laura Lechuga irakaslea Zientzia Kimikoetako lizentziaduna da eta Nanozientzia eta Nanoteknologiako Institutu Katalaneko Biosentsore eta Aplikazio Bioanalitikoetako Taldea (ICN2) zuzentzen du. Gainera, COVID-19aren ikerketarako europar proiektuetako bat koordinatzen du. Solasaldian zehar, korritu duen bidea zein izan den gogoratu zuen ikertzaile eta berritzaile moduan: “Luzea eta zaila izan da, baina emankorra”. Alde horretatik, emakumeak zientzian duen papera aldarrikatu zuen eta bazterkeriaren kontrako aktibismoa ere bai.


Antzera mintzatu zen Susana Ladra ere, Ada Byron sariduna, ingeniaria eta Informatikako doktorea eta Matematikako graduduna. Hau esan zuen: “Neskek ez dute ingeniaritza ikasten gustatzen ez zaielako, ez, hori ez da hala; ez dute ikasten ezagutzen ez dutelako; zientzia eta teknologia ezagutarazi egin behar ditugu”: haren hitzetan, “zientziarik gabe ez dago etorkizunik eta emakume zientzialari eta teknologorik gabe ere ez”.


Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko diputatuak, bere aldetik, hau adierazi zuen: “genero desberdintasunak ezabatzeko egiten dugu lan; egin beharreko bidea ez da gurea soilik, gizonek ere hartu behar dute parte”. Ekitaldia osatzeko, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, bere hitzaldian hau aipatu zuen: “garrantzi handikoa da zientzian eta teknologian diharduten emakumeak begien aurrean jartzea”.


ForoTech 2020


Sari banaketa ForoTech-en 8. edizioaren barruan egin zen. Aurtengo lema hau izan da: “Garai berriak? Konektatu, partekatu eta parte hartu”. Urteroko ekitaldia dugu ForoTech, ingeniaritza eta teknologia herritarrei hurbiltzeko eta teknologiak hazkunde ekonomikoan eta gizartearen etorkizuneko balio gisa duen balioa ezagutarazteko antolatzen dena.


Teknologiaren astea urriaren 28tik 30era antolatu da eta aurtengo nobedadeen artean LabsLand (http://labsland.com/) lehiaketa dago, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Latinoamerikako zenbait herrialdetako ikastetxeen artean. LabsLand startup bat da, Deustuko Unibertsitateko ikasle ohi batek sortua, hezkuntzako laborategi errealetarako sarbidea ematen diena ikastetxe eta unibertsitateei, Internet bidez. Gaur egun 14 laborategi ditu kontinente guztietan. Lehiaketaren asmoa da parte hartzaileek programazioko eta robotikako oinarrizko kontzeptuak ikastea eta haien kodeak probatzea etxetik kontrolatzen diren robot errealetan, baina Bilbon, Hego Afrikan, Costa Rican edo Kolonbian dauden laborategietan.

ForoTech-en hiru egun horietan erakusketa eta tailer birtualak ere egingo dira Unibertsitateko Paraninfoaren ondoko klaustrotik. Gainera, Uniraid Elkartasun Rallya ere antolatu zuten Alumni Ingeniaritzaren eskutik, Marokoko basamortuan zehar. Bederatzi egunez parte hartzen da, 40 kg material banatzeko basamortuko herrixketako ikastetxeetako elkarteei.


Era berean, urriaren 30ean solasaldi bat izan zen: “Hezkuntzaren demokratizazioa urrutiko laborategien bidez” (urriak 30, ostirala, 8:30 - 9:30). Turing aretotik eskaini zen.


Azkenik, azaroan, Deustuko Ingeniaritza Fakultateak topaketak izango ditu aste batean zenbait GKErekin, etorkizuneko ingeniariek Gradu amaierako proiektuak erakunde horietako zenbait proiektutan integratzeko.

ForoTech 2020k erakunde hauek ditu babesle: Microsoft, Siemens Gamesa Renewable Energy, Ejie (Eusko Jaurlaritzako informatika sozietatea), Emakunde, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Bilbaotik, Ihobe, Vidrala, NTS, Spri Taldea, Innolab, DanobatGroup, Eusko Jaurlaritza, Bilbao Ekintza, Donostia Sustapena eta Euskaltel Fundazioa; eta laguntzaile hauek ditu: DeustoTech, Deusto FabLab, Deusto EarningLab, Innobasque, BasqueHealthCluster, Bilboko Gaztedi Musikalak, Alzola Euskal Ura eta LabsLand.

Argibide gehiagorako eta ordutegien berri izateko, hona jo: www.forotech.deusto.es