Deustuko Unibertsitateak Deustobarometro Sozialaren (DBSoc) 15. edizioko emaitzak aurkeztu ditu abenduaren 18an. Sei hilean behin egiten den inkesta horren arabera (euskal gizartean kezka gehien sortzen duten gaiei buruz herritarrek dituzten iritziak eta lehentasunak jasotzen ditu), koronabirusa da kezka nagusia (% 64), eta gora egin du aurreko udaberriarekin alderatuta (% 62). Ondorio ekonomikoak eta langabezia bigarren lekuan daude (% 38).
Herritarren arazo nagusien artean osasun arretarekiko ezinegona dago (% 31). Osakidetza da azken hilabeteetan gehien okertu den politika publikoa, garraio publikoarekin batera. Gainera, % 54k aitortu dute koronabirusak eragin negatiboa izan duela etxeko ekonomian, eta langabeen artean lana aurkitzeko itxaropenak azken krisi ekonomikotik izandako daturik txarrena dira. Soilik % 17k uste du litekeena dela datozen 6 hilabeteetan enplegua lortzea.
Gizartea gogaituta
Herritarren gogo-aldarteak okerrera egin du pandemiarekin. Gogaiturik sentitzen dira (% 74), eta kezka sentimendua (% 70), tristura (% 46) edo amorrua ere (% 45) areagotu egin dira azken 6 hilabeteetan. Herritarrek pandemiaren aurkako arauak eta gomendioak betetzen dituztela uste dute (8,5), baina ez dute hain ikuspegi positiborik gainerako herritarrei buruz (5,7).
Euskadin txertoa hartzeari dagokionez, eszeptizismo handia dago (% 40) epe laburrean hartzeko prestutasunari dagokionez, eta % 10ek dio ez dela inoiz txertatuko.
Gehienek (% 58) pandemiaren kudeaketaren ardura nagusia Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako gobernuak partekatzea babesten dute. Arduradun politikoak COVID-19aren aurkako neurriak eta gomendioak jakinarazteko moduari dagokionez, herritarren erdiek uste dute Eusko Jaurlaritza ez dela argia izaten ari.
Azken datu bat: herritar gehienek uste dute gezurrak direla nagusi maiz Euskadiko eztabaida politikoan.
Aurkezpena
Aurkezpenean, Maria Silvestre eta Braulio Gomez proiektuaren arduradunek hartu dute parte. Euskarazko aurkezpenaz Iratxe Aristegi ikertzailea arduratu dira.
2020ko neguko Deustobarometroaren aurkezpena.
Inkesta honen 15. edizioa eskuragarri dago webgune honetan: barometrosocial.deusto.es