Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko maiatzak 24Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateak 2020ko irailera atzeratuko du Medikuntzako Graduaren hasiera

Deustuko Unibertsitatearen lan planaren eta aurreikuspenaren arabera Medikuntzako Gradua 2019-2020 ikasturtean hastekoa bazen ere, ez da posible izango, ohar honetan azaltzen diren gorabeherak direla-eta onarpen prozesua uste baino gehiago luzatu delako.

Deustuko Medikuntzako Gradua: egitasmo beharrezkoa, berritzailea, sinesgarria eta sendoa

2019ko urtarrilaren 10ean argitaratu zen oharrean adierazi genuenez, UNIBASQ agentziak gure graduaz egindako txostenean ez zuen aldaketarik egiteko eskatu, baina bai zenbait punturi buruz informazio zabalagoa emateko.

Deustuko Unibertsitateak oso modu positiboan baloratu zuen UNIBASQeko Osasun Zientzietako Ebaluazio Batzordearen aurre txostenaren edukia. Txosten hark argi bermatzen zituen Deustuko Unibertsitateak aurkeztutako datuak (Deloitterekin batera prestatuak), Medikuntzako gradudun gehiagoren beharrizanaren justifikazio sozialari dagokionez (Deustuk 80 prestatu nahi ditu ikasturte bakoitzeko), baita gure ingurunean Medikuntzako beste fakultate bat sortu beharra justifikatzeari dagokionez ere. Bestalde, txostenak agerian jarri zuen metodologiaren berritasuna (AOI – Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza), aitzindaria Euskal Autonomia Erkidegoan. Metodologia hori munduko punta-puntako zenbait medikuntza fakultatetan erabiltzen da; oso fakultate gutxitan, ordea, Espainiako estatuan. Deustuk aurkeztu zuen ikasketa plana oso berria da eta bakarra zenbait kontutan. Agentziaren txostenak ez zion inongo eragozpenik jarri. Irakasleei dagokienez, UNIBASQen txostenean argi geratu zen Deustuk badituela behar adina kalitateko irakaslegaiak: “proposamenak irakaslanak egiteko hautagaien bilaketaren emaitzak aurkeztu ditu eta, haien CVetan oinarrituta, esan liteke hautagai horiek kontratatuz gero, beteko liratekeela Eusko Jaurlaritzak ezarritako eskakizunak”.

EAEko ospitale sare pribatu ia guztia Deustuko proiektuan

Praktikak egiteko ospitaleak izan dira auzigai. 2018ko ekainean Deustuko Unibertsitateak 11 ospitalerekin egindako hitzarmenen agiriak aurkeztu zituen. Ospitale horietako bostek graduondoko irakaskuntzarako akreditazioa dute, Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioaren Ospitaleen Katalogo Nazionalean ageri denez eta haiekin sinatutako hitzarmenetan jasota dagoenez. Gainerako zentroak oraindik ez daude akreditatuta baina, Unibertsitatearen iritziz, behar adinako kalitatea dute eta sinatutako hitzarmenetan behar diren akreditazioak lortzeko izapideak hasteko konpromiso esplizitua hartu zuten.

2019ko urtarrilean, UNIBASQen txostenak hauxe zioen: “hitzarmenak sinatu dira 11 ospitale eta osasun zentrorekin, baita ikerketa zentro batekin ere. Ospitaleek guztira 1000 ohe dituzte eta ikerketa zentroa, CICBioGune, ospe handikoa da”. Gainera, zentroei buruzko informazio gehiago eskatzen zion unibertsitateari “argi gera dadin behar diren baldintzak betetzen dituztela”. Deusturekin hitzartutako zentroek –haietako bost zentro akreditatuak dira– Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleko asistentzia pribatu ia guztia hartzen dute. Hortaz, DUk pentsatu zuen, behin zentro horien ezaugarriak ondo azalduta, ebaluazio batzordeak eskatutako moduan, batzorde horrek ez zuela zalantzarik izango gure Erkidegoko ospitale sare pribatuko asistentziaren kalitateaz (ospitale horietako asko, gainera, Osakidetzarekin hitzartuta baitaude).

2019ko apirilean eskatu zion Agentziak esplizituki lehenengoz DUri zentro horiek unibertsitatearekin itundu ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren ziurtapena edo baimena. Nahiz eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila berehala agertu prest ziurtapen horiek egiteko, ezarritako epeak direla eta ezinezkoa izan da garaiz iristea. UNIBASQ agentziaren eskakizun berriak errespetuz hartuta, horixe izan da, ez besterik, Deustuko Unibertsitatean Medikuntzako Graduaren ezarpena urtebete atzeratzeko arrazoia.

Dena zegoen prest 2019ko irailean hasteko

2018-2019 ikasturtean, Deustu Medikuntzako Graduaren lehen mailaren ezarpena prestatzen aritu da 2019-2020 ikasturtean hasteko asmoz.

Hona hemen horretarako DUk egindakoak:

•Jasotako 300 CV baino gehiagotatik, 29 irakasle hautatu ditu lehen mailako irakasgaien ardura hartzeko. Irakasle asko dira; izan ere, irakaskuntzaren parte bat AOI metodologiaren bidez eramango da aurrera hamar ikasleko taldeetan.

•DU harreman estuetan dago Gironako Unibertsitatearekin, prozesuaren tutorea denez gero, Deustuko irakasleak AOI metodologian prestatzeko. Prestakuntza hori hasita dago eta hainbat bilera eta bisitaldi egin dira hala Deustun nola Gironan.

•Hitzarmena sinatu du CIC bioGUNErekin eta CIC biomaGUNErekin klinika aurreko zenbait irakasgai emateko eta zentro berriaren ikerrestrategia planifikatzeko.

•Bilboko campuseko eraikin berri bateko 900 m2 esleitu dizkio Medikuntzako Graduari praktiketako laborategietarako eta zenbait gela aurrez aurreko irakaskuntzarako.

•Graduan interesa duten 700 ikaslegairen informazio eskaerak jaso ditu; hortaz, 80 plaza eskaintzeko asmoa dagoenez gero, oso gutxieneko nota altua aurreikusita egon da.

•Hitzarmenak sinatu ditu hamaika ospitalerekin ikasleek lehenengo mailatik murgiltze-praktikak egin ditzaten asteburuetan larrialdietako unitateetan.

•Harremanetan dago ekipamenduz hornitzen duen enpresa espainiar nagusiarekin gure campusean simulazio medikoko laborategia sortzeko.

•Nazioarteko hainbat fakultaterekin (jesuitekin eta bestelakoekin) jarri da harremanetan elkarlanean aritzeko irakaskuntzan, ikerketan, praktika klinikoetan eta garapenerako lankidetzan, “medical education” deritzon arloan.

Egindako horiek guztiek bermea ematen diote Deustuko Unibertsitateari gorengo kalitate estandarrekin ekiteko Medikuntzako Graduari 2019ko irailean. Graduaren ezarpena 2020ko irailera atzeratzeak aukera emango dio gehiago sakontzeko eta Graduaren potentzialitate guztiak mailarik gorenean izateko lehenengo minututik.