Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko azaroak 29Bilboko Campusa

125 pertsonak Unibertsitatean inolako kosturik gabe ikasi ahal izango dute Deusto Arrupe beka berriei esker

Deustuko Unibertsitateak pertsonengan sinesten du, lanerako eta ahalegina egiteko duten gaitasunean. Horregatik jarri ditu martxan Deusto Arrupe beka berriak, baliabide faltagatik talentua galdu ez dadin. Izan ere, ikastetxeak 25 beka eskainiko ditu urtero eta, administrazio publikoaren laguntzekin batera, ikasketa espediente bikaina izan baina baliabide ekonomiko gutxi duten gazteen karreraren % 100 estali ahal izango da. 2026-2027 ikasturtean, 125 gazte arituko dira Deustun programa horri esker ikasten.

Izan ere, balio handiko pertsonei laguntzea kate-erreakzio bat aktibatzea da, pertsona jakin batzuei ez ezik, haien familiei, komunitateei eta gizarteari oro har mesede egiten diena. Ekimen hori martxan jarrita, erakunde akademikoak sendo errotuta dagoen gizartearen garapenean lagundu nahi du, gazteei aukerak emanez, Deustuko Unibertsitatearen ustez, “etorkizuna duten gazteak izatea komunitate osorako etorkizuna izatea delako”.

Beka hauek Deustun gradu bat ikasten hasten diren ikasleentzat dira, eta bi baldintza bete behar dituzte: ikasketen azken bi urteetan (Batxilerrean, LH eta/edo baliokidean) 8 edo gehiagoko batez besteko nota izatea eta familia-unitateko sarrerak diru-sarrerak bermatzeko errentatik (DSBE) baino ez jasotzea edo lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiago jasotzea. Informazio gehiago. 

Pertsona hauei beren ahalmen guztiak garatzen laguntzeko eginahal horretan ekarpena egin nahi duten guztientzat, Deustuko Unibertsitateak lankidetzarako bide bat sortu du, nahi duenak sortu den funtsean ekarpen bat egin dezan askatasunez eta borondatez. Dohaintza bat egin nahi dutenek Unibertsitateko webera jo dezakete, “Colabora” atalera. Proiektuaren azalpen osoaren berri jaso eta laguntza zelan egin jakin ahal izango dute, eta aplikatuko zaizkien zerga-salbuespenen inguruko informazioa ere aurkituko dute.

Gero eta beka gehiago Deustun

Deusto Arrupe Bekak orain arte zegoen beka eskaintza zabalari gehitu behar zaizkio. Iazko ikasturtean 2.500.000 eurora iritsi zen beketan emandako laguntza eta 1.300 ikaslek jaso zituzten bekak.