Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko urriak 10Bilboko Campusa

Negozio eredua nazioarteko ingurune eta joeretara egokitzea da euskal enpresen erronkarik handiena

Entzute aktiboa eta ingurunea aztertzea dira, etorkizunari begira, enpresen lehiakortasuna bermatzeko gakoak. Horixe izan da “Joera eraldatzaileak” biltzarraren argudio nagusietako bat. Biltzarra Orkestrak antolatu du, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2018ko Txostena aurkezteko.

Politika eta enpresa arloko 150 pertsona ezagun baino gehiago elkartu dira gaur Gasteizko Artium museoan, Orkestrak antolatutako ekitaldian. Bertan agerian gelditu da inoiz baino beharrezkoagoa dela ingurune globalari eta lurraldekoari begiratzea, etorkizun hurbileko erronkei aurre egin ahal izateko.

Iñigo Urkullu lehendakariak eman dio hasiera biltzarrari eta gizarte eta ekonomia aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzera bideratutako politikak bultzatzeko konpromisoa erakutsi du. Politika horiek, Urkulluren hitzetan, “gizarte oreka bilatuko dute beti”.

Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko Txostenak, gaur jendaurrean aurkeztu denak, ondorioztatzen du oreka hori lortzen ari dela; hortaz, aurreko txostenetan ikusten zen arriskua, alegia, krisitik irteterakoan ekonomian eta gizartean dualtasuna nagusitzea, saihesten ari gara.

Hala eta guztiz ere, desazelerazio ekonomikoak eta Europako ekonomiaren egiturazko arazoek inoiz baino beharrezkoago egiten dute bai enpresek eta bai erakundeek kanpoko inguruneari arretaz begiratzea, ageriko baita euskal ekonomiak Europakoarekiko mendekotasun handia duela. Christian Ketels-ek, The Boston Consulting Groupeko ekonomia buruak, joera handiek Euskal Autonomia Erkidegoari nola eragingo dioten aztertu du bere hitzaldian eta lurraldeko enpresei gomendatu die egoeraren diagnostikoak egiteko eta, antolaketa egiturari dagokionez, erresilienteak izateko prestatzeko. Gainera, azpimarratu gaur inoiz baino garrantzitsua dela “enpresa eredua lurraldearekin lotuz lan egitea”.

Ketelsen hitzetatik abiatuta, ondorengo solasaldian parte hartu dute Iñigo Ansolak, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak; Mari Paz Robinak, Michelineko zuzendariak; Iñaki Garmendiak, Ega Masterreko zuzendari gerenteak; eta Josu Ugartek, Schneider Electriceko Industriako presidenteordeak.

Ketelsek egindako gomendioen ildotik, Josu Ugartek azpimarratu du bat egite eta eskuratzeen arriskuaz gainera, negozio eredu berriak, alegia, enpresaren balio proposamena diru bihurtzeko moduak, izango direla etorkizuneko erronka handienetako bat. Ugartek adierazi du jokaleku berrietarako prestatzeak eskatzen duela “gaitasun teknologiko korporatiboak garatzea, ekosistemaren bidez (zentro teknologikoak, bazkideak) eta enpresako arduradun gorenak zuzenean inplikatuz".

Digitalizazioa izan da, halaber, Mari Paz Robinaren hitzaldiaren argudio nagusia. Robinak nabarmendu du enpresek teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatu behar dituztela, produktuetan hobekuntzak egiteko ez ezik, baita negozio eredua optimizatzeko ere.

Iñaki Garmendiak, bestalde, azpimarratu du, nazioarteko ingurunearen ziurtasun ezaren aurrean, enpresek ausardiaz jokatu behar dutela, "helburuak zehaztu eta nork bere bidea egin".

Azkenik, Iñigo Ansolak EAEko energia sektoreak lurraldearen lehiakortasunari eta enpresen nazioartekotzeari egiten dien ekarpena azpimarratu nahi izan du. “Iberdrola eta Siemens-Gamesaren tankerako konglomeratu handien lidergoaz gainera, lurraldeko energia enpresen sarea osatzen duten balio kateko enpresa guztiek urteak daramatzate goi mailako produktuak eta zerbitzuak mundu osoan zehar eskaintzen". Hala, Ansolak azpimarratu du gakoa dela esparru horretan etorkizunak ekarriko dituen erronkei aurre egiteko elkarrekin lan egitea eta akordioak lortzea, sektoreko enpresek euskal ekonomiari beren ekarpena egiten jarraitzeko aukera izan dezaten.

Lehiakortasunari buruzko Behatokia

Biltzarrean, Lehiakortasunari buruzko Behatokia ere aurkeztu da. Behatokia Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko lantaldeak garatu duen plataforma da, edonoren eskura jartzeko lehiakortasunari lotutako adierazle nagusien azken datuak. Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendariak aurkeztu du tresna eta nabarmendu du gure lurraldearen gizarte eta ekonomia hobetzeko lan egiten duen ororentzat lagungarri izatea espero duela. Behatokiak datu iturri nagusietako informazioa eskuratu eta lantzen du, erabiltzaileari aukera emanez datuok denbora errealean neurtzeko eta beste eskualde eta herrialde batzuetakoekin alderatzeko.

Behatokiaren aurkezpenaren harira, Arangurenek Orkestrak lehiakortasuna hobetzeko egiten duen lana nabarmendu du: “ingurune aldakor honetan erabakiak hartzera iristeko, eragile bakoitzak, nork bere esparruan, lehiakortasunari buruzko diagnostiko egokiak egiteko behar dituen tresnak eskaintzeaz eta gaitasunak sortzen laguntzeaz gainera, gobernuei, enpresei eta beste eragile batzuei laguntzen diegu gure diagnostikoetan identifikatutako lehiakortasun erronkak lantzen”.

Erronka horiek, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko Txostenak jasotzen duen bezala, enplegagarritasunari, berrikuntzari, esportazioei eta hezkuntzari lotutakoak dira nagusiki, eta Orkestrako zuzendari nagusiak ekitaldiaren amaieran esan duen bezala, hurrengo urteetan lurraldeko eragile guztien artean landu beharko dira.

Informazio gehiago: www.orkestra.deusto.es

 

Iñigo Urkullu

Más información: www.orkestra.deusto.es
 

10/10/2018 - Presentación del informe de competitividad del País Vasco 2018